Andoni Urbistondo

Kurtzebarri, Debagoieneko balkoia

«Kurtzebarri», Aretxabaleta eta Eskoriatza gainean, Debagoiena bailarako balkoia da. Araba eta Gaztelako Lautadatik Kantauriar isurialdera malkartsu jauzi egiten duen tontor harritsu ikusgarria, dotorea. Mendiola auzotik abiatu gara tontorreko gurutzerantz.

Kurtzebarrirako bidetik Gorbeako irudi ikusgarria.
Kurtzebarrirako bidetik Gorbeako irudi ikusgarria.

Aizkorri eta Elgea mendikate garaiek ezinezko egin dute zibilizazioa eta errepideak eremu basati haietan barneratzea, eta Gipuzkoa eta Araba arteko mugak pasabide edo lepo natural bakarra dauka: Arlaban. Handik gertu dago Zaraia mendilerroa, Elgea haize-errotaz zipriztindutako mendikate etzan eta biribilduaren mendebaldeko muturra. Zaraia zen, egun Kurutzebarri eta Elorreta Haitza izenak erabiltzen baitira ahoz aho. «Kurtzebarri», bertakoentzat, Araba eta Gaztelako Lautadatik Kantauriar isurialdera malkartsu jauzi egiten duen tontor harritsu ikusgarria. Debagoiena bailarako balkoia, harana baino 900 metro gorago.

Debagoiena eskualde aberatsa da biztanle ko puruan, industria indartsuan, baita mendi dotoreei dagokienez ere. Aizkorriko mendebaldeko ertza Oñati gainean altxatzen da, Aloñamendin; Arrasateko zeruan Udalatx erregea harro ikus daiteke, eta Aretxabaleta eta Eskoriatza gainean, Kurtzebarri menditzarra. Oso urrunetik nabaritzen den gurutze erraldoi bat du tontorrean, bailarako lur lauak baino 900 metro gorago. Bertakoek Kurtzebarri deitzen diote, eta bailaratik mendi handia da, baina ez Udalatx edo gertu dagoen Anboto bezain erpintsu edo piramidala.

Eskoriatzako Mendiola auzotik hasten den igoera bera ere ez da mendizaleak sobera erakartzeko modukoa. Tontorra Eskoriatza edo Aretxabaleta den... eztabaidagai serioa omen Debagoienean. Jakina, bakoitzak berea defendatzen du. Aretxabaletakoek bertako lurretan dagoela esango dizute, eta Eskoriatzakoek Mendiola herri horretako auzoa dela. Bertakoak ez garenontzat anekdota hutsean geratzen den eztabaida, zorionez...

Mendiola auzora iritsi baino lehen gurutze antzeko bat daukan biribilgunea dago. Bertan utz daiteke autoa, baina 300 metro gorago aparkaleku hobea dago. Handik gora bidea pista batean barrena doa, tarteka pista ezkerrera utzi eta mendi xenda batean gora joan badaiteke ere. Kurtzebarriko ipar horma izango dugu beti zaindari, gure ezkerretara. Azkar irabazten da 800 metroko langa, San Juan Txikia ermitaren parera iristearekin batera. Atean daukan gurutzeagatik ez balitz, zaila baseliza bat dela jakitea.

Zaraia mendikateko gainaldera

Han geldialditxoa egitea komeni da, dena den, hegomendebalderantz dagoen Aitzorrotz erpina eta erpin gaineko ermita ikusteko. Itxuraz, eta urrunetik, San Juan Txikia ermita baino askoz ederragoa. Ordu laurden eskasean, bideak lehenago aurkitu ezin izan duen arrakala aurkitzen du Elorreta eta Aranguren mendien artean, Zaraia mendikateko gainaldera iristeko. Apotza edo Kargaleku lepoan gaude, euriak euri azken egunetako elurra ia urtu gabe ondo mantendu duen ordeka itzaltsuan.

