Iñigo Elordui (Argazkiak: Conny Beyreuther)

Punta Begoñako galeriak, Getxoko euskal burgesiaren arkeologia

Algortan daude Punta Begoñako galeriak, Arriluzeko kaia parean eta Abra badia atzean dutela. Ez dira Getxoko elementu bisual hutsa; euskal burgesiaren historiaren zati ere badira. XX. mende hasieran eraiki zituzten, goi mailako jendearen artean bainu turismoa bete-betean hedatzen ari zenean.

XX. mende hasieran eraiki zituzten galeriak.
XX. mende hasieran eraiki zituzten galeriak.

Pasa den mende hasieran, Punta Begoñako galeriak eraiki zirenean, inguru horretako paisaia egungoaren oso bestelakoa zen: kostaldea itsaslabarra zen, hareatzak ez ziren existitzen gaur egun ezagutzen ditugun eran, ezta Ereagako hondartzako pasealekua ere; ez errepiderik, ez autorik, ez jendea paseoan... Kontradikerik ere ez zen existitzen, eta are gutxiago kirol portua, jatetxez, tabernaz eta terrazaz betea, eguraldi ona denean jendez gainezka izaten direnak baina ingurunea duela ez urte asko ezagutzen dutenentzat xarmarik ez dutenak. Ehun urte igaro dira Horacio Etxebarrieta magnateak Punta Begoñako galeriak eraikitzea agindu zuenetik eta, ordutik, Getxoko itsasbazterreko paisaia apurka eraldatzen joan da gizakiaren eraginez.

Horacio Etxebarrieta Europako dirudunen artean dirudunenetakoa zenak Getxon ezarri zuen bere udaldietarako egoitza. Euskal burgesiaren artean ur gaziko bainuak modan jarri ziren garaia zen, eta Bizkaiko udalerria izan zen bainu turismo horren gune garrantzitsuenetako bat –villa handien paseoa da horren lekuko–. Etxe handi eta dotorea, egun desagertua dena, Gregorio Ibarretxe arkitektoak eraiki zuen, egun Athleticen egoitza den Ibaigane jauregiaren egilea ere badenak. Itsaslabarraren gainean kokatua zegoen eta aurrean Arriluzeko arrantza-kai txikia eta Abra badiaren mugagabetasuna baino ez zituen. Itsasoaren kolpeek lur-jausiak eragin zitzaketen beldurrak bultzatuta, galeriak eraikitzea agindu zuen, euste-horma gisa.

Denboran zehar bidaian

Galeriok, itsaslabarra setiatzen dutenak, Ricardo Bastida arkitektoak eraiki zituen, Bilboko Alondegi zaharraren egileak. Zutabetuak eta terraza balaustratu batez estaliak, Getxoko paisaian ez dira ikur bat soilik; aitzitik, XX. mendeko Bizkaiko eraikuntza adierazgarrienetako bat ere badira, zuten erabilera bereziagatik, kokaleku bitxiagatik eta gauzatzeko erabilitako teknologiagatik (hormigoi armatua erabili zen, garai hartan oso material berritzailea). Bere barnealde zainduetan eta galerien dekorazioan Ricardo Bastidak Bartzelonako Eskolan jasotako formakuntza modernista antzematen da; fatxada klasizista bikainean, berriz, italiar Errenazimentuarekiko zuen grina eta Akademia Frantsesaren edo Beaux Arts arkitekturaren inguruan jasotako heziketa igartzen da: fatxada geometriko ordenatua da, pilastra, balaustrada eta erlaitzekin osatua.

Galeriak honakoez osatuta daude: enpresariaren bulegoa zen gela handi itxi bat eta Abra badiara ematen duten hainbat terraza eta galeria ireki. Apaindura guztiek agerian uzten dute jabearen botere ekonomiko, publiko eta soziala. Bulegoan, Italiako marmolek –Carrarako zuriak eta Bardiglio grisak– zoruan dagoen Bizkaiko Ereñoko harrobiko kare-harri gorriarekin konbinatzen dute. Galeria irekiak mudejar estiloko zeramikekin dekoratuak daude, ohikoa zena XX. mende hasierako euskal burgesiaren gustuetan. Ez da harritzekoa, hala, Punta Begoñan ageri diren apaingarri gehienak Bilboko Cafe Iruñan ere izatea.

Galeriok bisitatzeak (egun itxita daude) denboran atzera bidaiatzera gonbidatzen gaitu eta bertakoen bizitzak irudikatzera, baina eraikuntza honek historiako gorabeherak ere ekartzen dizkigu gogora. Aipatu bezala, apaindurak eta eraikuntza-elementuek jabearen boterearen berri ematen digute; galeria nagusiko hormetan ikus daitezkeen muralak, berriz, gatazka batez mintzatzen zaizkigu, hots, gozamenerako egin zen espazio honen amets idilikoa hautsi zuen borrokaldiaz. Zer arraio egiten dute Horacio Etxebarrieta bezalako errepublikazale baten etxean espainiar abiazioko ezkutuak, edota Borgoinako gurutzeak? Eta uztarria eta geziek? Nola azaldu sabaiko frisoan margotutako ‘Viva España’, ‘Arriba Franco’ edota ‘Una, Grande, Libre’ horiek?

Azalpen bakarra dago: 1937an galeriak italiarrek okupatu zituzten, eta kuartel nagusi bihurtu eta, ondoren, ospitale militar eta Auxilio Social zelakoaren egoitza izan ziren. Egun, EHUko talde bat horiek guztiak ikertzen ari da, baina zalantzarik ez dago Horacio Etxebarrietaren ametsa Espainiako Gerra Zibilarekin hautsi zela; izan ere, faxisten okupazioaren ondotik ez zen sekula gehiago galerietan izan, eta bere bilobentzako jolastoki bihurtu ziren.

Urteak eta urteak abandonatuta egon ostean, galeriak egoera negargarri samarrean egon dira azken urteotan. Bai barnealdean bai kanpoko terraza eta galerietan, bistakoak dira gainbeheraren seinaleak, bai giro kutsatuak eta itsasoak eragindakoak, bai eraikinarekin zerikusirik ez duten pertsonek eragindakoak. Baina bertako horma eta lorategiak hizketan eta istorioak kontatzen jarraitzen dute, eta Abra badiara dituen bista ikusgarriek bere horretan diraute. Punta Begoña ez da edozelako lekua, eta hori bere hondarren artean igartzen da.

Berreskuratze lanak

Egun, Getxoko Udala da eraikinaren jabea eta azken urteetan erabilera berri bat emateko hainbat proposamen aurkeztu dira. Gran Hotel Neguri eta ondoren Barcelo katearen beste hotel bat ezartzeko egitasmoek –aurrera atera ez zirenak– herritarren mobilizazioak piztu zituzten, eta irmoki egin zieten aurka, irizpide eztabaidagarrien pean ondare arkitektonikoak neurrigabeko eraldaketa jasateko arriskua zuela ikusi zutelako. Azkanaldiotan, EHUko ikertzaile eta teknikari talde bat Galeriak berreskuratzeko eta beren balioa nabarmentzeko lanean aritu da. Eta orain bi urte Historiaurreko aztarnategi bat aurkitu zuten «ezustean», duela 5.000 urtekoa. Hala ere, oraindik ezin da galeria berritua ikusi, osasun krisialdiak atzeratu egin duelako aurreikusitako zabaltze data.