Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias
Hesian taldeko ahotsa eta kitarra

«Sortzaileak beti dauka zerbait esateko, nola egin asmatzea da gakoa. Eskerrik asko»

15 urte eta zortzi disko kaleratu ostean, Hesianek agur esan du. Honelako erabaki bat nola hartzen den kontatzeaz gain, urte hauetako ibilbideari errepasoa egin diote, bizitako une gozo eta gaziekin edo bidean ikasitakoak gogora ekarriz.

Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias, Bilbon urtarrilaren 9an eskainitako kontzertuan. Azkena. (HESIAN)
Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias, Bilbon urtarrilaren 9an eskainitako kontzertuan. Azkena. (HESIAN)

Kontua galduta. Honela jaitsi ziren Bilboko Santana aretoko eszenatokitik Hesian taldeko kideak iragan urtarrilaren 9an. Haiek bazekiten talde gisa oholtza bat zapalduko zuten azken aldia zela hura. Zenbatetan igo diren eszenatokira dagoeneko ez dakite. Baina hori zen azkena. Bi aste igaro dira eta, nahiz eta erabakia «aspaldi» hartuta zegoen, salto hau barneratzeko balio izan die ere denbora honek.

Fran Urias etxarriarra taldearen sortzaileetako bat da. Ahotsa, kitarra eta arima. Guztiak urratu ditu abesti eta kontzertuen bidez. Eta taldearen arima hori ere berpiztu zuen Zuriñe Hidalgok 2010 urte amaieran taldean lur hartu zuenean. Hesian «irakaskuntza» bat izan da abeslari nafarrarentzako, «ahalduntze prozesua» ere, «oraindik gizonezko askoz gehiago dagoen mundu batean» eta, batez ere, bere 30 urteetako bizi proiektu nagusia. Sortzaile gisa, adierazteko behar horrek bultzatu zuen Hesian 2006an Etxarri-Aranatzeko gaztetxean lehen kontzertua eskaintzera. 15 urteren ostean, Hesian ez, baina sortzaile izaera hori mantentzen dute. Beraz etorkizunean ere izanen dute zer kontatu eta zer kantatu.

Egun batzuk igaro dira Hesianen agurra iragarri zenutenetik. Nola zaudete?

Fran: Ni ongi, lasai. Egia esan aspaldi hartutako erabaki bat da, ongi hausnartutakoa eta asko landutakoa. Ondoren etorri da iragarpena eta horrekin batera jendearen erantzuna, mezuak eta dena berriz bizitzea, baina egia esan, ongi nago.

Zuriñe: Une honetan lasaiago nago. Egia da komunikatua baino minutu batzuk nahiko osorik nengoela. Unea iritsi zela pentsatzen nuen, landuta neukala, barneratuta. Baina taldearen agurra iragarri eta 10 minutu pasa zirenean behera etorri nintzen. Negar eta negar. Jendea idazten hasi zen, tristurak zeharkatzen ninduen, guztiz hunkituta. Azken egunetan errusiar mendi batean ibili naiz. Sentimendu nahasi ezberdinekin. Baina horri ere buelta ematen hasi naiz eta lasaiago nago.

Aspaldi hartutako erabakia izan dela diozue. Noiz?

Zuriñe: Gure asmoa agur bira polit bat egitea zen. Baina egoera dela-eta, koronabirusa dela-eta, ezin izan dugu guk nahi genuen moduko agurra eman taldeari.

Fran: Kuriosoa da erabakia nola hartu genuen. Bilera batera joan ginen Zuriñe eta biok. Bilera horretan hainbat gai zeuden, baina hau ez zegoen horien artean. Beste guztiak landu ostean “gauza bat esan behar dizut Zuriñe. Ez zaizu iruditzen hau (Hesian) ya…” esan nion eta bere erantzuna aurpegian ikusi nuen. Aurpegi lasaia. "Gauza bera esan nahi nizun eta ez nekien nola" esan zidan.

Hor ere, azken diskoak izan zuen bere garrantzia. ‘Hasiera’, zer nolako gauzak, lana produktore batekin grabatu genuen. Aurretik inoiz egin ez genuena egin genuen. Goazen probatzera, goazen ikustera zer egin dezakegun, nora iritsi gaitezkeen. Eta emaitza ona izan zen, diskoak funtzionatu zuen, baina beti bezala. Izan ere diskoek funtzionatu egin dute. Eta hor ikusi genuen agian egin beharrekoa egina genuela.

