Maite UBIRIA

Espetxean 30 urte daramatzan Jakes Esnalek preso jarraituko du

Jakes Esnalek baldintzapeko askatasunean ateratzeko aukeztu zuen bigarren eskaera errefusatu du gaur frantziar Justiziak. Iragan maiatzearen 22an epaileak preso lohizundarraren eginiko eskaera babestu bazuen ere fiskalak helegitea aurkeztu ondoren Zigor Aplikazioen Auzitegian ekainaren 29an aztertu zuen, dei auzian, lapurtarraren prozedura. Gaur arratsaldean jakitera eman duen ebazpenaren bidez aipaturiko epaitegiak 69 urte dituen presoak eginiko eskaera errefusatzea deliberatu du.

Esnal, Haranburu eta Parot anaien askatasuna aldarrikatzeko joan zen larunbatean Baionako Suprefetura aurrean eginiko protesta. (Bob EDME)
Esnal, Haranburu eta Parot anaien askatasuna aldarrikatzeko joan zen larunbatean Baionako Suprefetura aurrean eginiko protesta. (Bob EDME)

Bake Bideak eta Bakegileek baieztatu dutenez Parisko Zigor Aplikazioen Auzitegiak bertan behera utzi du Jakes Esnalek baldintzapeko askatasunean ateratzeko aurkezturiko bigarren eskaera.

Iragan martxoaren 13an Zigor Aplikazioen Auzitegiak preso lapurtarraren eskaera aztertu zuen eta maiatzaren 12an jakitera eman zuen bere erabakia.

Epaileak preso lohizundarrak eginiko galdera hori babestu zuen, Euskal Herrian azkeneko hamarkadan eman den bilakaera politikoa aintzat harturik.

Alta fiskala helegite baten bidez presoa askatzeko erabakia blokeatu zuen.

Prozedura berriz aztertzeko ekainaren 25an egin zen dei auzian antzeko jarrera hartu duen fiskalak, maiatzaren 12an epaileak hartu zuen ebazpena guztiz alboratuz.

Alta, jujeak fiskalaren argudioak bata bestearen atzetik indargabetu zituen bere ebazpen horretan. Hala, «oso ebazpen indartsutzat» hartu zuen epaileak zehazturiko irizpidea Jean-René Etchegaray euskal delegazioaren buruak.

Maiatzaren 22an ezagutarazi zuen ebazpen horretan epaileak deusezatu zuen fiskalak aipatzen ohi duen argudio nagusia Esnal espetxean atxikitzeko. Zehazki fiskalaren esanetan Esnalen kaleratzeak sor zezakeen arriskua «guztiz hipotetikoa dela» adierazi zuen epaileak,  «hipotesi horrek ez du neholako zentzurik» gaineratuz.

Ebazpenean aletu zuenez, «ETAk 2011n jarduera armatua utzi zuen, 2017ko apirilaren 8an frantziar autoritateei bere armategia ematera heldu zen desarme prozesu batean engaiatuz eta 2018ko maiatzaren 3an bere desegitea iragarri zuen». Finean, epaileak egiaztatutzat jo zuen euskal jendarteak bakea eraikitzeko erakutsitako borondatea.

Bide juridikoa trabatu ez gero, bide politikoa

Parisko Justizia Ministaritzarekin mintzakidetza garatu duen euskal delegazioak «presoen gaia deskonfinatzeko garaia dela» adierazi zuen ekainaren 6an egin zuen agerraldian.

«Bide judiziala ixten bada bide politikoari lehenasun osoa emateko unea izanen dela» gaineratu zuen Mixel Berhokoirigoin bakegileak joan zen larunbatean egin zen mobilizazio eguna deitzeko aurkezpenean.

Estatuak ezarritako blokeoa irudikatzeko horma bat altxatu zuten, herritarrek eta hautetsiek, Baionako suprefeturaren aurrean, irailaren 19an.

Ekimen sinboliko hori ez zela azkena izanen oharrarazi zuen oholtzatik mintzo zelarik Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko lekendakariak.

Ostiral iluntzean mobilizazio eginen dute Donibane Lohizunen. Esnalen aurkako ebazpenaren bidez Parisek konponbideari oztopo berria eta onartezina ezarri diola irmoki salatzeko deia luzatu dute bakegileek.

Bake Bideak kriminaltzat jo du gaur ezagutu du ebazpenak eta ohar baten bidez «botere politikoak erabaki hori ontzat jotzeaz onartezina dela» gaineratu du.

Berriz ere karrikan erantzuteko, bihar Donibane Lohizunen, deia luzatu du.

Deialdia horrekin bat eginez Jakes Esnalentzat, Ion Kepa Paro eta Xistor Haranbururentzat «justizian oinarrituriko konponbiden beharra» aldarrikatu zuen, atzo Baionan, Etxerat elkarteak.

Haranbururen hirugarren eskaerari buruzko erantzuna urriaren 27an

Esnali buruzko erabakia jakinarazteaz gain, gaur arratsaldean Xistor Haranburuk eginiko hirugarren askatasun eskaera aztertu du Zigor Aplikazioen Auzitegiak.

Joan zen uztailaren 9an, espetxean 30 urte ere egin dituen preso senpertarra askatzearen alde azaldu zen epailea. Fiskalak, ordea, helegitea ezarri ondoren, gaur aztertu da, dei auzian, berriz ere prozedura. Presoak Lannemezango expetxetik, bideokonferentziaren bidez, jarraituko du audientzia. Fiskalak berriz ere senpertarra askatzearen kontra azaldu da. Erabakia urriaren 27an jakinen da.