NAIZ

Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’, Euskadi saria literatur arloan

Karmele Jaiok irabazi du Euskadi saria literatur arloan, ‘Aitaren etxea’ (Elkar) eleberriarekin; haur eta gazte literaturako saria Iñigo Astizen ‘Joemak eta polasak’ (Elkar) lanarentzat izan da eta Miren Asiain ilustrazio atalean saritu dute ‘Un millon de ostras en lo alto de la montaña’ (Flamboyant) lanagatik.

Ezkerretik eskuinera, Karmele Jaio, Iñigo Astiz eta Miren Asiain. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Ezkerretik eskuinera, Karmele Jaio, Iñigo Astiz eta Miren Asiain. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

‘Aitaren etxea’ Karmele Jaioren nobelak (Euskarazko Literatura) ; ‘Joemak eta polasak’, Iñigo Astizenak (Euskarazko Haur eta gazte literatura) eta ‘Un millón de ostras en lo alto de la montaña’ Miren Asiainek (Lan Literarioaren ilustrazioa) irabazi dituzte Euskadi literatura sariak, gaur goizean jakitera eman denez.

Uzta ederra jasotzen ari da Karmele Jaio bere azken eleberriarekin. Argitaratu zenetik, liburu salduenen zerrendaren gorenean dago. Pako Aristik, Mari Jose Olaziregik, Jon Martinek, Asier Serranok eta Katixa Agirrek osatutako epaimahaiak «eleberri psikologiko honen ausardia formala» azpimarratu nahi izan du, eta «gizakion emozio eta kontraesanak adierazteko Jaiok erakutsi duen trebezia».

Arlo honetako epaimahaiak erantsi du poesiak eta antzerkiak euren sari propioa beharko luketela, narratibatik bereizia, generoen arteko oreka zaintze aldera.

Poemak eta ilustrazioak



Iñigo Astiz kazetari eta poetaren liburuari buruz, epaimahaiak uste du «haur literatura peto-petoa» eskaintzen duen liburua dela. «Estilo argi eta zuzenean idatzitako hamaika poema laburrek harridurez eta ezustez beteko gaituzte, umore dotorez, tarteka baita beltzez eta makarrez ere». 

Poemategi «transgresorea», gainera, Maite Mutuberriaren marrazkien «indar eta konplizitate estetiko apartek» osatzen dute.



Bestalde, Miren Asiainen ilustrazioaren «estiloa oso pertsonala»  goraipatu du Lan Literarioaren Ilustrazioa saileko epaimahaiak. ‘Un millón de ostras en lo alto de la montaña’ liburuan, «bere sorkuntzek, natur zientzien eremuari lotutako kultura bisuala gogorarazteaz gain, estetika poetiko nabarmena erakusten dute, ezagutza liburu hau hurbilago eta gogorarazleago bihurtuz», ebazpenak dioenez. Testuak Alex Noguesenak geologarenak da eta liburua gaztelaniaz eta katalanez argitaratu da. 



Azaroaren 19an banatuko dituzte sariak Bilboko Alondegian. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzazke bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.

Datorren astean iragarriko dituzte gaztelaniazko literatura, euskarara itzulitako literatura lanak, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera sailetako irabazleak.