Haritz Larrañaga

Frantziako Hezkuntza Nazionalari murgiltze ereduaren aldeko mezu bateratua igorri diote Hiriburutik

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza politiko zabala izan da Hiriburun euskarazko murgiltze eredua sostengatzeko. Ikas Bi, Biga bai, Euskal Haziak, Euskara Geroan, Erakasleak eta Seaska elkarteek deituriko elkarretaratzean Frantziako Hezkuntza Nazionalaren jarrera salatu dute eta guztiek «elkarrekin» erantzungo dutela iragarri dute.

Eragile sozial eta ordezkari politikoak izan dira Hiriburuko elkarretaratzean. (Guillaume FAUVEAU)
Eragile sozial eta ordezkari politikoak izan dira Hiriburuko elkarretaratzean. (Guillaume FAUVEAU)

Gaur ezarri behar zuten plantan «%100 euskaraz» esperimentazio eredua Baste Quieta ama eskolan, baina uztaila hasieran egitasmoa debekatzen zuela jakinarazi zuen Bordeleko errektoretzak, eta ondorioz, mobilizazio batekin hasi dute ikasturtea Hiriburun. Euskararen aldeko borroka «ez da orain hasi eta ez da orain bukatzen» ohartarazi du Alain Iriart auzapezak.

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza politiko nagusiak eta hezkuntza mailako eragileek bat egin dute Frantziako Hezkuntza Ministerioari erantzun bateratu bat emateko. «Elkarrekin egin dugun bidea, elkarrekin egiten segitu behar dugu», adierazi du Hiriburuko auzapezak, eskola aitzinean egin duten  elkarretaratzearen.

Gurasoekin batera, eragile aunitzetako bozeramaileak, Euskal Elkargoko ordezkariak eta herri desberdinetako hogei bat hautetsik parte hartu dute elkarretaratzean eta amaieran dozena bat ordezkarik hitz egin dute jendaurrean.

Max Brisson senatariak abuztuaren 31n Hezkuntza Ministerioko ordezkaritzarekin izan zuten bilkuraren nondik norakoak azaldu ditu. Vincent Bru, Frederique Espagnac eta Alain Iriartekin batera osatutako delegazioak Parisen egindako bilkuran murgiltze sistema ezarria den Ipar Euskal Herriko 17 ikastetxe elebidunetan lortutako emaitza onen berri eman zuela jakinarazi du eta, batez ere, alderdi teknikoak eztabaidatu zituztela nabarmendu du Brissonek.

Aitzitik, Jean-Rene Etchegarayren aburuz, auzia ez da teknikoa, «politikoa baizik», eta zera gaineratu du Euskal Elkargoko lehendakariak: «Hemen gertatu dena oso grabea da». Mathieu Bergek, EEPko ordezkariak ostera, murgiltze ereduak eskaera bati erantzuten diola oroitarazi du, «eta Estatuak ezin du kontsentsu sozial hori hautsi», azpimarratu du.

Pasa den astean Hezkuntza Nazionaleko ordezkariek Hiriburun hartutako erabakia ez dela euskarari eraso gisa ulertu behar esan zutenetik asko izan dira murgiltze ereduaren alde mintzatu direnak eta horrek isla izan du Hiriburun hainbat ordezkarik egin dituzten hitzartzeetan.

Murgiltze eredua kinka larrian

Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa denez, murgiltze eredua legearen kontrakoa dela defendatzen du Frantziako Hezkuntza Nazionalak, horregatik eragile desberdinetako ordezkariek Hiriburuko kasuaz harago, «murgiltze eredua kinka larrian» egon daitekeela ohartarazi dute haien hitzartzeetan.

Ikastetxe pribatuetan euskaraz ikastea bultzatzen duen Euskal Haziak federazioko ordezkariak, Xalbat Itçainak, Hiriburun gertatutakoa beste eskoletara hedatzeko beldurra duela agertu du: «Eskola publikoan debekatu badute, zerk bermatzen du hezkuntza pribatuan ere ez dutela debekatuko? Ez dugu pentsatu behar kasu isolatu bat denik, guztiok ukitzen gaituen zerbait da».

Antzeko irakurketa egin du eskola publikoaren elebidun sareko gurasoak ordezkatzen dituen Biga Bai elkarteko ordezkariak. Marie-Andree Oureten iritiz, «euskararen irakaskuntzan murgiltze ereduak sekulako hobetzea ekartzen du, hiztunak sortzeko beharrezkoa da, eta beraz, eskola elebidunetako ama eskola guztietan ezarri beharko litzateke, eta hori da orain jokoan dagoena».