Marcel PENA

Matricerias Deusto eta GTSko enpresa-batzordeek greba mugagabea iragarri dute

Gestamp taldeak Zamudioko lantegiak ixteko erabakiaren aurrean, Matricerias Deusto eta GTSko enpresa-batzordeek greba mugagabea iragarri dute urriaren 9tik aurrera. Sindikatuen ustez, ez da egia «2017an galerak egon zirenik» eta Gestamp taldeak 219 eta 253 milioi eurotako irabaziak izan zituela salatu dute.

Moises Muñozek eta Izaskun Olanok greba mugagabea iragarri dute GTS eta Matricerias Deuston. (LAB)
Moises Muñozek eta Izaskun Olanok greba mugagabea iragarri dute GTS eta Matricerias Deuston. (LAB)

Matricerias Deusto eta GTSko enpresa-batzordeek greba mugagabea iragarri dute urriaren 9tik aurrera, Gestamp taldeak Zamudion bi konpainien instalazioak ixteko eta 230 langile kaleratzeko hartutako erabakia dela eta. LAB eta ELA sindikatuek azaldu dute zaila egin zitzaiela «albistea sinistea» eta «erabaki neurrigabekoa» dela salatu dute.

Horrela iragarri dute prentsaurreko batean Moises Muñozek eta Izaskun Olanok, Matricerias Deusto eta GTSko enpresa-batzordeetako presidenteek. Ordezkariek enpresak «autogintzan bizi den krisia eta azken 3 urteotako emaitzak kontuan hartuta, Gestampek Zamudion dituen lantegietan jarduera berehala eten egingo zuela» esan ziela jakinarazi dute. Hala ere, sindikatuek uste dute «ez dela egia 2017an galerak egon zirenik Matricerias Deuston» eta azaldu dute Gestamp taldeak «emaitza global ikusgarriak izan dituela 2018 eta 209an, 219 eta 253 milioi eurotako irabaziekin».

Matricerias Deustoren kasuan, eskariak ditu 2021eko apirila edo maiatzera arte, baina «enpresa-batzordeak asteak daramatza salatzen Matricerias Deustori esleitutako lan -kargak Gestamp taldeko beste lantegi batzuetara desbideratzen ari zirela», eta baita «Bartzelona eta Alemaniako trokelgintzako lantegietara ere, taldekoak ez direnak».

GTS AIE ingeniaritzari dagokionez, bertako langileak telelanean egon dira pandemia hasi zenetik. «Atsedenik gabe lanean gaude, enpresak lanak lantegi desberdinetan banatzeko, trokelgintzei, Matricerias Deusto barne, lan karga handiagoa emango lieteken proiektu berriak eskainiz», azaldu du Olanok.

2022ra arteko akordioa

Sindikatuek gogoratu dute 2014/2015ean plan industrial bat adostu zela langileen ordezkariekin. 2022ra artekoa da eta lantegi bi hauen etorkizuna bermatzea zen bere helburua. «Enpresak sinatu egin zuen plana eta orain ez du betetzen. Gestampen hitzak ez du ezer balio», kritikatu dute.

Halaber, Lakuako Gobernuari exijitu diote «argi eta garbi itxiera hauen kontra ager dadila». Sindikatuen ustez, «milioika euro bideratu dituzte Gestampera, eta hauen helburua Euskal Herriko industria-ehuna babestea izan beharko litzateke eta ez horrela suntsitzea». Beraz, instituzio publikoei eskatu diete «diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek langileentzat hain dramatikoak diren erabakiak hartzea» ez baimentzeko eta Urkullu lehendakariaren hitzak gogoratu dituzte: «Ez da zilegi diru publikoa jaso eta kaleratzeak iragartzea». Bukatzeko, «politika industriala autogintza sektorearentzat» ere exijitu dute.