Realak eta Macron marka italiarrak bien arteko kontratua berritu dute 2026. urtera arte

Talde donostiarrak eta Macron marka italiarrak beste bost denboraldirako luzatu dute bien arteko akordioa, eta 2026ra arte jarraituko dute elkarrekin, 2018/2019 denboraldian hasitako aliantza indartuz.

NAIZ|2020/07/08
Elustondoreal
Aritz Elustondo, Macron markako kamisetarekin gaurko prentsaurrekoan. (REAL SOCIEDAD)

«Realaren eta Macronen arteko harremanari eta akordio berri honi esker, epe luzerako plangintza egin ahal izango dugu eta taldearentzat eta zaleentzat beste produktu berri batzuk garatzea posiblea izango da. Klubeko eta Euskal Herriko kide izatearen sentimendua oso handia da Realeko zaleen artean», nabarmendu du Gianluca Pavanello Macronen arduradunak.

Bestalde, Jokin Aperribay Realeko presidentea ere oso baikor agertu da akordioa sinatu eta gero: «Oso pozik gaude akordioa luzatu ahal izan dugulako. Bi urte daramatzagu Macronekin eta harremana oso ona izan da orain arte. Macronek Realaren filosofia ulertu du eta gure nortasuna errespetatzen daki. Oso ona izan zen haiekin harremanetan hastea, eta pozgarria da guretzat elkarrekin lan egiten jarraitzea. Kalitatezko jantziak ematen dizkigute, diseinuak alde batera utzi gabe».

Elustondo: «Egia da nekatuta gaudela»

Kirol arloari dagokionez, Aritz Elustondo izan da gaur protagonista Zubietako prentsa aretoan. Atzelariak onartu du jokalari tuxi-urdinak «nekatuta» daudela. «Minutuak pasa ahala, taldeak ez du freskura berdina eta gero partidaren bila joan beharreko minutu horiek ez ditugu bilatzen. Egia da nekatuta gaudela, baina ez dut uste aitzaki bezala jarri behar dugunik. Saiatu behar dugu edonola partidaren bila joaten, baina gauza dezente ari dira gertatzen. Atseden gutxiago ari gara edukitzen, zaila da eta horrela zaila da», adierazi du.

Alde horretatik, onatu du baita ere taldeen atseden epeak ez direla berdinak. «Ez zaigu ondo iruditzen beste taldeek gu baino atseden gehiago edukitzea, baina ezin dugu hori aitzaki bezala hartu», azpimarratu du jokalariak.

Beasaindarra azkarrena izan zen azken jardunaldian, baina Realak jaso zuen golan ezin izan zuen aurrelaria gelditu. «Pozgarria ez da. Egia da datu bat dela, baina ez du ezertarako balio gero golean bukatu bazuen jokaldi horrek. Irudiak ikusi ditut, baloia jotzen duen momentuan buelta ematen dut, saiatzen naiz iristen, baina bera ni baino azkarragoa izan zen eta ez dago besterik. Hurrengoan hobeto orientatuagoa egon beharko dut. Asumitzen dut huts egin niola taldeari, baina hurrengo partidan pentsatzen nago jada», onartu du Elustondok.

Realaren helburua, denboraldiaren hasiera-hasieratik Europako postuetan amaitzea izan da, eta hala izaten jarraitzen du. «Hori da helburua. Gu hortan mentalizatuta gaude, gure esku dago, ostiralean partida polita dugu aurrean eta gainontzekoak ere politak dira», adierazi zu.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Liher taldeak Donostiako Doka Kafe Antzokian emandako kontzertuaren unerik onenak.