Gasteizko Jazzaldiaren aurtengo edizioa bertan behera utzi dute

Aurtengo edizioa moldatzeko hainbat ahalegin egin dituzte baina hilabete bat gelditzen da hasiera data iristeko eta oraindik ez dute bermerik antolatutako proiektu bakar bat ere aurrera atera ahal izateko. Hori horrela, erabaki dute 2021. urtera begira jartzea eta aurtengo edizioa ez ospatzea.

Naiz|2020/06/05
Omara
Omara Portuondo iazko Gasteizko Jazzaldian. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Urte hasieran Gasteizko Jazzaldiko aurtengo edizioaren egitaraua osatuta bazuten ere, egoera okertu zen eta azkenean ospatuko zen edo ez zalantzan zegoen. Antolatzaileek ahal izan duten guztia egin duten arren, azkenean bertan behera uztea erabaki dute.

«Lehen emanaldiak iragartzen hasi ginenean, eta gure sarrerak salgai jartzeko egun gutxi falta zirenean, Gasteizek eta munduak historiako unerik zailenetako bati aurre egin behar izan zioten», azaldu dute.

«Segurtasuna eta osasuna» beste ezeren gainetik daudela uste dute eta horregatik ahaleginak egin zituzten jaialdia moldatzeko: «ahal genuen guztia egin genuen tronpeta soloek gauerdiko klubean jotzen jarrai zezaten, Mendizorrotza bost egunez jazzaren epizentroa izateko, Principal Antzokia toki berritzaileena bihurtzeko eta Gasteizko goizek, arratsaldeek, egunsentiek, kaleek, aireak, usainek, erdialdeak edo auzoek jazz doinuekin jantzita jarraitzeko».

Alternatiba bat bilatzen saiatu ziren ondoren. Alegia, lau zatitan banatu zuten jaialdia eta inoiz baino irekiagoa egiten saiatu ziren, streaming bidez hiritar guztiei zabaltzeko asmoz. Baina hilabete baino gutxiago falta da jaialdia hasteko eta oraindik ezin dute proiektu bakar bat ere bermatu.

«Gasteizko Jazzaldia ez da enpresa bat, irabazi asmorik gabeko kultura-elkarte bat da, eta gure hirian musika entzutea du helburu bakarra. Egitura txikia da, boluntarioz osatua, eta ez dugu ukatuko, beste asko bezala, egungo testuinguruak egoera zailean jarri du Jazzaldia. 44. ediziorantz korrika egin ahal izateko, aukera bakarra bultzada hartu eta 2021ean pentsatzea zen. Dagoeneko lantzen ari garen edizio bat», esan dute hartutako erabakia ezagutzera emanez.

Amaitzeko, babesa eman dieten pertsona eta entitate guztiei, publiko zein pribatuei, eskerrak helarazi nahi izan diete, baita «Gasteiz hiriari eta herrialde osoari».

 

NAIZ KONTZERTUAK
TAOM / FOKU
Loading player...


NAIZ Kontzertuak ekimenaren bosgarren kontzertua eman zuen ETS taldeak pasa den ostiralean Bilboko Santana 27 aretoan.