Eli Txapartegi

Barandiaran Museoa, elezahar, mito eta magiaz inguratutako bidaia

Joxemiel Barandiaran Ataunen jaio zen. Baita hil ere 101 urterekin. Eta bertan, bere herrian, ezagutu daiteke euskal antropologoaren bizitzari buruzko informazioa. Baina, batez ere, hark egindako dibulgazio lanaren ingurukoa. Barandiaran Museoa eta hurbileko paraje naturalak magiaz beteta daude.

Museoaren irudi bat.
Museoaren irudi bat.

Herri magiko batean bizi direla entzuten dutenean, harro sentitzen dira ataundarrak. Eta, egia esan, Joxemiel Barandiaranekin lotutako inguruak ikusten dituenean, giro magikoa sumatzen du bisitariak. Ataunen bertan eta inguruetan asko dira euskal antropologoa gogorarazten duten txokoak, baina ibilbide bat jarraitu nahi duenak Barandiaran Museoan abiatu beharko luke bisita.

Esan ohi da museoa bisitatzea euskal kulturaren bihotzean murgiltzea dela. Izan ere, euskal apaiz, antropologo eta etnologoaren bizitza, eta, batik bat, hark egindako lan eta dibulgazio zabala ezagutzeko parada paregabea eskaintzen du, mitologiaz blaitutako aukera interesgarria. Euskal folklorea modu erakargarrian ezagutu ahal izango dute bertaratzen direnek; seguruenik, sentsazioak eta irudimena piztuko zaizkie konturatu gabe.

Museoa, XV. mendeko errotan

Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotan dago kokatuta museoa. Errotak historia luzea du –lehen aipamenak XV. mendekoak dira– eta eraikinak antzinako itxurari eutsi dion arren, teknologia berriez hornitua dago barrualdea.

Goiko solairuan Barandiaranen bizitza azaltzen da, ikus-entzunezko baten bidez lehenik eta, ondoren, biografia-gelan, pantaila eta bideo didaktikoen bitartez. Eta beheko solairuan, berriz, arkeologia eta etnografia alorrean euskal antropologoak egindako lanen garrantzia azpimarratzen da, errepliken, bideoen eta beste zenbait baliabideren bitartez. Larruntza errotaren ondoan Errotatxo izeneko bigarren errota eta uraren indarrak mugitutako zerrategia daude, beren aldaparo eta guzti. Egitura horiek guztiek multzo hidrauliko ikusgarria osatzen dute.

Horrez gain, Ataunen eta Aralarko Natura Parkean egin daitezkeen ibilbideei buruzko informazio-gune ere bada Museoa. Lan hau Lizarrustiko Parketxearekin batera egiten da, bi guneek Aralarko Parketxe Hedatua osatzen baitute.

Izan ere, Ataunek inguru natural paregabea du, eta altxor historiko izugarriak hartzen ditu, erromatar txanponak, dolmenak eta haitzuloak, besteak beste. Iraganeko erlikiak dira, abeltzaintza eta nekazaritzarekin oso lotuta dauden udalerriko bizilagunen historiak eta elezahar mitologikoak dituztenak, belaunaldiz belaunaldi helarazitakoak.
 
Dolmen eta haitzuloak

Hain zuzen, Sarastarri, Areetza eta Aitxu mendiek mendeetan zehar gorde duten aspaldiko kultura horrek erakarri zuen Barandiaran gaztetan euskal etnologia eta arkeologia ikertzera. 

1889an jaio zenetik 101 urterekin 1991n hil arte, ikertzaileak dolmen eta haitzulo ugaritan indusketak egin zituen. Baina, ezer baino lehen, aurkikuntza horiekin batera zihoazen elezahar herritar magikoak eta historia ikertu zituen. 

Euskal etnografoa herrien memorian dauden ehunka fabula paperean islatzeaz arduratzeari esker, euskal mitologiaren aita bihurtu da.

Beraz, museoa bisitatu ez ezik, inguruetan paseoa egitea merezi du, ikertzailea liluratu zuten antzinako elezaharren edertasuna ikusi ahal izateko eta, bide batez, sentitu ahal izateko alegia horiek bizirik daudela.
 
Joxemiel Ataungo Peruenezar baserrian jaio zen eta hil, berriz, Sara Etxean, hau da, gerraostean, erbestetik itzuli zenean, Ataunen bertan eraikitako etxean. Informazio hori guztia eta askoz ere gehiago jasotzen du museoak, non hamaika kultur jarduera antolatzen diren urtean zehar: bisita gidatuak bai museora bai errotara, mitologia-tailerrak, Mitoaldia ibilaldi mitologikoa, talo tailerrak, ibilaldi gidatua Aralarren... Dena magiaz bustita!