NAIZ

Gasteizko gaztetxeak arrazoi politikoak ikusten ditu Udaltzaingoak jarritako salaketan

Gasteizko gaztetxeko kideek astelehenean udaltzainek jarritako salaketaren atzean arrazoi politikoak daudela salatu dute. Udaltzaingoak gazte talde baten lonja zela argudiatuta bertan sartu eta 40 lagun identifikatu zituen, horrelako lokalak irekita egotea debekatzen duten arauak urratzea egotzita. Gaztetxean prebentzio eta garbitasun neurriak udatik ezarri dituztela nabarmendu dute.

Gasteizko gaztetxea. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Gasteizko gaztetxea. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

«Bertsio interesatu eta manipulatzaileen gainetik», Gasteizko gaztetxeko kideek ziurtatu dute udan hasi zirela covid-19aren kutsatzeari aurre egiteko prebentzio, segurtasun eta garbitasun neurri guztiak betetzen, eta astelehenean Udaltzaingoak identifikatu eta salatu zituen pertsonak areto ezberdinetan bilduta zeudela, protokolo propioak ezarritako segurtasun neurriak betez.

Udaltzaingoak hiriko gaztetxe barruan zeuden 40 lagun identifikatu zituen astelehenean. Gainera, gazteen lokaletan eta antzeko ezaugarriak dituztenetan edozein jarduera debekatzen duen Lakuako Gobernuaren osasun arloko aginduak xedatutakoa oinarri hartuta, salaketa jarri zieten, isunak 600 eurotara iritsi daitezkeela ohartaraziz.

Gasteizko gaztetxeko ordezkariek prentsa agerraldia egin dute astearte honetan, bezperan gertatutakoaren berri emateko. Agerraldian nabarmendu dute gaztetxeak 30 urte daramatzala jarduera politiko, sozial eta kulturalean, eta deitoratu dute Udaltzaingoak oraindik «gazteen lokaltzat» jotzen duela.

Izen ere gazte koadrila baten lonja balitz bezala salatu zuten udaltzainek, «jardueraren baimena» ez duela argudiatuta.

Osasun arrazoiak «aitzakia» bezala erabilita, astelehenean gertatutakoaren atzean «arrazoi politikoak» daudela adierazi dute gaztetxeko bozeramaleek, eta «jarduera legala» duten beste gune batzuek hartutako antzeko prebentzio neurriak ezarri dituztela esan dute berriro.

Gainera, osasun neurriak gehien urratzen diren tokiak lantokiak eta ikastetxeak direla adierazi dute. 

Azkenik, gaztetxea defendatzeko deia egin dute, «bertan egiten den lan politiko, soziala eta kulturala deslegitimatu nahi dutenen aurrean».

Asteleheneko 20:00ak baino zertxobait lehenago gertatu zen guztia, Erdi Aroko hirigunean zaintza lanak egiten ari zen Udaltzaingoko patruila batek gaztetxea irekita zegoela eta barrura jendea sartu zela ikusi zuenean.

Gaztetxeko arduraduna eta barruan zeuden 40 pertsonak identifikatu ondoren, Udaltzaingoko agenteek eraikina hustu eta itxi egin zuten.