Neurriak neurri EHZren 25. urteurrena ospatuko dela jakinarazi dute antolatzaileek

Pozez jakinarazi dute Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren antolatzaileek, martxoan aitzinatu zutena baino programa zabalagoarekin ospatu ahal izanen dela festibala uztailaren 2, 3 eta 4an Irisarrin. Neurrien lausotzearekin antolaketa zehazten ari da, eta 25. urteurrena ospatzeko prestatzen ari dira.

EHZ-koen agerraldia gaur. (EHZ)
EHZ-koen agerraldia gaur. (EHZ)

Martxoan aitzinatu zuten bezala, EHZk aurten 25 urteurrena ospatzea lortuko du. Orduan aurrikusi zen jaialdi formatua guztiz aldatu da, osasun neurrien lausotzearekin programa anitz aberastu ahal izan baita. Oraindik aldaketak izateko arriskua bada ere, jaialdia «bai ala bai egiteko asmoa» argiki agertu du Joana Barbier antolakuntzako kideak. Uztailaren 2tik 4ra izango da, Nafarroa Behereko Irisarri herrian.

Orain arte aurreikusitako neurriak atxikitzen badira, gau eta egunez ospatu ahal izanen da, jaialdia herriko plazan eta pentzean egin ahal izanen da, eta janari eta edari ostatuak izanen dira.

Pandemia dela eta, kultur munduak bizi duen egoera zaila kontuan harturik, duela bi urte abiatutako filosofiari segida emango diote, eta euskal artistek osatuko dute programa osoa. «Testuinguru berezi honetan, kulturarentzat eta euskararentzat arnasgune baten emateko nahikeriarekin» egina izan dela adierazi du Julen Oillarburu antolaketako kideak.

Osasun neurriak

Pandemia egoera honetan osasun neurriak aldatzen direla jakinik ere, gaur egun emanak diren datak atxikiz, arras kontent agertu dira jaialdiko antolatzaileak. Eguna hasiko den egunaren bezperan etxeratze agindua kenduko baita, eta festalariek zutik egoteko aukera izanen dute.

Horrek antolakuntza guztia aldatzen du, gaueko emanaldiak atxiki ahal izanen direlako, eta antolakuntzarako beste mugikortasuna emanen diolako. Zentzu horretan antolaketa egiteko, suprefetarekin harremanetan daudela azaldu dute. 

Neurriak lausotzen badira ere, jaialdian sartzeko PCR proba negatibo bat aurkeztea edo txertoa jaso izanaren ziurtagiria beharrezkoa izanen da. Musukoa eramatea beharrezkoa izanen da, eta gel hidroalkoholikoa jai gunean zehar toki ezberdinetan egon beharko da. Aldi berean, kanping eremua izanen ote den oraindik ezin dute baieztatu.

Baldintza horiek guztiak kontuan izanik, laguntzaile gehiagoren beharra izanen dela nabarmendu dute antolatzaileek. Duela bi urte 250 izan baziren, aurten 400 pertsonen laguntza beharko dutela azaldu dute, hori dela eta, laguntzera joateko deia zabaldu dute.

Programa aitzinatzen

Agertoki gainean Chill Mafia, Ruper Ordorika, Potato, Kuartz eta Torheit taldeen presentzia konfirmatu dute, eta beste talde batzuekin harremanetan daudela gaineratu dute.

Baina programazioa anitza eta denentzat pentsatua dela baieztatzearekin batera, egunean zehar izanen diren artista batzuen izenak aitzinatu dituzte: Hatz(a)marka kantu eta olerki ikuskizuna, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Tio Teronen semeak dantza taldea eta Andoni Ollokiegi bakarlaria.

Irisarri jaialdiaren kokagune hautatzeko momentuan herriko denda, ostatu, herritar eta Herriko Etxearekin duten harreman ona izendatu ditu Oillarburuk, baina bertan dagoen Ospitalea gela ere aipatu du, programazioan dauden tailer, hitzaldi eta mahai inguruei harrera egiteko gune gokia baita.

Aurten bost gai nagusi hautatuko dituzte: artearen funtzioak, etxebizitza problematika, krisi kapitalista eta ekologikoa, Euskal Herriko Nazio Askapen Mugimendua eta EHZren 25. urteurrena.

«Ekaitzak, tenpestak eta azkenean pandemia gaindituz» mende laurdeneko urtemuga ospatzeko asmoa argia bada, horren ospatzeko zein ekimen izanen diren ez da zehaztua izan, baina horretarako talde berezia sortu da antolakuntzaren baitan.

Sarrera bereziak

Maiatzaren 19 honetatik goiti 150 sarrera salgai daude 35 eurotan, eta joan den urteko sarrerak edizio honetarako baliatu ahal izanen dira. Egunez eguneko sarrerak heldu den astetik goiti erosi ahal izanen dira. Denak jaialdiaren webgunean eskuratu daitezke.

Laguntzaile izateko izen emateak ere heldu den astean irekiko dira, eta dei berezia egin dute, kopuru handia izan beharko dela kontuan harturik.

Jaialdiaren ospakizuna albiste oso pozgarria da, dudarik gabe, musikazale eta festazaleentzako. Are gehiago astelehenean Bilbao BBK Live eta Azkena Rock aurten ere ez direla egingo eta 2022. urtera atzeratu direla jakin ostean.