NAIZ

Emakumeen Saskibaloi Ligak Gernikako Julie Wojta lehiaketako hegaleko onena izendatu du

Emakumeen Ligako entrenatzaile, kapitain eta Espainiako Federazioaren adituek eta zaleek emandako bozeei esker saritu dute Gernikako jokalari estatubatuarra. Batez beste 12,8 puntu, 5,2 errebote eta 2 asistentzia lortu ditu.

Europan eta Emakumeen Ligan, Julie Wojtak lan bikaina egin du aurten. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Europan eta Emakumeen Ligan, Julie Wojtak lan bikaina egin du aurten. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Emakumeen Endesa Ligak 2019/2020 denboraldiko hegaleko onena hautatu du eta garaikurra Lointek Gernika Bizkaia taldeko Julie Wojtarentzat izan da.

Esan behar sari hau alde batetik zaleen botuen bidez eta horrez gain, Ligako entrenatzaile, kapitain eta Espainiako Federazioko –FEB– adituen artean erabakitzen dela. Jokalari estatubatuarra Zamarateko Brittany McPheeri eta Ciudad de La Laguna Tenerifeko Lyndra Weaverri gailendu zaio azken bozketan.

Emakumeen saskibaloi denboraldia bertan behera geratu aurretik, batez beste 12,8 puntu, 5,2 errebote eta lortu ditu talde bizkaitarreko hegalekoak, partida bakoitzeko ia 28 minutu jokatuz.

31 urterekin Julie Wojta Mario Lopezen taldeak Emakumeen Ligan eskuratutako hirugarren postu historiko horren arduradun nagusietako bat izan da. Hegaleko eso hegal-pibot jokatzeko kapaz izanik, hainbat alorretan lagundu dio talde gernikarrari, eta bereziki Nikolina Milicekin lortutako kimika on horrek pasarte bikainak laga ditu partida ia guztietan zehar.

Esker oneko azaldu da Wojta bera ere Gernika Bizkaiaren webgunean eginiko adierazpenetan. «Lehenengo eta behin nigaitik bozkatu duten denei eskerrak eman nahiko nizkieke eta nola ez, Lointek Gernika Bizkaiari, hainbesteko etorkizuna duen talde baten parte izateagatik.

Urte osoan zehar lagun multzo bikaina izan gara eta gure intentsitateari esker, oso talde sendo bat osatu dugu».

Egindako lanaz gustura geratu arren, sasoia behar baino arinago amaitu izanaren pena ere hortxe igarri zaio hegalekoari.

«Denboraldi bikaina izan da, nahiz eta ezin izan dugun guk nahi genuen bezala bukatu. Hala ere, Emakumeen  Ligan egindako urte hau esperientzia bikaina izan da niretzat. Maila altuko saskibaloia ezagutu dut, baita pertsona zoragarriak ere, eta bidaia guzti honetan ingurumen ezinhobeaz gozatu ere egin dut. Denboraldi ederra izan da, asko gozatu dut eta eskerrak eman nahi dizkiot hain sasoi berezia osatzen lagundu didaten guztiei», adierazi du.

Nikolina Milic, Salamancara bidean

Nikolina Milic pibota izan da Lointek Gernika Bizkaiak pasa berri den denboraldian dizdira gehien egin duen beste izarretako bat. Zoritxarrez, serbiarrak ez du Gernikan jarraituko, Salamancako Perfumerias Avenida taldean izango baita, Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarraren aginduetara.

Duelako 26 urte Bosniako hegoaldean, Trebinje hirian jaioagatik, Serbiako selekzioak lekua egin du Nikolina Milicek Gernikan egindako lan bikainari esker; izan ere, Emakumeen Ligan 14 puntu eta 7 errebote eskuratu ditu batez beste, eta Eurocupean, berriz, 16 puntu eta 6 errebote.

Uztaipean oso bertute bikainak ditu 1,90 metroko pibotak, «eskola zaharreko» mugimendu apartak erakutsi ditu batez ere, eta aurkariek egindako laguntza defentsak ere baliatu ditu kanpoaldeko jokalariek bakarrik jaurti ahal izateko paseak emanez.

Bereziki, Julie Wojtarekin bikain konpondu da 2019/2020 denboraldian zehar.

Ioseba Redondo, beste urtebetez Araskin

RPK Araskiri dagokionez, Madelen Urieta entrenatzaileari urtebete luzatu zion kontratua taldeak joan den asteartean. Ostegun hontan, berriz, Urietaren laguntzaile den Ioseba Redondori ere beste horrenbeste egin dio. 

Ekainaren 14an 36 urte egingo ditu Redondok eta Araskira 2010ean iritsi zen. Orduz geroztik, Madelen Urietaren itzalean hazitako entrenatzailea da, berari baitagozkio Araskiren eta aurkarien «scouting» lanak egitea, eta horrez gain Araskiren harrobiko lana ere koordinatzen du.