Mezuak ere aipatu dituzue. Baten bat bereziki?

Fran: Asko, ez? Esker mezuak gehienbat. Oraindik ez dut kontrakorik ikusi, nahiz eta horiek ere beharrezkoak diren. Hor zaudela esan nahi du.

Zuriñe: Nik bai. Meme bat kar,kar. (Hesianen amaiera Simpsonen irudi batzuekin ospatzen duen meme bat). Baina asko jaso ditugu, batzuk luzeak eta beste batzuk bi lerrotan bihotza ukitzen dizutenak.

Fran: Kuriositate gisa, nire aitarena. Azken kontzertuko gauean bertan ametsgaizto bat izan nuen. Nire buruaz beste egiten nuen. Sare sozialen bidez elkarbanatu nuen ametsa (taldearen amaierak sortutako bertigoa islatzen du) eta bat-batean euskaraz ia ez dakien nire aitaren mezu bat iritsi zitzaidan. “¿Qué es eso de que te vas a suicidar?" Beno, bitxikeri bezala edo…

Musika taldeen artean ohikoa izaten da agur kontzertu erraldoi bat iragartzea. Zuek kontrakoa egin duzue. Formatu txikian eta azkena izango zela esan gabe.

Zuriñe: Honi ere buelta asko eman dizkiogu. Ez zen guk amestutako amaiera. Gure buruan agur bira bat zegoen, kontzertu erraldoi eta izugarri politekin. Baina egoerak behartu gaitu erabakia gehiago ez luzatzera. Eta horrela suertatu da. Baina Bilbokoa oso berezia izan zen guretzako. Azkena zela jakinda bizi izan genuen eta disfrutatu. Guk bakarrik genekien, baina modu berezian disfrutatu nuen.

Fran: Orijinalak izan gara horretan kar, kar. Egia esan, ez zeukan zentzurik itxoiteak. Erabakia hartuta zegoen. Eta buelta asko eman dizkiogu. Baina azkenean "ale, egin dezagun horrela". Iragarri izan bagenu seguro jende gehiago etorriko zela, baina etorri nahi zutenak etortzea nahi genuen.

Beraz, atea itxi egiten diozue osasun egoera konponduko balitz agur kontzertu bat emateari?

Zuriñe: Puf. Hipotesietan sartzea da hori. Oraintxe bertan ezinezkoa da eta ez dakigu zenbat luzatuko den egoera hau. Beraz ez dugu planteatu ere egin.

15 urteko ibilbide luzea. Une gozo eta zailak izango dituzue gogoan.

Fran: Une asko utzi dizkigu. Onak eta txarrak baita ere. Onen artean hainbat kontzertu ditut. Etxarritik irten eta lehenbiziko aldiz konturatzen zarenean zure kantak ezagutu eta kantatzen dituztela. Ez dela soilik zure lagunen edo herriaren gauza. Gogoan dut Ibarran jo genuela eta flipatu egin genuela denek abesti guztiak zekizkitelako. Edo 2010ean, Gasteizen, Mendizorrotza ondoan dagoen polikiroldegi batean eskaini genuen kontzertua. Bereziki dut gogoan izugarria izan zelako. Disko berria zen eta lagun pila batek dagoeneko kanta guztiak zekizkien. Giro bikaina sortu zen. Edo 2013ko Kursaaleko kontzertua. Talde bezala oso berezia izan zen.




Eta Zuriñeren iritsiera ere momentu on horien artean daukat. Garai zail batetik etortzen ginen. 2009an gure lehen abeslariak taldea utzi zuen eta beheraldia egon zen. Bigarren abeslari bat sartu zen 2010ean eta ez zuen funtzionatu. Beste beheraldi bat. Urte amaieran Zuriñe sartu zen eta hasi ginen ikusten berriz ere taldeak indarra hartzen zuela.

