NAIZ

Hizkuntzen defentsan ekimena eginen dute urriaren 10ean Baionan

Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta Hexagonoko hainbat lurraldetan mobilizazioak eginen dituzte urriaren 10ean hizkuntza gutxituen defentsan. Horren karietara Euskal Konfederazioak eta hezkuntza alorreko hainbat elkartek giza katea antolatuko dute Baionan. Euskarazko irakaskuntzaren aurka, hala nola Hiriburun, izan diren erasoak salatzeko asmoa agertu dute hain zuzen Baste Quieta ama eskolaren aitzinean ostegun goizean aipaturiko eragileek egin duten agerraldian.

Euskal Konfederazioak eta irakaskuntza elkarteek Hiriburun aurkeztu dute ekimena. (Guillaume FAUVEAU)
Euskal Konfederazioak eta irakaskuntza elkarteek Hiriburun aurkeztu dute ekimena. (Guillaume FAUVEAU)

Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboa 2019ko irailean sortu zen lizeo erreformak lurralde hizkuntzen irakaskuntzan eragin desmasiak salatzeko eta horien kontra borrokatzeko.

Kolektibo horrek Hexagono osoan lurralde hizkuntzen alde ari diren 30 bat herri mugimendu biltzen ditu eta gaur egun 150 bat parlamentarik sostengatzen dituzte kolektibo horren aldarrikapenak.

Kolektiboak lehen manifestazioa 2019ko azaroaren 30ean antolatu zuen Parisen. Eta egun hartan, mobilizazioaren ondotik, Hezkuntza Ministerioak kolektiboaren ordezkaritza bat hartu bazuen ere, Hezkuntza Ministerioko ordezkariek «jarrera aski hetsia erakutsi zuten».

Erasoak biderkatu dira

Gaur goizean Hiriburun bildu diren eragileek nabarmendu dutenez, ikasturte hasiera honetan «lurralde hizkuntzen irakaskuntzaren kontrako erasoek iraun dute eta biderkatu ere». Esaterako Hiriburuko Baste-Quieta ama eskolan euskarazko lerroa irekitzeko egitasmoa bertan behera utzi du Bordeleko Akademiak.

Iraila hasieran aipaturiko kolektiboak beste bilkura bat egin bazuen ere, Hezkuntza Ministerioak ez zuen beraien esanetan aparteko interesa erakutsi eginiko galderei erantzun bat emateko.

Kolektiboa Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin harturiko hitzordu baten zain bada ere argi du «denbora berean mobilizatzen segitu behar dela frantses Gobernuak bere posizioa berrikus dezan eta gure eskaerak kontuan har ditzan».

Horregatik, urriaren 10ean hainbat eskualdetan –Alsazian, Bretainian, Flandrian, Korsikan, Okzitanian...– mobilizazioak eginen dituzte hizkuntzen defentsan. Euskal Konfederazioak eta irakaskuntza elkarteek (Biga Bai, Euskal Haziak, Ikas-Bi, Seaska, Euskara Geroan, Erakasleak) deia egin diote gaurko agerraldian euskal jendarteari data horretan eginen duten giza katean parte hartzeko.

Urriaren 10ean, goizeko 11.00etan abiatuko da giza katea Baionako Rene Cassinen sortetxetik. Ekimena Suprefeturako egoitzaren aurrean amaituko da, hain zuzen «frantses Gobernuak giza eskubideen parte diren hizkuntza eskubideak zangopilatzen dituela salatzeko».