Idoia ERASO

Euskal Elkargoa kultura sostengatzeko plan berezia prestatzen ari da

Pandemiaren ondorioz kultura mundua pairatzen ari den egoera zailari erantzuteko Euskal Elkargoa Susperraldi plana prestatzen ari da, bien bitartean, aurrikusita zeuden emanaldiak ordaintzeko eta dirulaguntzak aintzinatzeko 600.000 euro banatu ditu. Denboraldiko lehen hitzorduak ostiral eta larunbatean dira Saran, Baionan eta Biarritzen.

Le Petit Theatre de Pain konpainiako ‘Le Grand Bancal’ (G. MEZIAT))
Le Petit Theatre de Pain konpainiako ‘Le Grand Bancal’ (G. MEZIAT))

Egungo krisi ekonomikoan kultura gehien ukitutako eremuetako bat dela jakinik, Euskal Elkargoak bere laguntza ekarri nahi izan du. Gogora ekarri du, egun Ipar Euskal Herrian 50 konpainia profesional, eta ehundaka artista independiente edo elkarte egituretan ari direnak badirela, hori dela eta bere laguntza ekonomikoa ekartzeko prestatzen ari da, eta programatzaile gisara kulturgileak eta ikuslegoa elkartzeko egitaraua prestatu du.

Susperraldi plana prestatzen ari da Euskal Elkargoa, baina oraindik aurrekontua bozkatu gabe dago. Bertan kontuan izanen dena, ohiko eremuetatik at ere izanen dela jakinarazi dute erakunde publikotik, «lurraldearen benetako beharrak kontuan hartzeko, aurrekaririk gabeko krisi honetan». Apiriletik goiti galdetegia egin dute kultur eragileen artean eta jasotako erantzunen bitartez agertutako beharrei egokitutako laguntzak jasotzea izanen da xedea. Plana epe laburrean zehaztuko da, eta aurrekontua eta Elkargoko hautetsien eskutan utziko da.

Kultur eragileen artean gogor jotzen ari den krisiari aurre egiteko 600.000 euro banatu ditu Euskal Elkargoak. Parte bat pandemia aitzin hitzartutako ikuskizunak ordaintzeko izan da, nahiz eta jendaurrean ezin izan dituzten aurkeztu martxoaren 18tik goiti. Diru horren beste partea, Elkargoarekin lanean ari diren kultur elkarteei dirulaguntzak aintzinateko baliatu da.

Bien bitartean, kultura herritarren artean zabaltzeko eta kulturgileak beraien ikuslegoarekin elkartzeko, Euskal Elkargoak antolatu duen denboraldia ostiral eta larunbat honetan, hiru herritan abiatuko da. Saran ostiral eta larunbatean Abian! egitarau anitza izanen da, baina pentsatuta zegoena egokitu behar izan da eguraldi aurreikuspen txarrak direla eta. Ostiralean Baionan eta larunbatean Biarritzen Iparraldeko Orkestra Sinfonikoak kontzertuak eskainiko ditu.

Galdetegia

Apiriletik goiti Euskal Elkargoak galdetegi bat zabaldu zuen aktore kultural profesionalen artean, horren bitartez beraien egoera ezagutzeko parada izan da, baita erakunde publikoarengandik espero zutenaren berri izateko ere.

200 erantzun jaso dituzte, artista eta teknikariengandik, baita egitura artistiko, administratzaile, programatzaile eta komunikazio arduradunen partetik. Erantzundakoen artean, %90ak baino gehiagok galera %70ekoa baino handiagoa izan dela esan dute, eta etorkizunera begirako kezka handia badela agertu da. Galdetegi honen bitartez, beharren berri izateaz gain, proposamenak ere jaso dituzte.

Elkargotik jakinarazi dute, galdetegiak oso harrera ona izan duela kultur profesionalen artean, eta itxaropen handia sortu duela beraien artean erakunde publikoak eskaini dezakeenarengan.

