Haritz Larrañaga

Favelako surflariak, uraren kalitatearen alde

Rio de Janeiroko eremu txiroenetako bat eta aberatsenetako bat ondoan daude; muino batek baino ez ditu bereizten. Aldiz, bateko zein besteko biztanleen zaborra leku berean itsasoratzen da, Sao Conrado hondartzan, eta, ondorioz, uraren kalitatea zinez txarra da.

Aquarela errekarenbokaleak itsasoan uzten duen arrasto marroia. (WWW.HUGMAG.COM)
Aquarela errekarenbokaleak itsasoan uzten duen arrasto marroia. (WWW.HUGMAG.COM)

Egunerokoan beren auzoan bizi duten errealitatetik ihes egiteko hasi ziren surf egiten Rocinha favelako surflariak, baina azken urteetan arazoak ahazteko hautatu zuten eremua arazo bilakatu da; izan ere, Brasilgo Gobernuak Aquarela errekako hondakinak Sao Conradoko hondartzan itsasoratzeko ubidea egin zuenetik uraren kalitateak okerrera egin du.

Rio de Janeiroko olatu hoberenetakoak eskaintzen dituen hondartza da Sao Conrado. Oi Rio Pro munduko surf txapelketa egiteko ere hautatu zuten 2015. urtean, baina txapelketa hasi baino egun batzuk lehenago uraren kalitate txarragatik Barra da Tijuka hondartzara lekualdatu zuen lehiaketa WSL erakundeak.

Sao Conrado hondartzako surflari gehienak Rocinha favelan bizi dira eta orain uraren kalitatea hobetzeko elkartu dira, baina lehendik ere batuak ziren faveletako surflariak, itsasoa haien eguneroko errealitatetik urruntzen laguntzeko bitarteko gisa erabiltzeko Surfistas de Rocinha elkartea sortu baitzuten.

Sao Conrado eta Rocinha

Rocinha favelan, Hego Amerikako handienetakoan, 200.000 pertsona bizi dira pilatuta. Sao Conrado hondartza, ostera, Rio de Janeiroko auzo aberatsenetako batean dago, baina Rocinhatik kilometro eta erdira dagoenez, faveletako surflariak hara joaten dira, gertuen duten hondartza baita.

Olatu onenak eskaintzen dituen urautsia Catao da, baina justu urautsi horren parean dago Rocinhatik datorren errekaren bokalea eta ohikoa da hondartzaren eremu horretan hildako arratoiak, zakurrak eta denetariko zaborrak topatzea.

Sao Conrado hondartzaren eremu bat droga-trafikatzaileek kontrolatzen duten zona batean dago, baina Rocinha favelako surflariak ohituta daude, surf egingo ez balute haientzat lanean ariko liratekeela aitortzen baitute gehienek.

Hondartzatik itsasora

Surflari beteranoek, 80ko hamarkadan, Sao Conradon surf egiten hasi zirenean, ura zinez garbia eta urdina zela kontatzen dute, baina egoera pixkanaka okertzen joan zen. Hasiera batean, Aquarela erreka ez zen itsasoraino iristen eta hondarrak iragazki moduan jokatzen zuen; aldiz, hondartza erabat zikintzen zen Hotel Nacional eta Hotel Intercontinentalen parean.

Zaborrez gainezka zegoen hondartzak irudi itsusia ematen zuen eta arazoa ezkutatzeko hondakinak zuzenean itsasoan isurtzea pentsatu zuten politikariek. Horretarako, ubidea eraiki zuen Anthony Garotinho politikariak 2001. urtean eta sekulako dirutza xahutu zuen proiektuan gainera, baina ordutik egoera okerragoa da, zaborra hondartzatik itsasora pasatu da eta hori garbi ikusten da itsasgoran, urak marroi kolorea hartzen duenean.

Uraren kalitate txarraren ondorioz, surflari askok osasun arazoak izan dituzte; esaterako, badira hepatitisa harrapatu dutenak. Ondorioz, gaixotasunak ekiditeko, sarritan olatu hoberenak izaten diren eremuan surf egiteari utzi behar izan diote Sao Conradoko surflariek.

Surflariak kontzientziatuta

Rocinhako surflariek oso gertutik bizi dute filmetan ikusten den faveletako errealitatea; hots, pobrezia, narkotrafikoa, indarkeria, eta abar. Surflari bakoitzak bere istorioa du, denek badute zer kontatu, baina guztiek bat egiten dute «surfak salbatu» dituela esatean. Horretan ere Rocinhako surflarien istorioek bat egiten dute.

David Barbosa bodyboarder profesionala da Rocinha favelatik atera den surflari ezagunena eta bere auzoko haurrengan izan dezakeen eraginaren erantzukizuna bere egiten du: «Ahal dudan ondoen egin behar dut, eutsi egin behar diot bulkadari; batez ere, haurrei erakusteko kirol bat baino zerbait gehiago izan daitekeela».

Carlos Belok, 2001ean eratu zen Rocinhako Surflarien Elkakartearen (ASR) sustatzaileak hau nabarmentzen du: «Gure helburua komunitateko haurrekin lan egitea da, hondartzara eraman eta bizimodu egoki bat hauta dezaten laguntzea».

Beste pertsonaia esanguratsu bat Marcello Farias da. Hau ere Rocinhan jaio eta hazi zen eta 2012. urtean Salvemos Sao Conrado mugimendua abiarazi zuen. Ordutik jo eta su ari da lanean herritarrak kontzientziatzen eta agintariek arazoa konpontzen lagun dezatela eskatzen.

Arazoaren zati bat herritarren «kontzientzia faltan» dagoela aitortzen du Fariasek, baina «aldi berean, politikariak dira gure ur hondakinak kudeatzeko ardura dutenak», azpimarratzen du. Ideia horrekin bat egiten dute gainerako surflariek ere, eta, horregatik, politikariei esku har dezatela eskatzearekin batera, ahal den neurrian herritarren artean jardunbide egokiak sustatzeko ekimenak eta hitzaldiak antolatzen dituzte.