Jose Ramon Etxebarria, Eusko Ikaskuntzaren Lekuona saria

Eusko Ikaskuntzak 2020ko Manuel Lekuona Saria Jose Ramon Etxebarriari eman dio, gaur jakin denez. Sari honen bitartez, aitortu egin nahi izan zaio euskararen normalizazioan zientzietako goi-mailako hezkuntzan egindako ekarpen zabala eta euskal kulturarekiko duen konpromiso adierazgarria, baita bere obraren dibulgazioa ere.

NAIZ|BILBO|2020/10/16
Captura_de_pantalla_2020-10-16_a_las_10.54.26
Jose Ramon Etxebarriak ekarpen nabarmena egin du euskararen normalizazioan zientzietako goi-mailako hezkuntzan. (EUSKO IKASKUNTZA)

Ingeniaria formakuntzaz, ekarpen nabarmena egin du Jose Ramon Etxeberriak euskararen normalizazioan zientzietako goi-mailako hezkuntzan. Etxebarriak euskara irakaskuntzan eta unibertsitateko ikerketan sartzea ahalbidetu du, eta euskal komunitate zientifikoaren erabilera komunerako terminologia ezartzen lagundu du.

1948an Gernikan jaioa, Jose Ramon Etxebarriak Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, eta 1987an EHUn doktoratu zen. 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen sorkuntzan parte hartu zuen, eta bertako irakasle izan zen. EHUko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean eta Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan klaseak eman zituen, 2018an erretiroa hartu zuen arte.

Ibilbide oparoa

Zientzia eta teknologiarekin lotutako testuak euskaraz lantzen aritu da bere ibilbide osoan. Ildo horretan, Manuel Lekuona 2020 Sariaren epaimahaiak Jose Ramon Etxebarriak unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntzaren arloan euskararen normalizazioari egindako ekarpen garrantzitsua baloratu du, komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu baitu, komunikazio globalaren teknologia berrien laguntzaz.

Gutxienez 18 liburu eta 22 liburuen kapituluak idatzi ditu. Halaber, zientzia eta kultura gaiei buruzko ehunka artikulu sinatu ditu, batez ere ‘Anaitasuna’ aldizkarian. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-baseak, berak sorturiko 187 lan sarrera baino gehiago biltzen ditu.

Itzulpengintza eta hezkuntza- eta dibulgazio-liburuen edizioa ere landu ditu. Erretiroa hartu zuenetik, ‘Wikilari’ gisa jardun da fisikarekin lotutako esparruan.

Euskaltzain urgazlea da 2006tik, eta 2011n CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko Saria jaso zuen, zientzia gizarteratzeko egindako lanagatik.

Aurreko guztiak arrazoi, bere giza-konpromisoa eta alderdi anitzetik zabaldutako ekintza kulturalarekin batera, Eusko Ikaskuntzak 1983an eratutako sariaren palmaresean sartzeko bide eman zioten. Horrela, Jose Ramon Etxebarria ibilbide esanguratsu eta balio unibertsala duten pertsonen zerrendara batu da. Iazko sariduna Xabier Amuriza izan zen, eta aurrekoen Maria Jose Azurmendi.