Kronika
NAIZ Kontzertuak
Belako, lau gazte hunkituta Sanagustin Kulturguneren oholtzaren gainean

NAIZ Kontzertuak ekimenak bere bidea egiten jarraitzen du. Lehenengo bost ataleko denboraldi osatu baten ostean ostiral gauean bigarren denboraldiari hasiera eman diogu Belako talde mungiarraren eskutik. Laukote gazteak, gure talde internazionalenetako batek, errepertorio sendoa eskaini du, eta bere klasikoak eta abuztuaren amaieran kaleratuko duten ‘Plastic Drama’ disko berriaren konposizioak uztartu ditu.

Izkander Fernandez|AZPEITIA|2020/07/10
Belako
Belakoren kontzertua Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Eta hemen gaude, ostiralero bezala. Zuzeneko musikaren zain. Hamarrak iristeko zain. Erlojuaren zain, gero kurtsore zalantzagarritik sortzen diren hitzen bidez, erlojuaren eta denboraren aurka borrokatzeko. Prest. Besteen aukera, gaitasun eta jarrera artistikoak azaltzen dituzten koordenatuak, mapa eta argibide-liburuak idazten saiatzeko. Berdin dio argibide-liburu horiek norbaitek eskatzen dituen ala ez. Arte hau bidaiatzen dudan garraioa baino zaharragoa da eta ez dago nire esku gehiegi aldatzea.

NAIZ Kontzertuak ekimenaren seigarren gaua arazo tekniko informatikoen eta unean uneko urduritasunaren artean abiatu da. Nabigatzaile honekin ez, beste honekin bai. Kontzertuaren hamar minutu zakarrontzira. Sanagustin Kulturguneko lehen planoa. Agertoki ikaragarria. Erraldoia. Bere oinetan, Belako, udaberrian disko berria estreinatzeko asmoa zuen indie rock bizkaitarraren makineria koipeztatua. Baina dakigun moduan, birusaren erruz abuztuaren amaierara atzeratu behar izan du ‘Plastic Drama’ diskoaren estreinaldia.

Eszenaratzea ezaguna da. Alboetan Josu eta Lore Billelabeitia anai-arrebak. Lander Zalakain, atal erritmiko neketsuaren buru. Aurrean, Cris Lizarraga. Ahotsetara. «Eliza gehiago kontzertu eta arte areto bihurtu beharko lirateke», dio Crisek kontzertuko lehen konpasetan, gaur bertan estreinatu duten ‘Truth’ kanta aurkeztu aurretik. Beste abesti berri baten aurretik, ‘All nerve’, Cris berriro publikoarengana zuzendu da: «Aurten hil dituzten emakume guztiei eskaini nahi diegu abesti hau. Baita genero-izaeragatik kontuan hartu ez diren pertsona guztiei ere».

Azken urteetan, gure eszenan gehien esportatu den proposamenetako bat da Belako. ‘Eurie’ izeneko tramankulu aipagarri baten eskutik jaio ziren. Aspaldiko hamarkadetako indie rock trinko eta ilun batetik abiatu zen Mungian sortutako laukote gazteak. Hurrengo emanaldiekin, ordea, formazioa soinu gaurkotuago eta pertsonalago baterantz biratu zen. Hizkuntz propio aberats eta zabal baterantz. ‘Hamen’ eta ‘Render Me Numb, Trivial Violence’ bezalako diskoak barreneko mundu hori plazaratzeko ibilgailu perfektuak izan ziren eta horrela, planeta guztietako festibaletan aritzea lortu dute.

Gaurkoan, euren ibilbide labur baina sakonean sortutako klasiko eta kaleratzear dauden abestientzako lekua egon da. Hori bai, kanta zaharrak edo ezagunak soineko berriekin aurkeztu dituzte Mungiakoek. Batzuetan dubstep eta reggae soinuekin jokatu dute eta beste batzuetan, abiadurarekin eta gitarra zatarrekin.

Horrela heldu dira ‘Hegodun baleak’, ‘Track sei’ eta ‘Truce’. «Kontzertu gutxi daudenez, dauden apurrak aprobetxatu behar dira», esan du Crisek talde guztiak Sanagustin Kulturgunera hurbildutako publikoari ‘Tie Me Up’ kantarekin dantzatzeko eskatu aurretik.

‘Sea Of Confusion’ abestia aukeratu dute gaurko kontzertuari amaiera emateko, baina taldea agertokian agertu da berriro NAIZ Kontzertuak ekimenean etxetik bizi izan dugun lehenengo bisa ikusteko aukera emanez. «Ni bisekin ez nago ados, baina rockak hala eskatzen badu, onartu egiten da. Hori bai, gaur, Rockak: 1 – Jainkoak: 0. Esan behar genuen», azpimarratu du Cris Lizarragak barrez. Jarraian, abeslariak ‘Over The Edge’ eskaini die indarkeria matxistaren biktima guztiei. ‘The Craft’ abestiak punk doinuak eta abiadura ekarri ditu Sanagustineko oholtzara, orain bai, gauari amaiera ipintzeko.

Badoa gure seigarren gaua eta laukote gazte eta apurtzaile baten musikarekin doa. Hurrengo astean Esne Beltza ikusteko aukera izango dugu Bermeoko Kafe Antzokitik. Gure musikaren inguruko komunitatea jorratzeko zazpigarren kapitulua aste baten bueltan.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.