Urtzi Urrutikoetxea

Yap, Mikronesiako altxorra

Hiru letra baino ez ditu uharte txiki honen izenak. Herrialde oso urrun bateko lurralderik txiki eta urrunena da, Mikronesiako Federazioko gainerako estatu-artxipelagoetatik ere bakartuta. Zaila da iristen, baina bertan izan garen gehienok dakigu zeinen berezia den.

Mundutik bakartuta eta guztiz bere buruaren jabe dirudien lurraldea daYap.
Mundutik bakartuta eta guztiz bere buruaren jabe dirudien lurraldea daYap.

Gida-liburuek diotenaren arabera, AEBen menpe dagoen Guam uhartetik, Mikronesiako milaka irletatik handienetik, baina ezin da hona iritsi. Astean behin badago Palautik, mendebaldeko beste herrialde txiki batetik, honainoko konexioa, ordea, eta horixe hartu dugu guk. Oso hegazkin txikia da, dozena bat lagunentzako lekua du eta, hala ere, ez dator beteta. Pazifiko zabalaren handitasunean itsasoa besterik ez da ageri, harik eta koralezko arrezifean hausten diren olatuak sumatu eta urdin tonuak argitzeaz bat lur arrea eta basoak ageri diren arte. Mendeetan, itsasoz egin zuten bide berbera yaptarrek euren txalupetan, Palauko harrobietatik euren uharteraino harrizko dirua ekartzeko.

Lur hartu eta pasaporte kontuak berehala egin ditugu. Pazifikoko uharte hauetan aireportua, lur hartzeko pista bera eta itxarongela bat dira gehienetan, eta agente pare bat izaten da gehienez ere aduana kontuetarako. Bizpahiru familia aireplanoan iritsi direnen bila etorri dira; eta lehen ezustea: alde batetik erlijioak pisu handia duen lekua izanda ere, emakume zein gizon papar bistan doaz. Bigarren ezustea: ostatuko gidaria familiak joan direnerako etorri da bila, eta ordurako maleta faltan nuen.

Hobeto esanda, nirearen antzekoa den beste maleta bat daukat, beste norbaitek ahaztutakoa, eta hark nirea eraman du, zalantzarik gabe. Zorionez, horrelakoak gertatzeko lekurik onenean gaude: telefono dei pare bat eta konpondu dugu akatsa.

100 kilometro koadroko uhartea da, azken batean. Sakonera gutxiko itsas aintzirak inguratzen du, eta ozeano zabalarekin mugatzen duen 150 kilometroko koralezko arrezifea. Itsaspeko bizitza itzelaz gozatzera datoz hona turistak; honaino datozen turista bakanak, alegia. Urpekaritza maite dut nik ere, baina txundigarriagoa zait Mikronesiako uharte honek lurrean eta lehorrean daukan altxorra: munduko urpekarien artean famatu aurretik, «harrizko diruaren lurraldea» zelako ezagutzen zuten uhartea. Izenak iradokitzen duen hori bera da: harrizko disko erraldoiak dira, 3,5 metroko diametroa ere badute batzuek.

Urrun baina komunikatuta

Mundutik bakartuta eta guztiz bere buruaren jabe dirudien lurraldea da; herri, auzune eta baserriak ere elkarrengandik independente dira. Baina, egiaz, 35 urte baino ez dira estatu bihurtu zela atzerriko potentzien subiranotasunetik kanpo, Mikronesiako Federazioko lau estatuetako bat bihurtuz. Ofizialki Gaztela eta Espainiako koroaren menpe egon zen Mikronesia mendeetan; egiaz, oso irla gutxitan lehorreratu ziren europarrak. Gero, ehun urtean, hiru kontinentetako hiru herrialderen kontrolpean egon zen Yap: Alemaniako kolonia izan zen I. Mundu Gerrara arte, Japoniaren menpe hurrengo mundu gerra amaitu arte, eta AEBek administratutako NBEen lurralde hurrengo lau hamarkadetan. Orain, independente izan arren, akordio ekonomiko eta militar berezia dauka Estatu Batuekin: oso lurralde txikia du, baina itsas eremu handi batekiko subiranotasuna ere badu Pazifikoaren erdian. Asia eta Amerikaren artean, interes handia dauka AEBentzat.