Sakonune horretan bi aukera daude: Elorreta gailurraren azpitik zuzenean Kurtzebarri tontorreraino joatea edota mendi-lepotik Elorreta gailurrera igotzea, tentuz ibiltzeko moduko lapiaz labirintoan barrena. Tentuz, harri zorroztu batzuk heze daudelako, eta lapiaz hautsian barrena ibiltzean beti jarri behar direlako bi begiak hurrengo pausoa nora eman erabaki aurretik.

Elorreta harri eta arroka festa da. Laua den txoko bat bilatzea lantegi zaila da, baina zutik jarrita ere komeria gutxi 1.146 metroko behatoki horretatik sekulako ikuspegia dagoela jabetzeko: ekialdera Aizkorriko mendigunea, Aralar, eta Baztango mendi zurituak. Hegora Elgeako mendilerroa, bere haize-orratz festarekin, lehen planoan, eta urrun, Errioxa eta Gaztelako mendiak, San Lorenzo, Urbion eta beste, zuri-zuri. Mendebaldera, Gorbeia eta Anboto, Bizkaiko erregeak, eta Udalatx piramidea. Iparrera, azkenik, Erlo, Ernio eta Gipuzkoak beste hainbat tontor, denak elurrik gabe.

Amildegi beldurgarria

Elorretatik Kurtzebarrira 10 minutu eskasean heltzen da. Bidean gero eta handiagoa egiten da Kurtzebarri tontorreko berunezko gurutzea. Kurtzebarrik 15-20 metroko hormatzarra du iparrerantz, eta gailurra iristeko itzulinguru txiki bat eman behar da, eskalatzen iaioa izan eta sokaren bat eraman ezean. Behin gailurrean, gurutzea ikaragarria da.

Postontzian Debagoienean aski ezagun izan zen mendizale baten oroigarri polita dago: Felix Iñurrategi, 2000. urteko uztailean Gasherbrum II mendian amildu zen mendizale aretxabaletarra. Gurutzean plaka bat dago, esaldi honekin: «Kurutze Berri, Kurutze ona, zabaldu izu gure errian pakea eta zoriona. 1928ko iraila». Bitxikeria moduan, gurutze erraldoi hori jarri zuten arte Kurtzebarri mendia Zaraia izenez ezagutzen zen, garaiko bibliografiak dioenez.

Mendi honek amildegi ikusgarria du iparrerantz, Debagoieneko lur eta soroetarantz, eta jaitsierako bidea igotako toki beretik egiten bada ere, merezi du 510 minutuko txango erraza egitea, harkaitza erabat bertikal jartzen den tokiraino. Tentuz, noski, eta zer esanik ez belarra edota harriak bustita badaude. Kurtzebarriko ipar muturretik begien aurrean agertuko zaigun bista inoiz ahaztuko ez zaigun argazkia izango da: 1.100 metroko balkoitik, Debagoiena bailara osoa, eta gure azpian Urkulu urtegi ikusgarria.

1979an bukatu zituzten lanak, eta Debagoieneko biztanleak urez hornitzen ditu, euri eta mendiko errekastoen bitartez. Ia 800 metro goragotik ikusgarria da, eta han eta hemen Suitza Txikia edo Euskal Herriko Suitza deitu izan zaio. Batez ere, inguruneak zuri-zuri daudenean. Urkulu urtegia inguratzea posible da, zazpi kilometro eskaseko ibilbide eroso batekin. Eta Kurtzebarri menditzarraren ikuspegi dotorearekin. Hori bai, aintzat hartu bainua hartzea debekatuta dagoela.

Atzera egin eta berriro Kurtzebarriko gailur azpitik pasatu ondoren, itzulerako bidea joanekoan egindakoa baina askoz ere samurragoa da, belardi eta elur multzo txikietan barrena, lapiaz ordokia beti ekialdera utziz. 20 minutuko tartean berriro Kargalekuko lepo azpira iritsiko gara, eta handik pista zatarra eta zibilizazioa, berehala. Oroitzapenen zakua opari ederrez beteta!