Donostiarra, aurrenekoz Emakumeen Euskadiko Traineru Txapelketan garaile

Poparian lan aparta egin ostean, Oriori aurre hartzea lortu du Lekeition. Brontzezko dominaz, Covid-19a dela eta zortzi egun geldirik egon behar izan duen Arraun Lagunak sailkatu da.

Arnaitz Gorriti|2020/07/31
Donostiarra
Donostiarrako arraunlariak, pozarren beren aurreneko Euskadiko Traineru Txapelketa patrikan dutela. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Orio zen faborito Emakumeen Euskadiko Traineru Txapelketa irabazteko, baina ezin izan du berretsi ere Leketioko uretan, Donostiarrak bigarren luze apartekoa egin ondoren irabazi egin baitio. Mirotzak, Euskotren Ligan egiten ari diren legez, nagusi izan dira traineru biak, baina Ligako sailkapenean ez bezala, «Torrekuak» bere palmaresean aurreneko aldiz Euskadiko Txapelketa eskuratu du.

Estropada bikaina burutu dute biek ala biek, baina poparian Natalia Tubio patroiaren lan finari esker, olatu ederrak harrapatu dituzte donostiarek, eta hantxe ezarri duten bere aldeko diferentzia.

Pentsa zitekeen legez, Ondarroa eta Lutxana berehala geratu dira atzean, Donostiarra eta Orioren arteko buruz burukoa lagaz emakumeen balizko «ohorezko txandari», nahiz eta esan behar den ondarrutarrek aurreneko txandarekiko erreferentzia onak hartu dituen. Gipuzkoar biak elkarren ondoan egokitu dira, joan den domekan kalea zaintzeko lehian izan zuten borroka gogoan.

«Torrekua» gogorrago hasi da, baina harrokeriarik gabe. Oriok, egia esan, berehala eskuratu du branka eta hasieratik ikusi du aurreneko txandarekiko denborak hobetzen ari zirela. Segundo baten barruan, Euskotren Ligako buruek beren nagusitasuna bistaratu dute beste behin.

Ziabogak, aurreneko txandako traineruek izan dituzten komeriak bistan, garrantzia hartu du. Nadeth Agirreren aginduetara, «Txiki» traineruak hobeto hartu du buelta eta traineru beteko aldeaz ekin dio popariari. Hala ere, «Torrekuak» ez du etsi eta berriro gainera etorri zaio Oriori, baita aurrea hartu ere, olatu baten gorabeheran.

Olatuz olatu, donostiarrek beren burua ostera ere hiru segundo atzetik topatu dute bederatzigarren minutuaren inguruan. Alabaina, etsi gabe, makaleko pare bat olatu kateatu ditu «Torrekuak» eta hantxe oinarritu du bere garaipena.

«Estropada oso gogorra izan da eta kristoren poza dugu. Konpetentzia handia dela nabaritu da; batek olatua hartu, gero besteak... bukaerara arte ez dugu jakin nondik gindoazen eta oso pozgarria da garaipen hau», onartu du Alaitz Olarte Donostiarrako arraunlariak.

Bestetik, Ana Hosteins taldearen ordezkariak klubaren bilakaera azpimarratu nahi izan du. «Hauxe da irabazten dugun lehenengo Euskadiko Txapelketa, baina gogoratu egin behar da duela lau urte hasi ginela, eta lan guzti honen ondorioz sortu dela traineru hau. Hala, bertan lanean ekin duten guztiak zoriondu behar dira», adierazi du.

Lehenengo txandaren kontuak

Udaberrian minbiziak jota hildako Deustuko arraunlari Ane Aizpururi omenaldia egin zaio emakumeen estropadei ekin aurretik, eta aurreneko txandak, mendebaldeko haizearen eraginez, ekiteko egundoko arazoak ere izan ditu –Arraun Lagunak etorri berriak Zarautzko «Enbatarekin» talka ere egin du, zarauztarrei arraun bat apurtuz–. Arraun Lagunak, Isuntza, Deustu eta Tolosaldeak halakoren baten lortu dute Euskadiko Txapelketari ekitea. Hasierako komeriak pasata, Tolosaldea, ETE Ligako liderra, eta Arraun Lagunak berehala aurreratu zaizkie Isuntza eta Deusturi, aurreneko txanda pare bat minuturen buruan erabakiz.

Alabaina, Tolosaldearen eta Arraun Lagunaek arteko lehia oso interesgarria suertatu da. Bai behintzat ziaboga eman arte. Arruan Lagunakek branka sartu du, baina horrez gain Tolosaldeak ziaboga oso petrala eman du, eta hantxe joan zaizkio aukerak bere txandan aurreneko izateko. Izan ere, poparian Arraun Lagunak maisuki aritu da, olatuak hartu eta hartu, eta Tolosaldeak ezin izan dio «Lugañeneren» txopa ikusi baino egin. Nahiz eta Euskadiko Txapelketa eraman ez, donostiarrek gutxienez itzulera pozgarri askoa egin dute lehiaketara, Covid-19arekin pasatako amesgaiztoa pasa ondoren.

Sailkapenak:

1-Donostiarra 11:28.27

2-Orio 11:32.08

3-Arraun Lagunak 11:46.61

4-Tolosaldea 12:06.47

5-Ondarroa 12:13.22

6-Deustu 12:25.90

7-Isuntza 12:29.10

8-Lutxana 12:43.34

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.