Maite Ubiria

Gibelatu egin dute Josu Urrutikoetxeari astelehenetik goiti Parisen egin behar zioten auzia

2010. urtean Josu Urrutikoetxeari ezarri zioten kondena berriz aztertzea xede zuen auzia heldu den astelehenean, urriaren 19an, hastekoa zen Parisen, baina auzia atzeratu ondoren, heldu den otsailean eginen dute. Atzerritik heldu behar zuten hainbat lekukok auzira bertaratzeko deialdirik ez dute jaso eta, horretaz gain, pandemiari loturiko zailtasunak zituzten bidaiari ekiteko. 

Josu Urrutikoetxea. (Jöel SAGET /AFP)
Josu Urrutikoetxea. (Jöel SAGET /AFP)

Heldu den astelehenean, urriaren 19an, eman behar zioten hasiera, Parisen, 2010an frantziar Justiziak Josu Urrutikoetxearen aurka eman zuen kondena berriz artertu behar zuen auziari.

7 urteko kartzela zigorra ezarri zioten orduan 2018ko maiatzean ETAren amaiera iragarri zuen ibilbide luzeko militanteari.

Izan ere, 2019ko maiatzean Alpeetako Sallanches herrian atzeman ondoren, Urrutikoetxearen defentsak errebeldian eginiko auzi hori, baita 2017an egin zioten bigarren epaiketa ere –zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten– errepikatzea eskatu zuen.

Horrekin batera «konstituzio auzia» (QPC, frantsesez) plantatu zuen defentsak 2010ko sententzia dela eta. Izan ere, Dei Auzitegiak joan zen ekainaren 9an galdera hori baztertu ondoren auziari data ezarri zion: urriaren 19 eta 20an.

Astelehenean hasiera eman behar zioten, ondorioz, lehenengo auzi horri. Izan ere gibelatu egingo dute. Hala ebatsi du auzitegiaren lehendakariak defentsaren oniritzia izan duen erabaki baten bidez.

Egoitz Urrutikoetxeak NAIZi azaldu dionez, atzerritik heldu behar ziren hainbat lekukok auzitegitik dei agindurik ez dute jaso.

Berez Fiskaltzak behar zukeen bermatu Atzerri Ministerioak bere gain hartzen duen tramitea garaiz gauzatzea. Ez da horrela gertatu. «Horretaz gain hainbat herrialdetan covid-19a dela eta ezarritako murrizketek ere zailtasunak sortzen zituzten», aitortu du Egoitz Urrutikoetxeak.

Askatasunari buruzko erabakia

Auzitegiak astelehenean bertan jakinaziko du prozesuaren data berria. Otsailean zehar eginen dela aurreratu du Urrutikoetxearen semeak.

Egun berean, urriaren 19an, uztailaren bukaeran pultsera elektronikoa eramateko beharrarekin libre gelditu zen Ugaoko militantearen egoerak bere horretan jarraituko duen edo Urrutikoetxea kartzelan sartzen duten berriro ere auzia egin bitartean erabaki behar du auzitegiak.

Joan zen uztailaren lehenean erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiak Urrutikoetxea baldintzapean aske uztea. Finean uztailaren 30ean utzi zuen Urrutikoetxeak La Santeko espetxea.

Bestalde, urriaren 21 asteazkenetik goiti 2017ko auzia berriz aztertuko du epaitegiak. Audientzia horretan lekukorik ez dagoenez, printzipioz, ez legoke aparteko arazorik audientzia atxikitzeko. Izan ere azkeneko erabakia heldu den astean jakinen da.