UEU
Elkarrizketa
B. Irasuegi, G. Julio, G. Salces, K. Diaz, X. Landabidea

«Paradigma sozioteknikoa aldatu den heinean euskaldunok gure galdera, anbizio eta helburuak ere birplanteatu behar ditugu»

Talaios kooperatibako Beñat Irasuegi eta Gorka Julio, eta Errota Digitaleko Gorka Salces, Koldo Diaz eta Xabier Landabidea probokatzaile, dinamizatzaile lanetan direla ‘IKTak Euskal Herrian: ikerketa, ezagutza eta ekintzarako abiapuntu berriak’ ikastaroa hasi da gaur Bilbon, Deustuko Unibertsitatean. UEUk Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuarekin elkarlanean antolatutako ikastaroa da. IKTak eurak lagun hartuta talde lanean erantzun dituzte galderak.

Koldo Diaz, Xabier Landabidea, Gorka Julio, Gorka Salces eta Beñat Irasuegi.
Koldo Diaz, Xabier Landabidea, Gorka Julio, Gorka Salces eta Beñat Irasuegi.

Informazio eta komunikazioaren teknologiak bai, baina teknologia berriak ez…

Berria dena da. Sua berria zen, telegrafoa, gurpila… Atzerritik eta erdaratik jaso ditugun hainbat metafora errepikatu dira Euskal Herrian: ‘Nuevas tecnologías’ errepikatu izan dugu ‘Teknologia berriak’ bezala. Horregatik, ikastaro honetan euskaraz eta Euskal herritik pentsatu eta jolastu nahi dugu Internet eta teknologia berriekin, barkatu, Informazio eta Komunikazioaren Teknologiekin.


Gainera, pentsatzeaz gain, kasu praktiko batean landuko ditugu, izan ere, Euskal Herrian teoria, kontzeptu eta izen asko sortzen diren arren askotan ez direla praktikara eramaten uste dugu. UEUri eskerrak eman behar dizkiogu ikastaro praktiko hau burutzeko aukera emateagatik. Eta, noski, parte hartuko duten Gure Esku Dago, Hekimen eta .EUS elkarteari haien kezkak gurekin partekatzeagatik.

Denok ahoan darabilgun akronimoa da IKT. Behar duen beste erreparatzen diegu hala ere?

Iraultzailea omen da denok ikusten duguna beste begi batzuekin ikustea. Horixe bera egin behar dugu, izan ere, aurretiaz esan bezala, hitz hauek askotan errepikatu arren ez ditugu behar bezala gure Herrian aplikatu.


IKTei ematen diegun garrantzi apurra, honen inguruko Behatoki baten faltan ikusi dezakegu. Mundu mailan hainbat herrik eta unibertsitatek horrelako gaiak lantzen dituzten arren, gurean oraindik ez dago akademia, administrazioak, enpresak eta gizartea elkarlanean jartzen dituen behatokirik. Espero dezagun ikastaro hau bide horretan beste pausu bat izatea. Azpimarratzekoa da ere gai honen inguruan Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko zuzendari Maite Goñik eta Batzorde-atal horretako zenbait kidek egindako lan bikaina.

Astia hartu nahi duzue IKTen eragina aztertzeko, erreakzio hutsetik kanpo.

Denbora gehiegi ematen dugu erreakzionatzen. Iruditzen zitzaigun bazela garaia arnasa hartu, elkarrekin pentsatu, egin eta pentsatzeko tarte bat hartzeko: aurrea hartzeko gai orokor eta kasu zehatz batzuk uztartuta. Agendan eragiten hasteko garaia dugu.

Euskal Herritik begiratu nahi duzue, gehiegitan kanpotik begiratzen dela iritzita.

Halaxe da, aurretiaz esan bezala edo kanpotik begiratzen gaituzte edo kanpokoen begirada erreproduzitzen dugu. Ikastaro honen bidez euskaratik eta Euskal Herritik ulertu nahi ditugu IKTak eta hauen erabilerak.


Uste baino aukera zabalagoak ditugu Euskal Herri garaikidetik komunikazioa eta informazioarekin lotutako tresna, praktika eta ezagutza moduak abiatzeko. Oro har pentsatzen duguna baino interesgarriagoa da gure egoera.

Zuen begiradatik zein da gaur egungo egoera?

