Andoni Urbistondo

Izki, bizitza izpi

Gizakiak sobera moldatu gabeko natura pausoka arnasten da Arabako Mendialdean. Han hedatzen da Izki Parke Naturala, EAEko hirugarren handiena, 9.000 hektareako eremu basatia. Sail handia, gizaki gutxi batzuk baino ez, eta zuhaizti eta azienda oparoa nonahi.

Izkin, gailurrean.
Izkin, gailurrean.

Arraia-Maeztu da Mendialdeko kuadrillako hiriburua, bailara menditsu hau berdintzen den toki bakarretakoan sortua. Beste herri gehienek mendien magalean iraun dute; Durruma Kanpezuk La Muela eta Peña del Santo haitzen babesean. Korres, aldiz, mendian sartuta dago, Izki erreka txikiak mendeetan zizelkatutako arroilaren gainaldean. Korres da Izki mendikatea bisitatzeko abiapuntu egokiena, hainbat eta hainbat txango lasai eta ezezagun eskaintzen dituen txoko polita. Korresen dago Parke Naturalaren xehetasunak ezagutzeko Interpretazio Gunea.

Euskal Herrian sarri gertatzen da, gure herrialdeko probintzia guztietan. Badira jendeari begietatik sartzen zaizkion paraje, toki eta mendiak, eta oharkabean pasatzen direnak, ezezagun izaera mantentzen dutenak. Gertu, edo nahiko gertu biztanle kopurua handia egonda ere. Ehunka igoko dira Txindoki, Gorbeia, Palomares, Saioa, Larhun, Baigura edota Orhi mendira, eta ale batzuk baino ez, izen edo sonarik ez duten beste mendietara. Edertasun bera edo handiagoa edukita ere. Izki mendikatea sona gutxiko eskualdea da. Arabako Mendialdean dago, Nafarroako mugatik nahiko gertu. Kapildui da Parke Naturaleko tontor garaiena (1.176 metro), baina 1.000 metroren bueltan dauden beste gailur asko daude. Kapildui gailurrean ez bezala, antena zatarrik gabe, eta bide eroso eta iristerrazagoekin.

La Muela eta Soila dira gertuen daudenak. Baita ezagunenak ere. Izki ibaiko arroilaren ertz bietan tentetzen diren gailurrak dira. Baso aberatsez hornitutako muino etzanak, 900 bat metrora arte, eta 100-150 metroko haitz ikusgarriak, ondoren. San Kristobal, San Justi, Gaztelua, Mantxibio, Belabia eta Peña del Santo dira mendiguneko beste gailur ezagun batzuk. Garaiera apalekoak dira, baina bistak apartak dira. Ez hainbeste iparrera, Gasteizko Mendiek horma orografiko handia osatzen baitute, Arabako Lautada baino lehen. Hegoaldera Kantabriako mendikateko orratz eta menditzar guztiak ikusten dira, hasi Lapoblacion tontorretik, eta Cruz del Castillo eta Palomares tontor ezagunetaraino.

Bistak apartak direla diogu, hala erakusten duelako La Casilla Atakan dagoen mapa dotoreak. Bidaide ditugun lagunek ere hala diote, ataka edo lepo horretan egonak baitaude lehenago. Zorionez, gizakia oraindik ez da eguraldia kontrolatzeko gai, eta Izkiko mendiak Ebro ibai handiko hezetasunak eragindako behe lainoak besarkatuta esnatu dira. Hego-ekialdeko haizea jolasean dabil gailurretan. Batzuetan 10-15 metroko ikusgaitasuna. Hurrena, kilometro batekoa Durruma Kanpezu herriraino. Tentuz ibili behar da La Muela gainean, harritsu eta irristakor baitago zorua. Esan beharrik ere ez, hegorantz daukan amildegiak urrun samar mantentzeko gonbita egiten dio mendizaleari.

Eguzkiak indar apur bat badauka oraindik, eta minutuek aurrera egin ahala lainoa desagerrarazi du La Muela eta Peña del Santo mendietatik. Kantabria mendikatera bitarteko lautada, Antoñana herria ikusten da, eta Lapoblacion mendiaren silueta ezaguna ere bai (1.243 metro), baina ez du erabat garbitzea lortuko. La Casilla lepotik Izki mendiguneak Castejon izeneko amildegiko parajean zein zuhaizti aberatsa daukan ikus dezake edonork. Eremu honetan ameztia da nagusi, baina zoruko hosto festari erreparatuta, haritz batzuk ere badaudela jabetzen da mendizalea. Pagoak ere bai, nola ez, 800 bat metrotik gora. Ingurune honetan neguak oso hotzak dira, eta zuhaitz espezie indartsuenek bakarrik eusten diote negu beltzari.

San Roman ermita

La Muela gailurretik (1.059 metro) Casilla lepora bueltatuta (965 metro), begi bistakoa da Peña del Santo mendiko gailurrera daraman bidezidorra (1.037 m.). Baina ondo markatutako xenda batek ekialderantz eramango gaitu haitz ikusgarrien azpitik. Berehala, San Roman ermitara daraman gurutze bidera iritsiko gara, Durruma Kanpezu herritik datorren bidearekin bat eginez. Handik sigi-saga pare bat egin eta berehala haitzaren erraietan eraikitako ermita ikusgarri batera iritsiko gara: San Roman baseliza. Hesi bat dago atarian, eta ezin da ermita barrura sartu, baina bertatik ederki ikus daiteke San Roman santua.

Urtean hiru aldiz prozesio antzeko bat egiten dute Durruma Kanpezutik ermitaraino. Ezagunena San Migel egunean egiten dena, irailaren 29an. Ordubete eskaseko bidea dago herritik, eta herritar eta bisitari asko, ehunka lagun, hurbiltzen omen dira mendi barruko ermitaraino, Santua gurtzera. Festa giroan, jakina, San Roman santuak herritarrei oparotasuna ekarriko dien esperantzan. Ermita bertako zuloa ikusgarria da, 8-10 bat metroko sakonera duen zuloa baita, naturak berak sortutakoa gizakiaren esku hartzerik gabe. Ermitakoa bezala, beste dozenaka zulo ditu Peña del Santoko haitzak, txoko horiek gailurra bera baino erakargarriago eginez.

Mendia inguratzea baino ez da falta, berriro Korreseko atseden gunetik datorren bidera bueltatzeko. Berriro hosto alfonbra batean barrena. Hosto, onddo eta perretxiko, kartelek ondo dioten moduan, Arraia-Maeztuko gune hau onddo eta perretxiko eremu baita. Betiko legez, norbait, edo zenbaitzuk, gu baino lehen pasatu dira lur emankor honetatik, eta onddo goxoenak saskian eraman ezkutuan... Jan ezin direnak bakarrik utzi dituzte, gu pasa garenerako...

 

Korresera bueltan, Izki errekatxoari begira geratu gara tarte batean. Eskualde honetako urek Ega ibaira jotzen dute, eta handik Nafarroako Erribera eta Ebro ibai handira. Tartea izanez gero, gomendagarria Korres eta Bujanda herri arteko bidea egitea, Izki erreka txikiak paraje ederrak sortu baititu mendeetan zehar, Soila eta La Muela gailurrak hautsi eta bidea libre egin ahal izateko. Txangoko azken minutuak Korres herriko kale estu eta etxe azpiko pasabide bitxietan barrena ibiltzeko gordetzea komeni. Jendea dabil Izki Parke Nazionaleko Interpretazio Gunean, mendian behera osteratxoa egin eta gero, pozik. Eta poza ematen du. Bizipen izpi baita Izki.