NAIZ

Covid-19 agerraldia Ziburuko Aristide-Briand eskolan

Ziburuko Aristide-Briand lehen hezkuntzako eskola itxita dago. Iraila hasieran bi haurrek positibo eman zutenean hainbat klase itxi zituzten. Hirugarren kasu bat baieztatu ondoren ikastetxea ixteko deliberoa hartu zuten, joan zen astelehenean. Akitania Berriako Osasun Agentziak agerraldia gisa ezaugarritu du gaur eskolaren egoera orotara zazpi ikasle kutsatu direla baieztatu ondoren.

Ziburuko Aristide-Briand eskolaren kanpoaldea. (NAIZ)
Ziburuko Aristide-Briand eskolaren kanpoaldea. (NAIZ)

Akitania Berria eskualdeko Osasun Agentziak agerraldi gisa ezaugarritu du gaur Ziburuko eskola batean azaldu den covid-19 kutsadura kasua.

Orotara zazpi lagun kutsatu direla Aristide-Briand eskola publiko horretan baieztatu du aipaturiko egiturak.

Ziburuko Aristide-Briand lehen hezkuntzako eskola aste hasieran itxi zuten. Iraila hasieran bi haurrek positibo eman zutenean hainbat klase hustu behar izan zituzten. Hirugarren kasu bat baieztatu ondoren ikastetxea ixteko deliberoa hartu zuten, joan zen astelehenean.

Heldu del astelehenetik landa Ziburuko Herriko Etxeak haurren harrera bermatzeko neurriak hartuko ditu.

Bestalde, Baionako Xaho Kaian dagoen haur eskola heldu den astean zabaltzea espero dute. Bada astebete itxi zuten zentro hori langile batek positibo eman ondoren. Gaur gaurkoz 8 langilek positibo eman dute, baita bi gurasok ere. Bertze 11 langileri proba egin ondoren baztertu ahal izan dute horiek ere kutsatu direnik.

Jules Ferry ikastetxeko zuzendariak positibo eman ondoren hainbat irakasle ordezkatzeko erabakia hartu zuten ikastetxe horren arduradunek eta ARSk, klaseak bermatze aldera.

Orotara 15 kontaktu zuzen identifikatu dituztela zentro horretan jakitera eman du Baionako Herriko Etxeak.

Etchegaray: Covid19ri aurre egin behar «hiriaren taupada galdu gabe»

Jean-Rene Echegarayk agerraldia egin du gaur eguerdian Baionan Herriko Etxeak izanen dituen erronkak aipatzeko. Osasun krisiak eragin handia izanen duela onartuta ere «hiriaren bizia» atxikitzeko beharra nanbarmendu du udal agintariak, auzapez gisa berriz hautatua izateko egin zuen hauteskunde kanpainian aurkeztu zituen egitasmo nagusiak aurrera eramateko nahikeria agertuz.

Covid19ari aurre egiteko testak areagotzeko beharra defendatu zuen auzapezak. Elkarteen Etxean probak egiteko zerbitzu ibiltaria zabalik da. Egunero 150-200 pertsonek test PCR eginen dute bertan.

Bestalde, osasun krisiaren bilakaerak hainbat ondorio izanen dituela epe laburrean jakitera eman zuen Etchegaray. Hartara kultur ekimen bi, Beat Street Day eta Laugan programatua zegoen Nadau abeslariaren kontzertua, bertan behar utzi ditu udalak.

Desfinamendu ondoren «segurtasun arazoak» areagotu direla hainbat auzotan, hala nola Baiona Ttipian, onartu du auzapezak.

Auzokideek agerturiko kexei entzunez, udaltzaingoaren zerbitzua areagotzeko konpromisoa hartu du ordezkari zentristak.

Herriko Etxeak sei agente gehiago kontratatuko dituela laster iragarri du. Izan ere udaltzaingoak berme juridiko gehiago behar dituela bere lana aurrera eramateko defendatu du.