Zaila da “egoera” bere osoan hartuta deskribatzea, errealitatea aldakorra, zatikatua eta konplexua delako. Baina soma daiteke gure posibilitate sozioteknikoen azpitik bizi garela oro har: ez soilik Internet eta sare digitalen aukerak, telebistaren edo irratiaren aukerak ere ez ditugu baliatzen. Gure irrati telebista publikoa Espainiako kate pribatuei begira egotea zeinu bat da, baina gure alderdi politikoen artean Interneten inguruan antzeman daitekeen diskurtsorik ez egotea ere bai.


Anbizio eta irudimen falta somatzen dugu, bai gure eguneroko praktiketan (zeinak astiro, baina aldatzen doazen) eta baita gure politiketan ere. Software librea eta bere aukerak hor daudela badakigu, baina sarri beldurrak eta alferrak gehiago egiten digu. Komunikabideekin ere ez ote dugun pixka bat horrela jokatzen, ingurutik datozkigun ereduak akritikoki kopiatuz (noski, jatorrizkoak baino produktu okerragoak egiteko).

Tresnek erabiltzen gaituzte edota tresnak erabiltzen ditugu?

Fordhameko unibertsitateko irakasle jesuita batek, John Culkinek esan zuen bezala, gure tresnak moldatzen ditugu, eta gure tresnek gu moldatzen gaituzte: “We shape our tools and thereafter our tools shape us”. Teknologia eta kultura ezin dira bereizi, tresnak eta gizartea bereizi ezin diren modu berean. Tresnak sortzeak, tresnak erabiltzeak, gu ere sortzen gaitu, norbanako, kolektibo eta gizarte bezala.


Ildo beretik, Daniel Miller eta bere London University College-ko taldeak “How the world changed social media” liburu sortu argitaratu dute. Alegia, IKTak mundu mailan hainbat eragin sortu arren, gizarteek ere hauek aldatu dituzte. Eta ez soilik modu bakar batean: herriaren arabera, erabilera ezberdinak eman baitizkiote. Ez da gauza bera Facebook hemen eta Turkian.

Benetan laguntzen al dute IKTek parte hartzea sustatzen?

Ez, teknologiek berez ez dute ezer sustatzen. Telegrafoaren asmakuntzak poesia idaztea sustatuko zuela pentsatzea bezalakoa litzateke hori.


Badakigu Interneten komunitate mota berriak sortu direla, orain arte inoiz ikusi gabeko moduetan (adibidez planeta osoko zaleak elkartuz gustuko liburu edo telesailetan oinarritutako zaleen fikzioa idatzi eta irakurtzeko). Honek bere inplikazio politikoak ditu, eta gehiago izango ditu hemendik aurrera.


Guk uste duguna da paradigma sozioteknikoa aldatu den heinean euskaldunok gure galdera, anbizio eta helburuak ere birplanteatu behar ditugula. Adibide batzuk jartzearren: zer nolako garrantzia dute komunikabideek euskararen “arnasgune” bezala? Nola zenbatu eta neurtu behar ditugu euskarazko komunikabideen ikus-entzuleak? Zer da euskararen ahozkotasuna egun? Aurrez aurreko kontaktuan egiten dena? Whatsappean egiten dena? Twitterreko dena aditz trinkoetan idazteko jokoa?

Bost aditu/aritu probokatzaile eta hiru kasu gonbidatu. Ikastaro praktikoa izango da. Eginez pentsatu eta eginez ikasteko zuen esanetan. Zer lortu nahi zenukete ikastaroarekin?

Bai, hori da. Tarte bat, marko bat ireki nahi dugu egiteari utzi eta pentsatzeari ekin eta alderantziz, pentsatzeari utzi eta egiteari ekiteko. Paradoxikoa eman dezake, baina ez dugu uste hala denik: bi noranzkoak behar ditugu une honetan.


Ikasleak irakasle bihurtuko ditugu, gonbidatuak parte-hartzaile, eta dinamizatzaileak ikasle. Dantza horretan espero dugu .EUS, Hekimen eta Gure Esku Dago-ko lagunek zerbait eramatea parte hartuko dugun guztiongandik, eta alderantziz, gu ere mahaitik aseak baina gose berriz altxatzea, hurrengo baterako.


Esperimentazio, jolas, lan eta hausnarketarako espazio bat zabaldu nahi izango dugu. Bertaratutakoek esan beharko dute zer jarraipen izango duen gero.