NAIZ

385.000 hildako eta 6,5 milioi kutsatu baino gehiago utzi ditu jada covid-19ak mundu osoan

Koronabirusaren pandemiak 386.000 hildako eta 6,5 milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu mundu osoan, Johns Hopkins unibertsitatearen azken balantzearen arabera.

Emakume bat, oxigeno bonbona batekin, Limako ospitale batean, Perun. (Ernesto BENAVIDES/AFP)
Emakume bat, oxigeno bonbona batekin, Limako ospitale batean, Perun. (Ernesto BENAVIDES/AFP)

Ostegun goiz honetako 9.30ean eguneratutako datuen arabera, koronabirusaren balantze globala 6,5 milioi kasukoa da eta gaitzaren ondorioz hildakoak, aldiz, 386.091 dira, 188 herrialde eta lurraldetan.

Gaitza gainditzea lortu duten pertsonak 2,8 milioi baino gehiago dira. Sendatutako pertsona gehien dituzten herrialdeen zerrendan, AEBak daude lehen postuan, 479.258rekin. Atzetik ditu Brasil (238.617) eta Errusia (195.559).

Sendatutako pertsona gehien dituen herrialdea izateaz gain, koronabirusak kaltuena ere badira AEBak. Azken 24 orduetan, 19.700 kasu berri antzeman dituzte; beraz, 1,8 milioi estatubatuar daude birusak kutsatuta eta covid-19a zuten 107.715 lagun zendu dira.

Brasilek bigarren postuan jarraitzen du eta, azken 24 orduetan 28.600 positibo berri erregistratuta, 584.016 kasu ditu guztira. Hildakoak 32.548 dira Brasilen.

Ondoren kokatzen da Errusia, 431.715 positibo eta 5.208 hildakorekin. 180.000 pertsona baino gehiago kutsatuta dituzten herrialde guztien artean hildako kopururik baxuena du Errusiak.

Laugarren postuan, Erresuma Batuak 281.270 kasu eta 39.811 hildako zenbatu ditu. Atzetik, espainiar Estatua dago, 240.326 positibo eta 27.128 hildakorekin. Italian, 233.836 pertsona kutsatu ditu koronabirus berriak eta 33.601 dira gaitzarekin zendu direnak.

Pandemiak gehien kaltetutako herrialdeen artean zazpigarrena izaten jarraitzen du Indiak, 217.187 positibo eta 6.088 hildako zenbatuta. Azken 24 orduetan, 9.600 kasu berri antzeman dituzte, orain arte egun bakar batean herrialde horretan detektatutako kasu kopururik altuena.

Estatu frantsesean, 188.802 kutsatu eta 29.024 hildako izan dira, eta Alemanian, aldiz, 184.121 kasu eta 8.602 hildako).

Peruk hamargarren postuan jarraitzen du eta 8.900 kasu zenbatu ditu azken 24 orduetan, eguneko balantzean errekorra gaindituz, 178.914 kasu eta 4.894 hildako erregistratuta. Turkian, 166.422 pertsona daude kutsatuta eta 4.609 dira hildakoak.

100.000 kutsatutik gora dituzten herrialdeen artean daude Iran (160.696 kasu eta 8.012 hildako), Txile (113.628 pertsona koronabirusarekin eta 1.275 hildakorekin) eta Mexiko ere (101.238 pertsona kutsatu eta 11.729 hildako).

100.000 positibotik behera daude Kanada (94.641 kasu eta 7.579 hildako), Saudi Arabia (91.182 eta 579), Pakistan (85.264 pertsona eta 1.770 hildako) eta Txina (84.160 kutsatu eta 4.638 hildako).

Ondoren kokatzen dira Qatar (60.160 kasu eta 45 hildako), Belgika (58.685 eta 9.522) eta Bangladesh (55.140 positibo eta 746 hildako).

40.000 positibo baino gehiago dituzte Herbehereek, Bielorrusiak, Ekuadorrek eta Suediak; Hegoafrikak, Singapurrek, Arabiar Emirerri Batuek, Kolonbiak, Portugalek eta Suitzak, berriz, 30.000 baino gehiago.

Bestalde, Kuwait, Indonesia, Egipto, Ukraina, Irlanda eta Polonia 20.000 positiboetatik gora daude; 10.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte honakoek: Filipinak, Errumania, Argentina, Dominikar Errepublika, Afganistan, Israel, Japonia, Austria, Panama, Oman, Bahrain, Kazakhstan, Danimarka, Bolivia, Hego Korea, Serbia, Bolivia, Nigeria eta Armenia.

Aljeriak eta Txekiar Errepublikak 9.000 kasu baino gehiago dituzte, eta Moldaviak, Ghanak, Norvegiak eta Irakek, 8.000 positibo baino gehiago. Ondoren, Malaysiak, Marokok eta Australiak 7.000 kasuen langa gainditu dute, eta Finlandiak, Kamerunek eta Azerbaijanek, 6.000 baino gehiago dituzte. Honduras, Guatemala eta Sudan agertzen dira zerrendaren azken postuetan.