Egoerak hala behartuta, 2020 urteko Ibilaldiari agur xumea eman diote Elorrion

Igandean egin dute Elorrion 2020ko Ibilaldiaren agur-ekitaldia. Berezia izan da, covid-19ak eragindako arazoengatik, baina gogorarazi dute aurrerago ere abagunea izango dela Euskal Herri osoko ikastolak babesteko, Ikastolak Herriari izeneko jaialdian.

naiz|2020/10/18
Ibilaldia_agur_ekitaldia
Ikastolako gazteak parte hartu dute agur ekitaldian. (IBILALDIA)

Bestelakoa izan behar zuen aurtengo Ibilaldiaren itxiera ekitaldiak, maiatzaren 31an egitekoa zen, eta urtero bezala milaka euskaltzale Elorrian biltzea espero zuten. Covid-19aren krisiak, ordea, agur-ekitaldia egokitzera behartu du antolakuntza taldea, eta igandean egin dute jaia, txikia eta xumea.

Hala ere, Bizkaiko ikastolen aldeko festaren antolatzaileek «ilusioz» heldu diote agur ekitaldiari. «Ulertuko duzuen moduan, ez da erreza egoera honetan hau bezalako ekitaldi bat egitea, baina ezin genuen besterik gabe Ibilaldiaren urte hau joaten utzi. Gaurkoan ez dugu ohiko protokolorik jarraitu, egoera honetan ezinezkoa delako, eta gonbidatu kopurua ere murriztu behar izan dugu», adierazi dute ohar baten bidez.

Arazoak arazo, bertan izan dira Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Koldo Tellitu, Josune Bañales, Ibilaldia Elkarteko lehendakaria eta Idoia Buruaga Elorrioko alkatea.

Antolatzaileek gogorarazi dute egun bateko festaren atzean urte osoko lana dagoela, baita jende askoren esfortzua ere. Urte hasieratik hona, lan eskerga egin dute Elorrioko Txintxirri Ikastolari zegokion Ibilaldia aurrera ateratzeko.

Igandean, agur ekitaldian, ez dute ohiko ibilbiderik egin, baina askotariko ekimenak egin dituzte. Ikastolako gazteek hasiera eman diote ekitaldiari bertsoekin eta Ibilaldiko kantaren dantzaldiarekin. Ondoren, Imanol Ituiño magoak ikuskizuna eskaini du eta. Bukatzeko, Xabier Aburruzagaren eskutik musika eta dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute bertaratutako guztiek.

Gogorarazi dute, bestalde, igandekoa ez dela erabateko agurra izan. Izan ere, Ibilaldia bezala, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urrats jaialdiak ere bertan behera gelditu dira aurtengoan. «Euskal Herriko Ikastola guztiak herritik eta herrirako sortu zirela gogoan izanda», Ikastolak Herriari izenarekin jaialdia antolatu dute. Azaroaren 13an izango da, Donostiako Kursaalean. Datorren astetik aurrera sarrerak eskuratzeko aukera izango da «primerako kantaldi eta dantzaldiak gozatu ahal izateko Euskal Herri osoko ikastolen aldeko ikuskizun horretan».