Zumetaren Usurbil, erakusketa batean bildua

Data

24.04.12 - 24.04.28

Lekua

Gipuzkoa - Usurbil

Ines Azpiazu, Usoa Zumeta eta Agurtzane Solabarrieta, Jose Luis Zumetaren muralaren ondoan.
Ines Azpiazu, Usoa Zumeta eta Agurtzane Solabarrieta, Jose Luis Zumetaren muralaren ondoan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Urtebete da Zumetaren muralaren 50. urteurrenaren ospakizun egitarauari ekin zitzaionetik. Ekitaldiei bukaera emanez, ‘Zumetaren Usurbil’ erakusketak ateak irekiko ditu apirilaren 12an. Hilaren 28ra bitarte izango da ikusgai, Sutegiko erakusketa gelan. 

Aurretik ere esana du Agurtzane Solaberrieta alkateak eta aurkezpenean ere berretsi egin zuen: «Usurbil ezin da ulertu Zumeta gabe, ezta Zumeta Usurbil gabe ere». «Binomio banaezina» osatzen dute bere iritzian. Erakusketa honek horixe islatu nahi du: Zumetaren obran Usurbilek eta usurbildarrek hartu duten lekua.

1960tik 2018ra hartzen dute obrek. «Ibilbide osoa aztertzeko eta garapen artistikoa ezagutzeko aukera ematen du», esan zuen Usoa Zumetak. Aipatzekoa da lan denen izaera figuratiboa. Abstrakzioari jarri izan zaio arreta beti, beraz artistaren alderdirik garrantzitsuenetako eta ezezagunenetako batera hurbiltzeko beta ematen du. Hala adierazi du Usoa Zumetak, artistaren alaba, serigrafia-egile eta Zumeta Arte Estudioaren arduradunak.

Ikusgai jarriko den obrarik zaharrena 1960. urtekoa da. Joxean Artzeri erretratua egin zion. Biek 21 urte zituzten.

1973tik

Zumeta 1973an hasi zen Usurbilgo murala egiten, udalaren enkarguz, eta 1974an bukatu zuen, apirilean. «Hasiera batean erakusketa bakarra egitea genuen buruan, muralarekin eta Usurbil ardatz zuten lanez osatua. Muralaren erakusketak dimentsio handia hartu zuen eta azkenean bi erakusketa egitea erabaki genuen», kontatu du.

Hilabete batzuk atzeratuta, muralaren eraikitze lanen amaieraren 50. urteurrenarekin bat egingo du erakusketak –2024ko apirilean izan zen– eta amaiera emango die, era berean, ospakizunei.

Erretratuak, eskulturen maketak –txoriak ikus daitezke, Zumetaren gai errekurrenteetako bat–, kartelak... hautatu dira erakusketarako. Pieza bakoitzak diziplina jakin batez hitz egiteko aitzakia ematen du. «Esaterako, Zumeta dezente ibili zen kartelgintzan. Batzuk herriko festetarako egindako kartelak dira, eta beste bat, Usurbil herri izendatu zuteneko 600. urteurrenaren ingurukoa. Ez nuen uste Usurbili lotutako sei kartel topatuko genituenik: eta nork daki, beharbada, gehiago ere topatuko ditugu aurrerago», kontatu du Usoa Zumetak. Ezustez zipriztindutako bidea ari baita izaten aitaren ondare artistikoaren artxibo eta ikerketa lanena.

Hau guztia jasoko duen katalogoa prestatzen ari da erakusketaren inauguraziorako.

Bisita ordutegiak 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.30etara dira. Larunbatetan 10.00etatik 13.00etara. Erakusketarako sarrera doan da.

 

Kokapena

Sutegi erakusketa aretoa
Irazu Kalea, 14
Usurbil. Gipuzkoa

Loturak