Urrutikoetxea: «Arau diplomatiko guztiak bortxatuz, frantziar Estatuak ni jazartzea erabaki zuen»

Astelehenetik aurrera epaitu behar zuten Josu Urrutikoetxea ETAko militante historikoa Parisen. Atzeratu egin da baina auzi horren atarian ‘Marianne’ frantziar aldizkariak Urrutikoetxeak ETAren amaiera prozesuan jokatu zuen papera jaso du, bere zuzeneko testigantza oinarri gisa hartuta.

NAIZ|2020/10/16
Urrutikoetxea_marianne
Josu Urrutikoetxea. (Joel SAGET/AFP)

Astelehenean Parisko Dei Auzitegian zabaldu behar zen auziari begira Josu Urritikoetxearekin eginiko elkarrizketa-erreportaje zabala argitaratu du ‘Marianne’ aldizkariak.

Azken bi harmarkadetan ETA erakundearen baitan Urrutikoetxeak egindakoak dakartza gogora, Suitzan Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuarekin izandako negoziazioak, Norvegian izandakoak eta ETAren amaiera ahalbidetu zuten barne ezbaidaren ingurukoak.

Genevan eta Oslon gauzatu ziren negoziaketa saioetan mintzakide gisa jardun zuen Ugaoko militanteak. Bietan bermeak jaso zituela oroitarazi du elkarrizketan.

«Ematen genuen urrats bakoitza eztabaidatu egin behar zen, bermeak eskatzen genituen eta biltzeko leku seguru bat ezartzen zen» azaldu du Suitzan eginiko negoziaketa saioari buruz. Genevatik Oslora joateko, berriz, «pasaporte diplomatikoa» eskuratu zuela nabarmendu du.

Kazetariak ETAk eragindako minaren inguruan galdetzen dionean hauxe da Urrutikoetxearen erantzuna: «Biktimak eta mina alde guztietan izan dira, eta benetan sentitzen dut eragindako min guztia».

Ildo beretik, 2002an klandestinitatean sartu zenetik eta 2019ko maiatzean Alpeetako Sallanches herrian atzeman zuten bitartean bere helburua «gatazka hau etorkizuneko belaunaldien eskuetan usteltzen ez uztea izan zela» nabarmendu du Urrutikoetxeak. «Horixe nuen buruan denbora guztian», gaineratzen du. Ariegeko Durban-sur-Arize herrixkan bizitza aski normala egiten zuela eta Daniel izena zuen historia irakasle gisara aukezten zuela bere burua auzokideen aurrean jakitera ematen du ETAren buruzagi historikoak.

Joan zen hamarkadan frantziar Justiziak bi aldiz, 2010ean eta 2017an, kondenatu zuen Urrutikoetxea. Alegia, heldu den astean aurreikusita ziren bi epaiketek «Europako gatazka armatu zaharrari irtenbidea emateko» eginiko ibilbidea dute ardatz neurri handi batean.

Horrendako Ugaoko militanteak hitz gogorrak ditu elkarrizketan, bereziki frantziar Estatuak bere kontra harturiko jokabideare aurrean, bere ustez gatazkak konpontzeko ezinbestekoak diren diplomaziaren bideak arriskuan jartzen dituelako.

Prozedura judizialekin «Frantzia diplomaziaren oinarrizko arau ororen aurka ari dela» salatu du zehazki Josu Urrutikoetxeak ‘Marianne’ aldizkari frantziarrari eskainitako adierazpenetan. Bere aburuz, Parisek zigor ikuspegi hutsa lehenesten du jarrera horrekin eta mezu arriskutsu bat zabaltzen du, «bakea indarrez soilik lor daitekeela» hain zuzen.

Urrutikoetxearen aurka frantziar Estatuan zabalduriko auzien karietara, atzo, Frantziako Giza Eskubideen Ligak (LDH) agiria zabaldu zuen «bakea negoziatzea ez dela delitua» nabarmenduz.