Ramon SOLA

Hil berri den Asier Aginako bidegabeki zigortu zuen ANk, akusazioa bihurrituz

Ostegunean hil zen Asier Aginako durangarra kartzelan gaixotu zen. Beste preso asko ez bezala, azkar utzi zuten aske. Baina ez zen espainiar espetxe batean egon behar; «eraikitako inputazio» batez zigortu zuen Auzitegi Nazionalak, ETAko kide izateari zegokion kondena jada Estatu frantsesean beteta zuela saihesteko.

Asier Aginako, espetxean gaixotu eta aske gelditu ostean.
Asier Aginako, espetxean gaixotu eta aske gelditu ostean.

2013ko uztailean Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa bitxi-bitxia izan zen, zenbait espainiar hedabidek nabarmendu zutenez. Asier Aginako durangarraren aurka ETAko «kolaboratzaile» izatearen akusazioa erabili zuen Fiskaltzak, baina honek hori ukatu eta erakundeko «kidea» zela, ez kolaboratzailea, jakinarazi zion epaimahaiari.

Auzian ziren frogei erreparatuta, Aginakoren adierazpenak fiskalaren tesiak baino oinarri sendoagoa zuen. Izan ere, bere etxean armak eta lehergailuak aurkitu zituen Poliziak. Boluetako istripuan 2000. urteko abuztuan hil ziren lau ETAkideekin harremanetan jarri zuen fiskalak. Baina, hala ere, «kolaborazioa» baino ez zion egotzi.

Zergatik jokabide hori? Erraz ulertzen da: Asier Aginakok ETAko kide izateagatik ezarritako zigorra jada beteta zuen Estatu frantsesean (2004tik 2012ra hain zuzen ere) eta ondorioz Auzitegi Nazionalak ezin zuen delitu beragatik zigortu. Bai, ordea, «kolaborazioa» egiteagatik. Urte batzuk lehenago Justizia ministro izan zen Juan Fernando Lopez Aguilarrek laburbildu zuenez, euskal presoei espetxealdiak luzatu ahal izateko batzuetan «inputazioak eraiki» behar dira auzitegietan.

Fiskalak eskatu bezala eman zen epaia eta horregatik preso jarraitu zuen Asier Aginakok, orduan Estatu espainolean, ia beste sei urtez.

Valentziako Picassent espetxean zela, ondoezik sentitzen hasi zen. 2019ko urtarrilean ebakuntza egin zioten eta gaixotasun larri-larria zuela egiaztatu zuten segidan. Kasu honetan Auzitegi Nazionalak berehala eten zuen zigorra, legea betez.

Zertxobait beranduago, bere bikotekide preso Aitziber Coellori ere ateratzeko baimenak onartu zitzaizkion, asteko egun batzuetan ordu batzuez espetxetik atera eta Asier Aginako eta bien semearekin batera egon ahal izateko (2017an jaio zen umea). Zigorra bukaeraraino agorturik, maiatzean kalera atera zen Coello. Baina bitartean eritasunak bere bidea egin du eta azkenik ostegunean zendu da Aginako, 45 urte zituelarik.

Sortuk aipatu duenez, gaixotasuna detektatu ostean zuzen jokatu dute auzitegiek, baina egoera orokorra kontuan harturik premiazkoa da presoen kaleratzea, horrelako egoerak ekiditeko. Are gehiago kartzelaratzeak «eraikitako inputazioen» ondorio direnean, kasu hau adibide garbia dela.