Naiz

Euskal Herria Baik ez du boto aholkurik emanen Baionan bigarren itzuliari begira

Euskal Herria Baiko militanteek eremu ezkertiar, aberzale eta ekologista gainditzen duten hauteskunde dinamika zabalak sostengatzen dituztela oroitarazi ondoren, berretsi dute Lapurdiko hiriburuaren kasuan ez dutela boto agindurik emanen igandeko bozketarako.

Herritarrak botoa emateko lerroa egiten herriko bozen lehen itzulian, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)
Herritarrak botoa emateko lerroa egiten herriko bozen lehen itzulian, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Lehenik eta behin, aurreneko itzulian babesten zituen zerrendek lorturiko emaitzak goraipatu ditu Euskal Herria Baik, Hiriburu, Aiherra eta Baigorri herrietan lorturiko garaipenak nabarmenduz.

Agintaldi berrian lanean jarraituko duten beste hainbat herritako zerrendakideak zoriondu ditu ondoren, zehazki Donibane Lohizune, Hazparne, Bidarte, Kanbo, Sara, Ahetze, Larresoro eta Donibane Garaziko herriko kontseiluetan jardungo duten zinegotzien engaiamendua nabarmenduz.

«Aitzina eraman dituzten kanpaina eredugarriek biharko garaipenak prestatzen dituzte, zalantzarik gabe», adierazi du bere agirian Euskal Herria Baik.

Donapaleuko kasua ere izan du aipagai. Herri horretan Barthélémy Aguerreren
hautagaitzari buru egiteko xedez abertzaleek Charles Massondoren hautagaitza babestu zuten.

«Azken honen garaipenak, Euskal Herriaren etsai handienetarikoa den hautagaitza
kanporatzea ahalbidetu du eta horrek pozten gaitu», ondorioztatu du EH Baik.

Horrez gain, lehen itzulian sustengatu zituen hainbat zerrenda heldu den igandean izanen den bigarren itzulian presente izanen direla oroiarazi du. Horietako batzuk garaipenerako bidean daudela uste du EH Baik.

Hartara Urruña Elgarrekin, Uztaritze Bai, Ziburu Bizi, Azkaine Bai, Itsasu HerriAri eta Aitzina Maule zerrendak sostengatzera deitu du.

Beste zerrenda batzuek, ordea, aliantzak egin dituzte bigarren itzuliari begira. EH Baik Senperen, Hendaian eta Biarritzen eginiko akordioak sostengatzen dituela nabarmendu du gaur goizean plazaratu duen agirian.

Finean, Lapurdiko hiriburuan Henri Echetorekin aliantza egitea errefusatu zuela Baiona Berdea eta Elkarkidea hautagaitzak oroitarazi ondoren, bigarren itzuliari begira boto agindurik ez duela emanen iragarri du EH Baik.

Baionan lehen itzulian aise irabazi zuen jarduneko auzapez den Jean-René Etchegarayk, baina Etchetok zerrenda sozialista disidente batekin akordioa egin du bere aukerak hobetzeko. Abertzaleek bi hautagaien artean eginen duten hautua erabakigarria izan daiteke.