Hiru herri, irekiera bakar bat

Hiru herri ezberdinetan antolatu diren ekimen kulturalekin emango zaio hasiera denboraldiari. Baionan eta Biarritzen Iparraldeko Orkestra Sinfonikoak bi kontzertu eskainiko ditu, ostiralean hiriburuko Gurutze Saindua elizan eta larunbatean kostaldeko hiriko Casinoan. Hiru musikari errusiarren doinuak joko dituzte: Tchaikovski, Chostakovitch eta Arensky.

Abian! emanen da ostiral honetan denentzako egitaraua Saran. Denboraldiz denboraldi herritik herrira ibiltzen den programa honen hasiera handia izan behar zena, eguraldi aurrikuspenen ondorioz aldatu egin da, eta ez da programatutakoa bezain ugaria izanen. Ikusgarri batzuk bertan behera geldituko dira, beste batzuk atzeratuta eta aterpea emanen dion eraikin batean eginen dira, karrikan beharrean.

Antolatzaileak penatuta agertu dira, aldaketa honekin: «Covidarekin bateragarria zen Abian!-a antolatu eta gero, publikoa, teknikariak eta artistak, zonalde gorrian egoteak ezartzen dituen mugak kontuan harturik, segurtasun osoz hartu ahal izateko gune eta arau guztiak egokitu ondoren, orain euria da, gatza eman duena zaurian…». Egoera dena izanik ere, «Hala ere Abian! 2020a izanen da! Zirarekin, botekin behar baldin bada, zenbait sorkuntza baliotsu pikatuta ere, hitzordua atxikia da, ostiralean 18.00etatik goiti eta larunbatean 14.00etatik».

Abian! da programa zabala

Ostiralean, Mecanica Theatreren ‘La femme de Pierre’, eta Le Petit Theatre de Painen ‘Le Grand Bancal’ aurkeztuko dira. Larunbatean 15.00etatik 21.30etara zortzi zuzeneko ikuskizun izango dira: Jupon konpainiaren ‘Ensemble’, La Libentereren ‘Papiers danses’, Pez Limbo konpainiaren ‘Oxido’, Nanouaren ‘Kutxetan Ibilki’, La Libentereresn ‘Papiers danses’, Maïrüren kontzertua, Macanica Theatrek berriz ere ‘La femme de Pierre’ eskainiko du berriz, ostiralean ikusteko parada izan ez zutenentzat, eta eguna hasi bezala bukatzeko, Jupon konpainiak bere lana aurkeztuko du.

Bertan behera utzi behar izan diren ikusgarriak, ondoko aste edo hilabeteetan eskaini ahal izatea espero dute Euskal Elkargotik, hori dela eta sare sozialen edo webgunearen bitartez informazioa segitzera gonbidatzen dituzte ikusleak. Anulatuta izan diren ikuskizunak hauek dira: Palabras konpanianaren ‘Qu’est ce que tu fabriques’, Délit de façadeen ‘En Apnée’, Tobrgoiren ‘Dépannage de Jour’, Arriera konpaniaren ‘Eden’, Pernette konpainairen ‘La figure du baiser’, Jour de fete konpaniaren ‘Voce ai silenzi’ eta Fran Dussourden ‘Scenographie’.

Osasun egoera dela eta hitzorduak urririk izanik ere aitzinetik erreserbatu egin beharko da, eta horietan ere ikusleen kopurua mugatuta izango da. Maskara eramatea beharrezkoa izango da, eta sarrera eta irteera gune ezberdinetatik eginen da.

Maiatzera bitarte beste hainbat ikuskizun daude programatuta, euskaraz zein frantsesez. Asteburu honen ondotik, lehenak Izturitzen eta Maule-Lextarren izanen dira, urriaren 30ean Atx Teatroak ‘Tomiris’ eskainiko du, eta azaroaren 11an La Salamandrek ‘Un ocean d’amour’, hurrenez hurren.