Asier Niebla gogoratu dute indarkeria matxistaren biktima izan zela nabarmentzeko

Duela bi urte erasoa jasan zuen Asier Nieblak. Hitz egiten ari zen neskaren bikote ohiak kolpatu zuen atzetik. Ospitalean hil egin zen bi hilabeteren buruan. Gaur gogoratu dute Donostian, justizia eskatzeko.

NAIZ|2020/08/11
Asier_niebla
Asier Nieblak sufritutako eraso izan zenetik bi urte pasa dira, baina mina handia da oraindik. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Osasun alarmak horrela behartuta omenaldi xumea egin diote gaur arratsaldean Donostian Asier Niebla urnietar gazteari. Bi urte bete dira erasoa jaso zuenetik. Ospitalera eraman zuten oso larri, eta urrian hil zen. 28 urte baino ez zituen. Matxismoak eragindako heriotza izan zen, eta horrela onartzea nahi du familiak.

Aurtengo lore eskaintzan batez ere familia egon da, duela bi urte hil zuten Asier Niebla gaztea gogoratzeko eta omentzeko. Eta baita justizia eskatzeko ere. Iaz herrikideak eta gertukoak ez ezik, erakundeetako ordezkariak ere izan ziren ekitaldian. Osasun larrialdiak beste egoera bat ekarri du aurtengoan.

Gaur gauean bi urte beteko dira Asier Nieblak Donostiako Aste Nagusian erasoa pairatu zuenetik. Niebla neska batekin ari zen hitz egiten, eta neska haren mutil-lagun ohiak atzetik egin zion eraso. Urnietako gaztea lurrera erori, eta mina hartu zuen. Ospitalera eraman zuten eta bi hilabeteren buruan, urriaren 11n, hil egin zen zauri larri haien ondorioz.

Familiak kanpaina bati ekin dio gertatutakoa indarkeria matxistarekin lortzeko, eta Niebla gaztea indarkeria matxistaren biktimatzat hartua izateko. Gasteizko Legebiltzarreko talde politiko guztiei egin die dei.

Epaiketa datorren abenduan izango dela iragarri berri da.