Ariane Kamio
Ariane Kamio
7k-ko editorea

Esan (II)

Larrosa batek ekartzen duena. Gaur, PSE banaketan. Larunbatez, ohi bezala, azoka egunarekin bat eginez.

Ohartu gabe, arrapaladan etorri eta larrosa muturrean. Ez galderarik, ez erreakzionatzeko denborarik ere. "Toma". Berriro betiko kinka. "Eskerrik asko" (aurrekoan aipatu jokabidea). Haurra tartean da. Eta egoera errepikatzen da. "Toma unas piruletas". Zipitzik ulertu ez badu ere, ez du galdetu zer esan dioten. Goxokiekin nahikoa du gajoak.

Atzean utzita bagoaz parafernaliarekin. "Zer egingo dugu orain honekin?". Ez dakit. Emaizkiozu amari, sorta egiteko ez zaio asko faltako.

Aurrerago, batek. "Nik ez dut ‘demokrata’ horiengandik ezer jaso nahi". Beno ba.

Aurrerago, besteak. "Nik ere badut larrosa. Hartu, eta egin nahi duzuena". Tira ba.

Aurrerago, hirugarren batek. "Ez dakit hauek kontuak egin dituzten. Banatzen dituzten larrosa adina boto jasoko dutela uste badute ederki dabiltza". Arrazoi.

EH Bildu (azkenean). Panfleto bat. "Nahi duzu?". Galdetu dute behintzat. Globorik ez. Goxokirik ez. Larrosarik ez. Haurra maldan behera abiatu da apenas kasurik egin gabe.

Ordu erdira, etxean. Alderdi abertzalearen paskina irakurtzen. Argazkiak, testu laburrak... Hortxe ondorioa. Gogo pizgarri izateko nahikoa indar izan baduela. Mezu bonbardaketarik gabe. Bejondeiela!

Zertan gastatzen duten dirua politikariek? Bistan da. Ez du azalpen gehiagorik merezi.

Oharra: PSEk ere panfletoa banatu du larrosarekin batera. Lorearen zurtoinari inguratuta jarri dute, arantzekin minik ez hartzeko. Lastima. Aluminio apur bat eragingarriagoa litzateke, igorri nahi den mezuaren mesedetan, diot. 

Bilatu