Emilio Lopez Adan pentsalariaren borroka eta ideiei buruzko liburua osatu du Pako Sudupek

Pako Sudupek idatzi eta UEUk eta EHUk koedizioan argitaratu duen ‘Emilio Lopez Adan: euskal iraultza libertarioaren pentsalari’ liburua aurkeztu dute astearte honetan. Emilio Lopez Adan pentsalariaren borrokaren eta ideien berri emanez, euskal orainaldiari eta etorkizunari ekarpen bat egin nahi izan diola adierazi du egileak.

NAIZ|2020/09/15
Emiliolopezadanliburuaurkezpena
Ezkerretik eskuinera, Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria; Pako Sudupe, liburuaren egilea eta Emilio Lopez Adan. (UEU)

‘Emilio Lopez Adan: euskal iraultza libertarioaren pentsalari’ liburua aurkeztu dute astearte honetan. Pako Sudupek osatu du liburua eta UEUk eta EHUk koedizioan argitaratu dute. Aurkezpenean bertan izan da Emilio Lopez Adan bera ere.

Emilio Lopez Adan pentsalariaren borrokaren eta ideien berri ematen da liburuan eta, egileak berak adierazi duenez, euskal orainaldiari eta etorkizunarentzat ekarpen bat egiteko nahiaz idatzia izan da.

Sudupek memoria kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, «edozein herriren kasuan iragana garrantzizkoa» dela irizten baitzazio eta «gure kasuan, are gehiago»,

«Gure kasuan ez daukagu estaturik, euskal curriculumik apenas... Gure herriaren historiaren eta literaturaren ezagutza oso mugatua da. Ez zait gehiegizkoa iruditzen esatea, gure kasuan, iragana ahaztea suizidio kolektiboa dela etorkizun itxurazkoa izan nahi badugu, erdal itsasoan diluitu eta suntsitu gabe», nabarmendu du.

Joxe Azurmendik emandako ideia

Pako Sudupe idazleak liburu hau idazteko ideia Joxe Azurmendi filosofoak eman ziola azaldu du: «Emilio Lopez Adan, Txillardegi eta Eusebio Osarekin-eta lotzen dut. Hirurak ere 36ko gerra zibilak eta batez ere frankismoak markatu zituen. Joxe Azurmendik gonbidatu ninduen aipatu ditudan hirurak aztertzera, egun ahaztuak baina garai batean erreferente izandakoengatik galdetu nionean». 

Egilearen iritziz, frankismoaren garrantzia «bistan» dago aipatu autoreen kasuan eta bi borroka nagusi agertzen dira: borroka nazionala eta borroka soziala. 

«Emilio Lopez Adan populu askeen federazio librearen, komunismo libertarioaren, munizipalismoaren eta Euskal Herria berreuskalduntzearen aldeko» borrokan nabarmendu dela zehaztu du.

Hiru ataletan banatua

Hiru ataletan dago banatuta liburua eta aurkezpenean banan-banan azaldu ditu. Lehenengo zatia biolentzia politikoaren memorien gainekoa da: «Militantziari dagokionez, erabat harturik, 1964tik 1974ra ETAn militatu zuen. Lopez Adanen jardueran alde ideologiko-intelektuala gailentzen da; gehiago izan da teorikoa ekintzailea baino. Baina alde teorikoa praktikarekin oso loturik garatu izan du beti».

Bigarren partean, iraultzaren eta bortxaren arteko harremanez Lopez Adanek aditzera emandakoak azaltzen dira. Hemen, «ETAren faseak ondo bereizten dira, frankismotik hasita, eta Lopez Adanen iritziak beste analista frantses eta amerikarrekin-eta erkatzen dira.

Hirugarren zatian, azkenik, zenbait gai jakingarri jorratzen dira: «nazioa eta estatua; nazionalismoa eta humanismo unibertsala; demokrazia eta naziotasuna; Iraultza eta Hexagonoko nazio ukatuak; egungo esperantzak eta arazoak Ipar Euskal Herrian; Marx eta iraultza, Ezkerra Europan; ezker abertzalearen estrategiaren analisia, eta negoziazioen nondik norakoena; literatur erreferentziak eta intelektual hurbilak...»

Bibliografia osatzeko

Kepa Sarasola UEUko zuzendariaren aburuz, Sudupek idatzitako liburua unibertsitate mailako ikasketa zein ikerketako bibliografia osatzeko baliagarri suertatuko da, «bibliografia zabala edukitzea ezinbesteko baldintza baita unibertsitate-eredu osasuntsu bat lortzeko». «Gure historia hobeto ezagutzeko balio du», ondorioztatu du.

Jon Zarate, EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak EHUren eta UEUren elkarlanaren ildo garrantzitsuenetarikoa euskarazko unibertsitate arloko liburugintzarena dela azpimarratu du.