NAIZ

Bilbao BBK Live eta Azkena Rock jaialdiak 2022ra atzeratu dira osasun egoeragatik

Bilbao BBK Live eta Azkena Rock jaialdien aurtengo edizioak 2022. urtera atzeratu dira. Osasun egoerak onera egin duen arren, jaialdiak antolatzaileek nahi lukeen moduan garatzeko baldintzak ez direla betetzen baieztatu dute.

BBK Live jaialdiaren 2019ko edizioa. (Monika DEL VALLE/FOKU)
BBK Live jaialdiaren 2019ko edizioa. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Bilbao BBK Live-ko antolakuntza izan da lehena albistea ematen: «Lehen-lehenik, eskerrak eman nahi dizkizuegu zuei guztioi zuen pazientziagatik eta erresilientziagatik, une latz hauetan inoiz baino babestuago sentiarazi baikaituzue. Pentsatuko zenutenez, Bilbao BBK Live jaialdia ezin izango dugu egin programatutako egunetan eta moduan. Apurtxo bat gehiago itxaron beharko dugu, gure hitzordua 2022ra atzeratu behar dugu eta», azaldu dute antolatzaileek sare sozialetan argitaratutako ohar batean.

Aurtengo jaialdia uztailaren 8an hasi behar zen, eta egun horretan bertan iragarriko dituzte Bilbao BBK Live 2022 jaialdian parte hartuko duten artista eta taldeen izenak. Gainera, sarrerak itzultzeko prozesua nolakoa izango den zehaztuko dute.

«Eskerrik asko bihotz bihotzez izaten ari zareten pazientziagatik eta, zuek bezala, gu ere erabat frustratuta gaude aurten ere ezin izango dugulako jaialdia egin. Baina absentzia luze honen ondoren, itzulera sinestezina izango da eta merezi izango duela hitz ematen dizuegu. Zuzeneko musika gozatzeko eta ospatzeko irrikaz itzuliko gara», adierazi dute.

Azkena Rock ere 2022ra

Osasun egoera izan da, baita ere, Azkena Rock jaialdia 2022ra atzeratzearen arrazoia. «Egoera iaz baino hobea bada ere eta txertoak iristen ari badira ere, osasun neurriek ez diguten uzten Azkena Rock ospatzen», azaldu du Last Tour jaialdiaren antolatzaileak ohar baten bidez. Ekainaren 17an, jaialdiak hasi behar zuen egunean, iragarriko dute 2022ko kartela. Aurtengo edizioan, besteren artean, Iggy Pop, Patti Smith eta The Offspring igo behar ziren Mendizabalako oholtzara.

Jaialdiaren antolakuntzan dabiltzak teknikari, garraiolari eta produkzio taldeko kideak urtebete «geure burua berrasmatzen» daramatela ziurtatu dute, jaialdia egin zedila bideratzeko, baina «osasun kolektiboa lehenetsi behar dela ulertzen dugu».

Aurtengo ediziorako sarrerak erosita zituztenek hurrengo urterako gorde edo dirua berreskuratzeko aukera izango dute, ekainaren 17tik aurrera.

Azkenik, besarkada bana helarazi nahi izan diete «coronabirus madarikatuagatik» senide edo lagunen bat galdu dutenei eta gogoratu dute «geroz eta gutxiago» geratzen dela «jaialdi handi batean biltzeko. Bizitza luzea rock and rollari», amaitu dute.