Angel Landa, lehen lerroko euskal alpinista gogoetatsua zendu da

85 urteko bizkaitarrak 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan goi mailako makina bat jarduera alpinistiko egin zituen. Euskal espedizioetan arduradun teknikoa izan zen.

ANDONI ARABAOLAZA|2020/06/03
Landa
Landa eta Udaondo Picu Urrielluren tontorrean lehen neguko igoera egin eta gero (Pedro UDAONDO)

Walter Bonatti alpinista historikoaren “Montañas de una vida” liburua irakurtzen duen ororentzat, alpinismoaren oinarrian (eta sakonean) dauden balorea eta etika barneratzeko baliagarria izan da. Ezinbestekoa askorentzat. Angel Landak goitik behera irakurri zuen Bonattiren “manifestu” hori, eta, irakurtzeaz gain, azterketa sakona egin zuen: «Mendizaletasuna zer den eta alpinista hitzak zer esan nahi duen ulertu ahal izateko Bonattik idatzitako lerro horietan murgildu behar da».

Sestaon jaio zen, baina 85 urterekin, atzo, Erandion zendu zen. Oso gaztetatik argi utzi zuen gaitasun itzela zuela horma bertikaletan eskalatzeko, eta, horri esker, lehen lerroko jarduera alpinistiko asko egiteko aukera izan zuen. Atxarten hasi, Europako Mendietatik igaro, Pirinioak ahantzi gabe eta Andeak zein Himalaia erraldoiak ere bisitatu zituen.

Bonatti aipatu dugu. Baina Cassin, Terray… horiek guztiek euskal alpinista historiko hau "bidean" jarri zuten. Eskalatzea helburu zuen, ahalik eta gogorren, baina balore batzuekin: «Gure belaunaldia alpinista historiko horien jokamoldeari esker alpinista egin zen. Etika eta zintzotasuna, horixe zen haien filosofia, eta guk bide hori jarraitu genuen. Mendia ederra zein handia da, baina, era berean, konpromisoan eta eskuzabaltasunean oinarritzen dira».

Landa 50eko hamarkadan “izena” hartzen hasi zen. Pedro Udaondorekin (2007. urtean hil zen) soka gerrira maiz lotu zen, eta, zalantzarik gabe, garai haietan sokada horrek lortu zuen arrakastari azpimarra jarri behar zaio. Asko dira, bai, bi eskalatzaile zein alpinista horiek zabaldu zituzten bideak. Asko dira ere, egin zituzten lehen errepikapen bikainak. Edo neguko errepikapenak. Baina horien guztien artean batek “hamar izar” jasotzen ditu: 1956. urtean Picu Urrielluren lehen neguko igoerak. “Regil” bidea eskalatu zuten.

Andeak eta «Tximist»

50eko hamarraldia zen, eta Udaondok eta Landak osatutako sokadak garai zehatz bat markatu zuen. Ezin dugu ahantzi nahi atzo zendu zen alpinistak Jose Maria Regilekin ere jarduera handiak sinatu zituela. Besteak beste, egun sona handia duten marra klasiko batzuk sortu zituzten: “Canal del Pájaro Negro” (Torre Santa), Horcados Rojos-en hego aurpegia edo Torre Santaren hego aurpegian eginiko lehen neguko igoera.

Landak eta enparauek asko maite zituzten Europako Mendiak, baina Pirinioetan ere ez ziren kamuts geratu: Tailloneko ipar hormaren neguko lehen igoera, Cilindro de Marboreren ipar-mendebaldeko aurpegia…

Atxarte “harrobia” izan zuen, baina Europako Mendiek zein Pirinioek eskermentua eman zioten jauzi kualitatibo bat emateko. Alpeei buruz ari gatzaizkizue. Berriro ere Bonattik horren guztiaren errua izan zuen. Eta 60ko hamarkadan, berriro ere Udaondorekin, Euskal Herrian zein espainiar Estatuan oihartzun handia izan zuten bi eskalada egin zituen: Druren “Bonatti zutoina” eta Capuccin-en eki horma. Gure ingurumari honetako alpinistek egin zituzten lehen igoerak izan ziren. Angel Vallejorekin, berriz, Mont Blanc du Tacule-eko Gervasutti korridorea neguan eskalatu zuen.

Alpinista historiko bizkaitarra beste ardura batzuk hartzeko prest egon zen. Euskal Mendizale Federazioan formakuntza lanetan jarduteaz gain, bi euskal espediziotan zuzendari tekniko izan zen. Lehena, 1967. urtean Andeetako Mendilerro Zurira egin zena. Espedizio hartan, besteak beste, Atunrraju (5.987 m) eta Uchurraju (5.600 m) igo zituzten. Zazpi urte beranduago, euskal mendizaletasunaren historian garrantzia handia izan zuen “Tximist” espedizioa zuzendu zuen. Hots, euskal mendizaleek Everestera egin zuten lehen espedizioa.

Amaitzeko, gogoratu behar dugu Landak erreskate lanetan ere hartu zuela parte. Egun ez bezala, garai haietan ez zegoen izaera horretako talderik, eta, beraz, alpinistek lan handia egin zuten gertatutako hainbat eta hainbat mendi istriputan. Horietako bat 1969. urtean izan zen, Patxi Berriok eta Ramon Ortizek Picu Urrielluren ipar-mendebaldeko paretan izan zutenekoa. Regil anaiekin batera, berriz, Rabada eta Navarro Eiger-eko ipar hormatik ateratzen saiatu zen.

 

ARGAZKI GALERIA
Gaizka PEÑAFIEL | FOKU


Mungiako laukoteak NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua erre zuen ostirala gauean. Sanagustin Kulturunea, eliza zaharra musikari emana. Rock-ak: 1 - Jainkoak: 0. Ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon zen; hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztuta.