Iñaki ALTUNA

Ermua eta Navaridas salbuespen; gainerako herri guztietan EH Bildu edo EAJ garaile

Ermuan PSEk eta Navaridas herri txikian PP+Cs koalizioak irabazi dituzte igande honetako hauteskundeak. Beste herri guztietan, EAJ edo EH Bildu izan dira lehen indarra.

Bi indar politiko izan dira nagusi hauteskunde hauetan, EH Bildu eta EAJ, eta horrek ere isla izan du herrietan. Bata edo bestea izan da lehen indarra kasik herri guztietan, beharbada, inoiz baino nabarmenago. Beste alderdiek ez diete ezta haien feudo historikoei ere eutsi. Adibidez, nork esan behar zuen Lasarte-Orian PSEk nagusitasuna galduko zuela eta EH Bildu izango zela lehen indarra?

Bi salbuespen besterik ez: Ermua eta Navaridas. Lehenengoan PSEk irabazi du, eta bestean, PP+Ciudadanos koalizioak. Eskasa kontsolamendua, benetan.

Deigarria izan daiteke Ermuko kasua, azken batean, herri hori Zaldibarretik hurbil baitago, eta Zaldibarreko krisiaren kudeaketak zigortu egin baititu Gobernuko alderdiak. EAJk lehen postua galdu du zabortegia kokatuta dagoen herri horretan. PSEri dagokionez, Eibarreko kasua aipagarria da, hor boz kopuruan ez ezik, boz portzentajean ere behera egin baitu PSEk. Oro har, izandako abstentzio izugarria dela-eta, boz portzentajean zertxobait igo da PSE EAEn. Ermuan zertxobait gehiago.

Arabako Navaridasen PP+Ciudadanos koalizioak irabazi du, nahiz eta indar batuketa horrek porrot izugarria jaso duen hauteskunde hauetan. Navaridasen 2016an EAJ izan zen nagusi. Herri txikia da. 86 herritarrek bozkatu dute igande honetan.

EAJk eta EH Bilduk irabazi dituzte bozak, beraz, beste herri guztietan, baina hemen ere beste joera bat ikusi da, izan ere, EH Bilduk 2016an EAJ nagusi zen hainbat herri berreskuratu ditu. Arrasate da horren adibide. Zer esanik ez Ordizia, pandemiak protagonista bilakatu duen herria. EH Bilduk gorakada handia izan du, EAJren kaltetan.