Emakunderekin harturiko erabakia «eragina galtzea» dela dio Koordinadora Feministak

Lakuako Gobernuak Emakunderi buruz hartu duen erabakia «gaitasuna eta eragina galtzea» suposatzen duela salatu du Euskal Herriko Koordinadora Feministak publiko egin duen ohar batean.

NAIZ|2020/09/16
Lakua-berria
Iñigo Urkullu lehendakaria, Gobernu berriko kideekin. (Raul BOGAJO/FOKU)

«Jakin badakigu, Emakunderen egoera berri horrek gaitasuna eta eragina galtzea dakarrela Eusko Jaurlaritzako gainerako sailetan. Esan digutenez, ‘Sail honetan berdintasuna sartzeak zabaltasun handiagoa ematen dio berdintasunaren kontzeptuari, non Emakunde ere sartzen den’, baina errealitatea bestelakoa da. Izan ere, bereizkeriaren kausetan eragiteko eta horiek eraldatzeko gaitasuna kentzen dio, hauek sor ditzakeen beharrak ‘konpontzera’ mugatuz bere ekintza-eremua», nabarmendu du Euskal Herriko Koordinadora Feministak Emakunderi buruz Lakuako Gobernuak hartu duen erabakiaren inguruan.

Ehun talde, eragile feminista eta eragile sozial baino gehiagok egin du bat salaketa honekin, 70 berdintasun-teknikarirekin batera.

«Gobernuak, beraz, ez du konfiantzazko botorik eskatzen, begiak itxi ditzagun eskatzen du, ordea; berdintasunaren arloan, esparru guztietan, bai maila juridikoan, bai organikoan zein akademikoan, adostutako marko baten aurkako erabakia hartu dutenean. Herritarrek ideia bat izan dezaten, berdintasun-politika publikoei buruzko azterketa batean, Eusko Jaurlaritzaren ekintza defendatuz ez genuke froga gaindituko. Beraz, ‘konfiantza-boto’ horrekin eskatzen ari zaiguna da berdintasunaren arloan izan duten suspentso hori faltsutzea eta aprobatu balute bezala jokatzea. Horrek ez du zerikusirik konfiantzarekin», gaineratu du Koordinadora Feministak.

«Guztion onurarako norabidean aritzea eskatu digute, eta horixe da, hain zuzen ere, egiten ari garena, gizarte justu bati lagun diezaioketen berdintasun-politikak defendatzean eta politika horien aurka doazen ekintzak salatzean. Kontua da gure leialtasuna feminismoarekiko dela, eta ez kolore bateko edo besteko gobernu batekikoa; kasu honetan, EAJ eta PSEren arteko koalizio-gobernuarekikoa, edukirik gabeko hitz hutsaletatik abiatuta, aurrera egin nahi duena berdintasun-politikak kolpatzen dituen bitartean», nabarmendu du.

«Bigarren lehendakariordeari ere entzun diogu forma-kontua dela, eta ez eduki-kontua. Hitzezko prestidigitazioaren baieztapena da hori, txiste txarra ez esatearren, zentzurik gabekoa; izan ere, bistakoa da egiturak edukiari eragiten diola, are gehiago administrazio publikoen egitura hierarkikoen kasuan, non politikaren kokapenak bere ekintza-eremua zehazten duen. Denok dakigu ez dela gauza bera Emakunde zuzenean lehendakariaren mende egotea, hark zuzentzen baitu gobernuaren ekintza, edo gobernuaren parte den sail baten mende», adierazi du Koordinadora Feministak.

«Lehendakaria izan da Emakunde degradatzeko erabakia hartu duena, berari baitagokio gobernua osatzea; bi emakume (sailburu-kargudunak) dira gure erreklamazio publikoari erantzuten ari direnak. Erreklamazio hori, argitaratu aurretik, lehendakariari bidali zitzaion, bai eta Emakundeko zuzendariari ere. Jarduera horren aurrean, ondorioa argia da: berriz ere emakumeak erabiltzea beraiek hartu ez dituzten erabakiak defendatzeko», salatu dute.

«Uztaileko hauteskunde kanpainan, koordinadora honetatik eskutitza bidali genien alderdi guztiei, osasun krisiaren garaian, zaintzak berrantolatzeko politika feministak eraikitze aldera elkarlana eskatuz. Euskadiko Buru Batzarrak bere asmo onak adierazi zizkigun, eta elkartzeko prestutasuna. Baina Eusko Jaurlaritzak demokrazia parte-hartzailearen printzipioak alde batera utzi ditu oraingoan, lau urtean behin botoak biltzeaz harago doana. Izan ere, gai horretan inplikatuta eta argudioz beteta dagoen mugimendu oso baten aurrean daude, eta bi prentsaurreko egitea da euren irtenbidea. Guretzat, honek zilegitasuna kendu dio Eusko Jaurlaritzari; izan ere, ekintzak eta politikak dira borondateak erakusten dituztenak eta pertsonen bizitzan eragiten dutenak. Guk lanean eta borrokan jarraituko dugu, baina ez zuekin gobernuko jaun andreak, adarra jotzen ari baitzarete», gogoratu dute.