Lointek Gernika Bizkaiak larunbatean hasiko du 2020/21 sasoiko denboraldi-aurrea

Martxoan Emakumeen Endesa Liga bertan behera geratu zenetik, jokalari bizkaitarrak ez dira Maloste kiroldegian elkartu. Aurrez, jokalari zein entrenatzaileek PCR probak gainditu beharko dituzte. Milica Ivanovic eta Margaret Roundtree jokalariak, bere aldetik, beranduago batuko dira bere taldekideengana.

Arnaitz Gorriti|2020/08/13
Gernika
Lointek Gernika Bizkaiako jokalariak lanean hastera doaz berriz. (Aritz LOIOLA / FOKU)

2020/2021 sasoiari ekiteko denboraldi-aurreko lehen entrenamenduak larunbatean hasiko ditu Lointek Gernika Bizkaiak Maloste kiroldegian. Jokalariek eta entrenatzaileek ostiralean pasako dituzte PCR probak, osasun instituzioek agindutako gomendio eta segurtasun araudia jarraituz.

Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta baloiaren hotsa berriro Malosten entzuteko, hainbeste denbora geldirik eman ondoren, Emakumeen Endesa Liga martxoan geratu baitzen bertan behera. Lointek Gernika Bizkaiako lehen taldeak larunbatean hasiko du denboraldi-aurrea. Talde bizkaitarrak hilabete eskas izango du aurretik irailaren 12 eta 13ko Miribillako Bilbao Arenan jokatu behar den Superkopara eta hurrengo asteburuko Emakumezkoen Endesa Ligaren hasierara ahalik eta sasoi punturik onenean heltzeko. Emakumeen Eurokopa beranduago hasiko zaio talde gernikarrari, bestetik.

Astean zehar pixkanaka jokalariak Gernikara heltzen joan dira. Oraingoz, hala ere, bi jokalari falta dira etortzeko. Batetik, Milica Ivanovic larunbatean bertan iritsiko da, baina PCR probak osatu eta emaitzaren berri jakin arte itxaron beharko du taldera batu aurretik. Bestetik, Margaret Roundtreek bere bisatuarekin dituen arazoak konpontzen dituenean batuko da gainontzeko bere taldekideengana.