NAIZ

Eskoletan haurrentzako covid-19aren aurkako protokoloa «leuntzeko» eskatu dute

Gurasoen elkarteek EAEko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete covid-19aren aurkako protokoloak «leuntzeko», ikasleak «eskoletan modu duin batean» egoteko. Plataformek jakinarazi dutenez, datozen egunetan bilerak eskatuko dituzte bi administrazioetako hezkuntza-agintariekin.

Ikasturte hasiera Burlatako Askatasuna Ikastetxean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Ikasturte hasiera Burlatako Askatasuna Ikastetxean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

EAEko eta Nafarroako hezkuntza- eta familia-arloko hainbat elkarte eta erakundek bi gobernuei eskatu diete pandemiari aurre egiteko ikasturte hasieran diseinatu zen covid-19aren aurkako protokoloa «leuntzeko» eta «haurren eskubideen eta beharren arteko oreka» bilatzeko.

Adin txikikoak «eskoletan modu duin eta gizatiarrago batean egoteko» aldarrikatu dute Hatsa Batzarra, Aske, Haurrak Ere Bai eta Orioko Hezkuntza Herrian plataformak komunikatu batean, Urola Garaia, Lezo, Deba eta Donostiako guraso-elkarteekin batera.

Elkarteek iragarri dute bihar bi gobernuei gutun bana bidaliko dietela, eta, gainera, datorren asteartean, azaroaren 10ean, Hezkuntzako ordezkaritzetan entregatuko dituztela, bi administrazioetako hezkuntza-agintariekin biltzeko eskaerarekin batera.

Aldarrien artean, eskola-protokoloan honako gomendio hau sartzeko eskaera nabarmentzen da: ikasleak «kanpo espazioetara ahalik eta gehien ateratzeko gomendioa ezartzea», eta, irakasle nahikorik ez badago, «gurasoen parte hartzea ahalbidetzea eta erraztea».

Beste eskaera batzuk dira «Gorputz Hezkuntza saioetan, edo bestelako jarduera fisikoa burutzen ari diren unean nahi duen haurrek maskara kentzeko aukera izan dezatela», legeak helduontzat baimentzen duen era berean, baita jolasaldietan ere, eta «Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei hamaiketakoa patioan jateko baimena ematea».

Elkarte horiek onartzen dute «ez dela lan erraza covid-19 testuinguru honetan erabakiak hartzea eta eskolara buelta kudeatzea», baina «hobetu daitezkeen alderdi batzuk ere badaudela» azpimarratzen dute.

«Haur eta nerabeen ongizate integralarekin arduraz jokatzea guztion kontua da», amaitu dute, «izan ere, etapa honetan ezartzen baitira helduaroan osasun integral ezin hobe bat izateko oinarriak».