Egiaz, bata zein bestea erraz asko ezagut daitezke, Colonia hiriburutik iparraldera doan bidezidorretik urpean aritzera joandakoan legez: baserriko nagusiarekin berba eginda, bere lurretik pasatzen utzi digu (eremu bakoitzak jabea dauka, eta hondartzetara joateko ere baimena behar da), eta kostalderainoko bidea erakutsi digu. Moldatzen da ingelesez: yaptar asko dira ingelesez dakitenak eta bizitzako zatiren bat Estatu Batuetan lanean eman dutenak.

Etxe komunitarioa

Itsasertzera iritsitakoan, faluw edo «gizonen etxe» bat dago, hondartza txiki baten eta arrezifearen parean. Herri guztiek badute gisako eraikin bat, Mikronesiako beste zenbait uhartetan legez: enbor luzez, banbuz eta lastozko sabaiz eraikitzen dituzte, xume bezain praktiko. Bisitariak euren herrietatik gehiegi urrundu eta ilundu aurretik etxeratzeko beranduegi eginez gero, gaua bertan pasatzeko lekua izan ohi zen. Gainerakoetan, herritarren bilgunea; besteak beste, istorioak kontatzeko eta herriko neska-mutilei (bai, emakumeen etxeak ere badaude) artisautza, arrantza edo nabigazioa irakasteko.

Yapen bisitatu dugun lehen etxe hau ez da, ez, uharteko ederrena inondik ere, baina ezta beste leku batzuetan turismorako egokitutakoa ere; nonbait, ekaitzak hondatu eta berriz eraikita dago; harrien gainean porlana da nagusi, lastoaren ordez uralita, baina itsasertzeko kokagunea ezin ederragoa da. Eta atarian, han dago, harrizko diskoa, herriaren harrotasun ikur.

Uharte osoan zehar aurki daitezke harrizko disko horiek, eta zail egiten da yaptarrak arraunean eta belaz lagunduta irudikatzea 450 kilometroko bidea egiten itsas zabalean. GPS edo iparrorratzik gabe nabigatzen zuten, belaunaldiz belaunaldi ikasitakoari jarraituz, Palauraino, harriz zamatuta itzultzeko. Harrizko «etorbide» ezagunena Maalay herrian dago, Yap-eko mendebaldeko muturrean. Benetan ikusgarria da lekua, palmondoz inguratua. Gertu dauka Rull herrixka ere; bertan dago uharteko faluw ezagunena eta ederrena, denborak hondatutakoan ere era tradizionalean berritu baitute. Hutsik aurkitu dugu arratsaldeko patxadan, baina benetan zoragarria da. AEBetako gune historikoen zerrendan dago, herrialde horrek Mikronesia administratzen zuen garaitik.

Historia eta transmisioa

Rull eta Maalay herriak Yap-en mendebaldeko muturrean daude, gaur egungo aireportua atzean utzita. Zati batzuk palmondo-basoek eta landaretzak berriz bereganatu dituzte, baina erraz sumatzen da antigoaleko aerodromoa. Inguruan, II. Mundu Gerrako hegazkinen hondakinak ikusi ditugu; Borrokaldirik odoltsuenetakoak mendebalderago gertatu ziren, baina estatubatuarrek behin baino gehiagotan bonbardatu zuten japoniarren menpe zegoen uharte hau.

Uhartearen mutur batetik bestera, Colonia hiriburutik pasatuta, ekialdeko herrixketaraino goaz. Herri bakoitzak bere dantza izan ohi du; aukera izatekotan, Yapeko festibalean horietako asko ikusteko aukera dago. Yapeko dantzek koreografia baino askoz gehiago adierazten dute. Istorioak kontatzen dituzte, eta historia kontatzen dute, irlaren historia. Herriz herri egiten dituzte, eta etxez etxe irakasten haurrei, Yapeko ondarea belaunaldiz belaunaldi transmitituz. Berehala nabari da mundu tradizionalaren eta AEBetatik datorren Mendebaldeko eraginaren nahaste bitxia: munduko lekurik bakartuenean egonda ere, bizimodu modernoaren arrastoak ez dira falta. Wifiaren garaian ere, Yapeko kultura bizi-bizirik dagoen seinale.