Zuriñe: Une onak eta txarrak baino gehiago, onak eta ez hain onak. Uste dut txarrek ere zerbait ona ematen dizutela, ikaskuntza. 11 urte hauetan zehar bizipen asko eta asko egon dira eta guztiek balio izan didate zerbait ikasteko. Orduan ez nuke bide honen ezer aldatuko. Bide honek egin gaitu gaur egun garena. Eta momentu asko dira gogoan. Bai Euskal Herrian bizitakoak bai kanpora joan garenekoa. Milanen egonen ginen festibal batean eta aprobetxatu genuen bidaiatzeko, Londresen egon ginen elkartasun jaialdi batean beste euskal talde askorekin batera. Polita izan da hemendik atera eta gure musika beste esparru batzuetara eramatea, baina ederrenak eta gehienak Euskal Herrian dira.

15 urte eta zortzi disko. Zerbait geratu zaizue esateko?

Zuriñe: Beti. Beti dago zerbait esateko. Banan banan aztertzen badituzu gure diskoak, adibidez 2011an ‘Hitzetik’ diskoan kontatzen genuena bazen une horretan gure modua mundua ikusteko. Hori islatzen genuen kantuetan. Akaso gaur kanta horiek hartzen ditut eta gaur egun ez naiz hain identifikatuta sentitzen. Edo bai. Zu hazi egiten zara eta kantuen istorioek buelta bat ematen dute, zurekin batera aldatzen da kontatzen duzuna. Beraz zerbait esateko beti izango dugu.

Fran: Ez da hainbeste zer daukagun esateko. Nik uste sortzaileak beti duela zerbait adierazteko. Baina hori nola egiten asmatzea da gakoa.

Zer ikasi duzue denbora honetan?

Fran: Dena. 15 urte dira, bizitzaren parte handia. Nik esango nuke besteak ulertzen ikasi dudala. Elkarrekin lan egiteko horretan bestea ulertzen. Eta beldur eszenikoa. Zuriñek badaki. Hasieran, kontzertuen aurretik, ez nuen afaltzen. Ez nuen ia egun guztian ezer jaten. Baina 2010etik aurrera edo, horri buelta ematen hasi nintzen. Gaur da eguna zeinetan sekulako betekadak hartzen ditudan. Lehen kontzertuak ziren figura mantentzeko metodoa. Orain borroka hori galduta dago kar,kar.

Zuriñe: Gauza asko ikasi ditut nik ere, baina bat nabarmenduko nuke. Ahalduntzea. Gaur egun oraindik musika munduan gizonezko askoz gehiago dago, baina ahalduntzen ikasi dut. Disfrutatzen, sentimenduak adierazten, eszenatoki gainean gozatzen.

Hesian ez, baina Franek eta Zuriñek zer egingo dute hemendik aurrera?

Fran: Orain, elkarrizketa bukatuta, lanera itzuli. Ez, serio jarrita, ez dakit. Goiz da. Gu musikariak gara. Ez gara Hesianen aritu arrakastagatik, diruagatik… Musika gure parte delako aritu gara. Eta hemendik aurrera ere honela izango da. Musikari lotuta egonen naiz. Baina mila forma izan ditzake horrek. Izan daiteke nire etxeko sofan kitarra jotzen.

Zuriñe: Oraindik ajea daukagu etorkizuneko proiektuetan pentsatzeko. Musika maite dugu eta bizitzaren parte izango da. Ez dakit nola, baina izango da.

Hesianen azken mezu bat?

Zuriñe: Batez ere eskerrak ematea urte hauetan gurekin egon direnei. Guztioi. Hori da niri geratzen zaidana. Urte guzti hauetan bai egindakoaz bai publikoaren aldetik jasotakoaz. Eta baita gure ondoan egon idren pertsona guzti horiekin oso eskertuta. Gure taldearen parte izan diren pertsona guzti horiekin eskertuta. Hesian oso-oso familia handi bat bilakatu da. Ederra da eta hori eramaten dut nirekin, harrotasun puntu hori lortu dugun guztiaz. Eskerrik asko da hitza.

Fran: Bide batez, komunikabideei ere. Beti hor egon zarete. Onenetan eta txarrenetan ere. Une zailak izan ditugunean ere lagundu gaituzue. GazteSarea dut orain gogoan, garai txar bat pasa genuenean eman ziguten laguntza. Ba hori, eskerrak ematea guztioi.