NAIZ

Itsas hondakinez kontzientziatzeko Seabin proiektua Pasaiako portura iritsi da

Seabin Pasaia proiektua astearte honetan aurkeztu dute Pasaiako portuan. Bizkaiko Golkoan aitzindaria den gailua jarri da, itsas hondakinen arazoari aurre egiteko bilketak, sentsibilizazioa eta datu zientifikoak lortzeko. Uztailean, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak Zero Zabor Uretan kanpaina abiatu zuen Euskal Herriko hainbat portutan.

Seabin Pasaiako kideek ur-laginak hartu dituzte. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Seabin Pasaiako kideek ur-laginak hartu dituzte. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Seabin Pasaia, ur gainazaleko hondakinak bildu eta jarraipena egiteko proiektua, astearte honetan aurkeztu dute Pasaiako portuan, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak, gizartea itsas ingurunearen kontserbazio aktibora hurbiltzeko eta horretan inplikatzeko misioa duena, bultzatuta.

Seabin Pasaia proiektua Bizkaiko Golkoan mota horretako lehena izango da eta 24 orduz itsas hondakinak biltzeaz gain, itsas ingurumen-sentsibilizazio eta hezkuntzarako beste tresna baliagarri bat ere izango da. Gainera, ur gainazalean dauden hondakinen kopuruari eta tipologiari buruzko aldizkako datuak emango ditu, oso informazio baliagarria arazo global honen iturriak identifikatzeko lanetan jarraitzeko eta ikerketa ezberdinak egiteko.

Ontzi Museoan egin den aurkezpen ekitaldian, proiektua aurrera ateratzen lagundu duten erakundeetako ordezkariak, Gipuzkoako Aldundia eta Pasaiako Portuko Agintaritzak, parte hartu dute, bai eta itsas hondakinen ikerketa, birziklatze edo sentsibilizazio lanetan diharduten inguruko hainbat eragilek ere, hala nola, EHUko Material eta Teknologia Saileko ikertzaileek edo Eko-Rec-eko kideek.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak gogorarazi du urtero 10 milioi tona zabor inguru joaten direla munduko itsaso eta ozeanoetara, «itsasoko zaborra eta mikroplastikoak gure ozeanoek duten ingurumen-erronka handienetako bat dira, eta administrazioek eta agenteek parte hartu eta sustatu behar dute arazoa konpontzeko neurriak hartzeko».

Zero Zabor Uretan kanpaina

Uztailean, Mater euskal kostaldeko hainbat portutara iritsi zen, «Hondakinik onena, sortzen ez dena» mezua zabaltzeko asmoz, Zero Zabor Uretan kontzientziazio-kanpainarekin. 400 pertsona baino gehiagok ontzi adierazgarri hau ezagutu ahal izan zuten, bisita ekoaktiboen eta antolatu ziren itsas hondakinen irteeren bitartez.

Materreko tripulazioa, boluntarioekin batera, Hondarribia, Ondarroa, Portugalete eta Pasaiako portuetatik itsasoko zaborra eta mikroplastikoak «arrantzatzera» irten zen. Arrantzatutako emaitzei dagokienez, mikroplastikoen sareak, Bilboko itsasadarrean 5 mm baino gutxiagoko tamaina zuten plastikozko pieza ugari bildu zituzten, 0,7 mikroplastiko m2-ko kontzentrazioa lortuz.

Mikroplastiko horien tipologia ezberdina izan zen lau laginketetan, Ondarroan eta Portugaleten plastiko zati garden txikiak ugarienak izan ziren, Pasaian, berriz, hari-zati txikiak aurkitu ziren batez ere. Bestalde, salabardoak eta hondakin handiak arrantzatzeko sareak, janari bilgarriak, sokak, zigarrokinak eta 2,5 zm eta 50 zm bitarteko eta identifikatu ezin diren plastikozko piezak bildu zituzten, gehienbat.

Kanpainako zortzi portuetako pasealekuetan, ontziaren ondoan, kaiola bat ipini zen, hondakinak jasotzeko gonbita luzatuz; honetan ere lehenago aipatutako hondakin handiak izan ziren ugarienak.