Zaharrak berri Zarautzen, liderren eta azken sailkatuen arteko neurketa apurtuan

Artolak eta Rezustak 4-22 hartu dituzte mendean Urrutikoetxea eta Irribarria Aritzbatalde pilotalekuan. Liderrek zuzen eta sendo jarraitzen duten bitartean, sailkapena ixten duen bikoteak neurketarik irabazi ezinik jarraitzen du, eta okerragoa dena, kantxan asko sufritzen. Mallabiako jaialdian, bestalde, Jaka-Albisuk 12-22 irabazi dute Elezkano eta Mariezkurrenaren kontra.

Asier AIESTARAN|2020/08/14
Artola
Artolak ongi baliatu du Rezustaren nagusitasuna (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Iñaki Artola eta Beñat Rezusta horren alai eta fresko jokatzen ikusteak pilotazaleengan sortzen duen pozaren adinakoa da Mikel Urrutikoetxea eta Iker Irribarria bezalako bi pilotari handi kantxan horrenbeste sufritzen ikusteak ematen duen mina.

Caixabank Masterseko liderrek zazpigarren garaipena lortu dute Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan oraindik garaipenik gabe dagoen bikoteari 4-22 irabazi ostean. Urdinek ongi jokatu dute, egia da eta onartu egin behar da, baina gorriek ez diete inolako oztoporik ipini bidean eta neurketa oso tristea izan da.

Oztopoak baino, opariak behin eta berriz. Iker Irribarriari galdutako 9 pilota apuntatu dizkiogu eta Urrutikoetxeari 3. Baina hori bezain kezkagarria da erakusten duten ezina eta elkar ulermen falta. Pare bat tanto horren erakusle, 2-7koa eta 2-9koa, bi pilotariak elkarri begira geratu direnak.

Eta pena da, frontoira hurbildu den jendeak pilota gosea erakutsi duelako politak irten diren tanto gutxi horietan. Enpresek zerbait pentsatu beharko lukete, oraindik ligaxka amaitzeko ia itzuli oso bat falta baita.

Artola eta Rezusta, bestalde, esne mamitan daude. Atzelaria joko puntu bikainarekin dago eta Zarautzen ere partida benetan ederra jokatu du, pilota ongi astinduz –3-12koan pilota errebotera sartzera zihoan Irribarria airez sartu ez balitz– eta defentsan ia pilotarik galdu gabe –bakarra apuntatu diogu–.

Iñaki Artolak ongi baliatu du bere atzelariaren lana eta 7 tanto egin ditu aurrean. Alegiarrak txokoan egindako tanto eder batekin eman dio hasiera neurketari eta erremate ikusgarri batzuk utzi ditu laburpenerako: 2-10ekoa edo 2-11koa, esaterako. Eta hasi bezalaxe amaitu: ongi moztutako pilota batekin lortu du 4-21ekoa eta ormabiko neurtu batekin azken 4-22koa.

Ez dira gehiegi nekatu eta hala hobe, larunbatean berriz jokatzen dutelako bi bikoteek: Urrutikoetxea-Irribarriak Lekunberrin Bengoetxea eta Martijaren aurka; Artola-Rezustak Olaizola eta Zabaletaren kontra Azkoitian.

Jaka-Albisu, Mallabian

Gauean, bestalde, Erik Jaka eta Jon Ander Albisu aise nagusitu dira Danel Elezkano eta Jon Mariezkurrenaren kontra. Emaitza 12-22 izan da eta Albisu izan da laukoteko onena, atzeko koadroetan bere legea ezarriz. Jaka ere txukun aritu da eta ongi baliatu ditu bere aukerak.