Iker Gurrutxaga

Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays, Hernanin egingo diren NAIZ Kontzertuetan

Urtarrilaren 22, 23 eta 24an izango dira bueltan NAIZ Kontzertuak. Hernaniko kiroldegian izango dira eta eredu mistoan eskainiko dira: bertatik bertara eta streaming bidez. Hiru egun eta lau talde: Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays. Ikuskizuna ziurtatuta dago.

Kristina Fernandez, Asier Iñigo, Aiora Renteria, Lander Aznal, Pello Armendariz eta Oier Beitia ‘Magu’ NAIZ Kontzertuen aurkezpenean. (Maialen ANDRES/FOKU)
Kristina Fernandez, Asier Iñigo, Aiora Renteria, Lander Aznal, Pello Armendariz eta Oier Beitia ‘Magu’ NAIZ Kontzertuen aurkezpenean. (Maialen ANDRES/FOKU)

NAIZek kontzertuak egiteko apustuari eutsiko dio eta urtarrilaren 22, 23 eta 24an lau emanaldi izango dira Hernaniko kiroldegian, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Hiru egunetan izango dira ikuskizuna emateko gogoz dauden lau taldeen emanaldiak. Denetariko musika eskaintza izango da beste behin NAIZ Kontzertuetan parte hartuko dutenen eskutik.

Eredu mistoan egingo dira berriz ere kontzertuak. Aurreko saioek izan duten harrera ikusita, aukera hori mantentzea erabaki da eta kontzertu bakoitza 2,5 euroren truke ikusteko moduan izango da. Bonuak ere mantenduko dira streaming bidez saio guztiak ikusteko. Sarrera fisikoek, berriz, 10 euro balioko dute eta Hernaniko kiroldegian bertatik bertara ikusteko aukera izango da egoerak baimentzen badu.

Berriz ere kalitatearen alde indar berezia egin du NAIZek eta TAOM eta Fokurekin elkarlanean arituko gara etxetik kontzertuak ahalik eta modurik onenean disfrutatu ahal izateko. Hala, sarrerak urtarrilaren 12tik aurrera eskuratzeko moduan izango dira NAIZen webgunean, eta aurreko edizioetako pausu berak eman beharko dira haiek lortzeko.

Ordubeteko saioak izango dira eta hurrenez hurren horrela gelditu da egitaraua. Urtarrilaren 22an, 19:30ean Skakeitan talde donostiarra arituko da. Urtarrilaren 23an, bi emanaldi: 17:30ean, Brigade Loco, eta, 19:30ean, Des-Kontrol. Zea Maysek, berriz, urtarrilaren 24an eskainiko du bere saioa, 19:30ean.

Musikari eta musikaren inguruan dagoen lan guztiari eman digutena bueltan emateko garaia zela esan genuen NAIZ Kontzertuen itzulera iragarri zenean. Maiatza zen eta itxialdi baten bukaeratik gentozen. Itxaropenez beteta, berriz ere aretoak betetzeko asmoz, gogoz eta ilusioz.

Streaming bidezko formularekin hasi eta ere mistora pasa ginen gero. Gutxi batzuk baziren ere, ikusle batzuek kontzertuak zuzenean ikusteko aukera izan zuten NAIZ Kontzertuetan. Egia da egoera aldatu dela, egia da areto asko beren programazioarekin hasi direla eta egia da kontzertu kopurua asko igo dela. Baina oraindik ere bide asko dago egiteko.

Aurkezpen gehiegi behar ez duten taldeak

Talde guztiak ere nahikoa ezagunak dira euskal musikaren eszenan. Skakeitan donostiarrek iaz atera zuten ‘Nola galdu denbora’ izeneko lana. Etengabeko eboluzioan dabilen musika taldea da Skakeitan eta hori bere soinuan igartzen da. Azken lan honetan doinu elektronikoagoen aldeko apustua egin dute eta indar berezia hartu dute horren ondorioz beren kantuek. ‘Ezpainetan odola’, ‘Apatia’ edota ‘2 minutu’ bezalako kantuak aurkezteko aukera ona eta entzuleentzako gozatzeko moduko emanaldia osatuko dute. Euskal musika lo ez dagoenaren adibide garbietako bat da Skakeitan taldearena.

Kaskamotz mugimenduak ere bere publiko fidela izaten du eta hori argi geratu da punk-oi estiloan itxialdiaren ostean egon diren kontzertu guztietan. Aretoak bete dituzte eta hori seinale ona da. Euskal Herrian eta kanpoan hainbesteko oihartzuna izan duen musikak oraindik ere harrera bikaina duenaren seinale. NAIZ Kontzertuetan bi talde izango dira urtarrilaren 23an estilo horren barruan.

Brigade Loco taldekoak izango dira eguneko lehendabiziko protagonistak. Bergara, Hernani eta Debako kideek osatzen dute taldea. ‘Ekintzek dute hitza’ izeneko lana kaleratu zuten duela pare bat urte eta azken urtebetean hiru kantu atera dituzte. Bata futbolaren bueltan idatzitakoa, ‘Bultzada’ izeneko kantua, eta beste biak memoria historikoari erreferentzia argia egiten diotenak: ‘Ez dira pasako’ eta ‘Arbasoak’. Hiru kantu beste hainbeste bideoklip dotorez jantzita.

Des-Kontrol taldekoak izango dira haien atzetik egun berean, 19:30ean. Arrasateko talde klasikoetako bat bihurtu da dagoeneko eta, nahiz eta 2009an atera zuten beren azken diskoa, oholtzara igotzen diren bakoitzean eztanda egiten du bueltan dagoen guztiak. Ziur gure etxeetan ere halako sentsazioa sorraraziko digutela.

Zea Maysekin emango diogu lau kontzertu hauei itxiera. Baina, badakizue, aurrera begira gehiago egiteko atea beti zabalik uzten dugula NAIZ Kontzertuetan. Errekaldeko taldeak ‘Atera’ lana kaleratu zuen 2019an. Indar handiko kantuak, soinu aldaketa nabarmenarekin baina esentzia guztia barnebilduz. ‘Kea’ edota ‘Hiri eri’ bezalako kantutzarrekin agurtuko ditugu beraz, momentuz, NAIZ Kontzertuak.

Gogoratu, urtarrilaren 12tik aurrera izango dituzuela eskuratzeko moduan NAIZen webgunean.