NAIZ

Txapelketaren ordez, ‘Kopla barik’ bertso zirkuitua antolatu du Bizkaiko Bertsolari Elkarteak

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa egiteko baldintzak ematen ez diren arren, bertsolaritzak denetariko plazak dituela sinetsita ‘Kopla barik’ bertso zirkuitua antolatu du Bizkaiko Bertsolari Elkarteak. Lau saio egingo dira orotara.

‘Kopla barik’ astearte honetan aurkeztu dute, Bilbon. (Andoni CANELLADA | FOKU)
‘Kopla barik’ astearte honetan aurkeztu dute, Bilbon. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Egoerak hala behartuta, aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzeko erabakia hartu zuen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Baina, erabakia hartu zuten unean azaldu zuten bezalaxe, guztion osasuna bermatuz bestelako saio mota asko egin daitezkeela sinetsita, ‘Kopla barik’ bertso zirkuitua antolatu dute. «‘Kopla barik’ deitu diogu, daukagun egoera edukita ere, koplak alde batera laga eta aitzakiarik barik antolatuko ditugulako saioak, udazkena bertsoz janzteko. Kulturak eta bertsozaleek merezi dutelako», ziurtatu dute.

Zirkuituan lau saio egingo dira, bakoitza formatu desberdinekoa. «Oso saio desberdinak dira eta plazaren aniztasunaren isla izatea nahi genuke: Txapelketa ez da dagoen bertso plaza bakarra eta formatu desberdinen aniztasuna plazaratu nahi da zirkuitu honetan», azaldu dute antolatzaileek.

Lehen saioaren formula bertso saio musikatuarena izango da: «Musikari biren laguntzarekin, bertsolariek musikaren konpasen erritmora kantatu beharko dute, bertsotan egiteari zailtasun hori erantsiz». Saioa larunbat honetan, urriaren 24an, hartuko du Mungiako Olalde aretoak eta Aitor Bizkarra Ruiz, Arrate Illaro Etxebarria, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Etxahun Lekue Etxebarria, Malen Amenabar Larrañaga eta Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariak eta Ixak Arruti eta Eneko Sierra musikariak ariko dira, Idoia Anzorandia Kareaga gai-jartzaile dutela.

Bigarren saioa bertso trama izango da. Hau da, bertsolariek pertsonaia baten paperetik kantatu beharko dute eta istorioa osatzen joan, gai-jartzaileak eskaintzen dizkien bideetatik, trama bat osatuz. Saio hau Igorreko Lasarte aretoak hartuko du azaroaren 14an eta Eneko Abasolo Txabarri ‘Abarkas’, Jone Uria Albizuri, Julen Arzanegi Erezuma, Miren Amuriza Plaza, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor bertsolariak ariko dira, Lilibertso bertso-eskolak gaia jarrita.

Hirugarren saioak sariketaren formatuari eutsiko dio: bertsolariak lehian jarriko dira eta ariketa berdinak egin beharko dituzte ahalik puntu gehien lortzeko. Azaroaren 28an, Durangoko Plateruena antzokian izango da saioa eta, Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) gaia jarrita lehian ariko dira Ander Elortegi Garatea, Imanol Uria Albizuri, Irune Basagoiti Agirre, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa bertsolariak.

Laugarren eta azken saioari ‘Bizkaiko Txapeldunen jaialdia’ deitu diote. Orain arte Bizkaiko txapeldun izan direnen saioa izango da, jaialdi formatukoa, ohiko herriko jaietan egiten denen antzekoa. Abenduaren 20an, Getxoko Muxikebarri zentroak hartuko du jaialdia eta kantuan ariko dira Arkaitz Estiballes Ormaetxea, Etxahun Lekue Etxebarria, Fredi Paia Ruiz, Igor Elortza Aranoa, Jon Enbeita Ealo, Onintza Enbeita Maguregi, Unai Iturriaga Zugaza-Artaza eta Xabi Paya Ruiz bertsolariak, Bizkaiko Txapelketako gai-jartzaile taldearen aginduetara.

Txapelketako hutsunea betetzeaz batera, saio hauekin txapelketako bertsolari guztiei gutxienez saio batean parte hartzeko aukera eman zaiela nabarmendu dute antolakuntzatik, eta covid-19aren testuinguruan denetariko saioak egin daitezkeela ere erakutsiko duela uste dute.

Sarrerak internet bidez erosi daitezke eta antolakuntzatik ohartarazpena ere egin dute, aforoa mugatua izango denez sarrerak amaitzeko aukera dagoela azalduz.