Harrobia ikastolako ikasleek berdintasuna sustatzeko euskarazko mahai-jokoa sortu dute

Bilboko Harrobia Ikastolako Lanbide Heziketako marketin eta publizitateko ikasleek ‘BerdinGO!’ jokoa sortu dute, euskaraz eta berdintasunaren alde. Joko inklusibo hau bere webgunetik deskarga daiteke.

NAIZ|2020/05/26
Berdingo!_azokan
BerdinGO! jokuaren salmentak dagoeneko izan dituzte ikasleek. (Harrobia Ikastola)

Bilboko Harrobia Ikastolako Lanbide Heziketako marketin eta publizitateko ikasleek ‘BerdinGO!’ izeneko euskarazko mahai-jokoa sortu eta merkaturatu dute. Mahai-jokoa 8 urtetik gorako umeei zuzenduta dago eta helburu nagusia genero berdintasuna sustatzea da. ‘BerdinGO!’ jokoaren sortzaileek txikienek jolasaren bitartez berdintasuna eta inklusibitatea bezalako gaiak barneratzea lortu nahi dute.

Hala nola, mahai-jokoa etxean zein eskolan jokatu daiteke eta gainera erabiltzaileek euskaraz gain ingelesa ere landu dezakete. ‘BerdinGO!’-ren webgunean jokoa doan deskargatzeko aukera dago. Horrez gain, jokoaren azalpena eta itxura Youtube kontuan ikus daiteke.

Iruditegi inklusiboan lanean

‘BerdinGO!’-k urtebete baino gehiagoko ibilibidea izan du mahai jokoaren lan prozesuan. Harrobiako marketineko ikasleek, ‘Design thinking’ metodologia erabiliz, erabilltzaileen beharrak aztertu dituzte; «nola jolasten dute umeek?» edo «zein ezaugarri dituzte gure mahai-jokoaren erabiltzaileek?» galderei modu sortzailean erantzuna emanez.

Gainera, nabarmendu dute ‘BerdinGO!’ errealitate bihurtu dutela diseinu grafikoko programa profesionalak erabiliz eta fase honetan, mahai jokoaren ikonografiari arreta handia prestatu diotela, ikonografia inklusiboa lortzea izan baita ikasleen erronketako bat.

Marina Azkarragak, Harrobia Ikastolako marketin ikasleak, aipatzen duenez, «umeentzako ikonografia eta iruditegi erabilterraza sortzeaz gain, irudi inklusiboak landu ditugu; genero, arraza eta itxura anitz irudikatuta daude ‘BerdinGO!’ mahai-jokoan».

Euskara digitalaren bidean

Harrobiako marketineko ikasleak ekintzaile bihurtu dira genero berdintasunean oinarritutako euskarazko mahai-joko hau aurrera eramaten eta dagoeneko lehenengo bezero eta salmentak izan dituzte.

«‘BerdinGO!’ ez da soilik mahai-joko bat, ‘BerdinGO!’ euskara, berdintasuna, gizartea, heziketa eta balioen irudia da. Etorkizun hobea eraiki nahi duen mahai-jokoa da», azaldu du Yaiza Garciak, Harrobiako marketineko ikasleak.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.