Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika Zikloa San Telmo Museoan ospatuko da aurten

Donostiako Musika Hamabostaldia hastear da eta jada iragarri dituzte Antzinako Musika Zikloko zein Organo Zikloko xehetasunak. Lehenengoari dagokionez, San Telmo Museoa izango du egoitza. Bigarrenak, berriz, Gipuzkoako herri desberdinetatik ibiliko da.

Naiz|2020/07/30
Klaustroa
Antzinako Zikloko kontzertu batzuk San Telmo Museoko klaustroan izango dira. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Donostiako Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika Zikloa 1991tik geroztik ospatzen da. Aurten ere bere horretan mantenduko dute, nahiz eta osasun egoerak moldaketa batzuk egitera behartu duen. Hala, normalean Santa Teresa Komentuan ospatu den arren, aurten San Telmo Museoko klaustrora eta elizara mugituko dute.

Lau kontzertu programatu dituzte abuztuaren 2, 3, 4 eta 9rako, 20.30etan. Bertan, Estatu espainiarreko zein Europako antzinako musika talde eta bakarlariak arituko dira. Aurtengo edizioan euskal interpreteek presentzia nabarmena izango dute.

Abuztuaren 2an Euskal Barrokensemblek zikloa inauguratuko du, eta hurrengo egunean Carlos Mena kontratenorra buru duen Santa Maria Kaperan arituko da. Abuztuaren 4an La Ritirata taldeak Antonio Caldara biolontxelista veneziarra omenduko du eta azken kontzertua Leon de Oro talde asturiarraren kontu izango da.

Organo zikloa, 2tik 9ra

Bestalde, Organo Zikloa ere abuztuaren 2tik 9ra ospatuko bada ere, Donostiaz gain Gipuzkoako beste herri batzuetara iritsiko da: Usurbil, Azpeitia, Zumaia, Tolosa, Azkoitia eta Deba. Kontzertu guztiak doakoak izango dira, baina gonbidapena jasotzea ezinbestekoa izango da aforoa kontrolatu ahal izateko.

Guztira, 13 kontzertu eskainiko dituzte organista ezagunek. Esate baterako, ziklo honetan arituko dira Juan de la Rubia, Oscar Candendo, Loreto Fernandez Imaz, Alize Mendizabal, Ana Belen Garcia eta Loreto Aramendi. Kontzertu batzuk organo soileko emanaldiak izango diren arren, beste batzuetan instrumentu anitzek edota abeslariek hartuko dute parte.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.