Andoni Urbistondo

Itzaga: ibiliz egiten da bidea

Itzaga izena entzun eta «boteprontoan» duda sortuko zaizu. Ez baita edonoren memorian lehen kolpean azaltzen den mendi ezaguna. Beste askoren izenik gabe, ordea, horien edertasuna sobera berdindu edo handitzen du Nafarroa ekialdeko menditzar honek. Oso handia baita tamainaz zein garaieraz.

Itzaga handia da tamainaz zein garaieraz.
Itzaga handia da tamainaz zein garaieraz.

Itzaga Pirinioetarako sarrera da, atea, 1.362 metroko bere talaia pribilegiatutik. Eta zein mendi den zehatz jakin gabe ere, ziur noizbait ikusi duzula. Iruñetik Irunberri aldera autoz joan bazara, hantxe dago, harro, geldirik, autobidetik iparrera, Elomendi anaia iparreko elur erauntsietatik babestuz.

Palentzia iparraldeko artzainek badute joerahara bertaratu eta eguraldiaz galdetzen duten mendizaleei esaldi berezi bat botatzeko, naturaltasun osoz: «Al tiempu hay que dejarlu, no puedes cambiarlu». Komenigarria, mendizaleak hori lehenbailehen onartzea, mendian, gailurra eta bertako bistak bezala, bidea bera ere polita, aberasgarria, izan daitekeela ulertzeko. Gailurra adina edo gehiago, agian. Antonio Machado poeta espainiarrak esan zuen bezala, ibiliz egiten da bidea, deskubritu paraje ezezagunak.

Itzaga mendi bakartia baita. Elomendi (Higa) eta Arangoiti ditu inguruan. Elomendi (1.289 metro) pista eta antena zatar batek itsusten ditu. Arangoiti 1.200 metrotik gora dagoen goi ordokia da, baina Itzagak mendi kutsu dotorea du. Begiratzen duzun isuritik begiratuta ere, erraldoia. Bailaratik gailurreraino 800 metroko goragune esanguratsua du, eta gailurretik Pirinioen bista aparta eskaintzen du. Hala dio, behintzat, mendi hartara igotzeko bibliografiak. Udazken bukaerako eguraldiarekin ezin erabat konfirmatu, zoritxarrez, bibliografia hori.

Eguraldia bat delako eta kito. Gizakiak, zorionez, ez du hori eraldatzeko tramankulurik sortu oraingoz, eta dagoena onartzea beste erremediorik ez dago. Iparreko haizearekin euria ez da Untziti eta Itzagaondoa ibarretaraino iristen. Horien iparrean dauden mendi ugarietan barrena hustu dira lainoak, eta Itzagara iristen direnak lehorrak dira. Lehorrak, baina haizeak eta hezetasunak bultzatuta, nahikoa indartsuak mendia estaltzeko 1.100 metrotik gora. Iragarpenak orduek aurrera egin ahala eguzkiak lainoak uxatuko dituela dio, eta esperantza horrekin ekin diogu Ardanatz herritik gora (Itzagaondoa, 650 metro).

Herritik 200 bat metrora aparkaleku bat dago, haraino hurbiltzen diren mendizaleentzat apropos prestatua. Lehen ezustekoa: jende dezente dabil mendian gora. Ehiztari batzuk ere bai, basurde ehizan nonbait. Bide guztia seinaleztatua dago, eta ezinezkoa da galtzea Itzaga dioten geziei jarraituz gero. Pista zabal batean lehen 20 minutuetan; bide zidor heze eta hostotsu batean barrena ondoren. Itzagak 100-150 metroko hormatzar tentea du ipar isurian, eta bideak horma horren azpian egiten du bidea, pasabide erraz bat bilatu arte.

San Migel ermita ikaragarria

45 minutuz ibili ostean, Zuhatzu eta Erreta herrietatik datozen bideak Ardanatzetik datorrenarekin batzen dira. Eta dozena bat sigi-saga egin ostean, Sarrioen pasabidera iristen da (940 metro) xenda. Isuri aldaketa agerikoa da, artea eta hostoa zegoen lekuan, osina eta sastraka agertzen baitira. Pixkanaka, zuhaiztia desagertzen hasten da, eta lainoa inguruak ezkutatzen. Ondo markatutako bide batean ordu laurden egin eta lainopean azaltzen da bat-batean San Migel ermita (1.230 m).

XI edo XII. mendekoa omen, estilo erromanikokoa, eta bertan, hain garai, zergatik eraiki zuten, ezin jakin. Aralarko Santutegiaren izen bera dauka, eta antza ere bai. 20-25 bat metro da luze, eta 8-10 metro zabal. Sarrera itxita dago, eta giltza Zuhatzu herrian eskatu behar omen da. Mendizaleok tarteka ingurunea eta bertako eraikinak gehiago errespetatuko bagenitu, denek ermita gertuagotik ezagutzeko aukera izango genuke, baina zoritxarrez ez da hala. Lur orotako ibilgailuan ermita atariraino irits daiteke, eta pentsatzekoa da ermita honetan jendetza batuko dela urteko egun jakin batzuetan.

Eguerdia jotzear, lainoa dantzan hasi da. Eguzkiak hezetasuna jan du, eta oso pixkanaka Itzagako haitza argitzen ari da. San Migel ermitatik Ardanatz ikusten da tarteka, oso behean. Ermitatik 20 bat minutuko osteratxo erraza egin behar da gailurreraino. Ezpelak han eta hemen, eta galtzada erromatar antzeko bat, irrist ez egiteko. Etsipenez goaz, lainoa sartu delako berriro. Gailurrean postontzi bat, baina izenik gabe, eta erpin handi bat. Eta lainoa. Eta haize demonioa. Eta hotza. Sentsazio termikoa zero azpikoa, ziur. Bost, hamar, hamabi minutu, tarteren batean lainoa altxatu zain. Keinuren bat egin du, minutu erdiko esperantza, baina berehala itxi egiten da. Gailurretik gertu ikusten diren Pirinioak lasai ikusteko beste batean bueltatu  beharko dugu.

Eguzkia, azkenean

Ermitara bueltan, lainoa gailurrean bakarrik geratzen dela jabetu gara. Ermita garbi ikusten da, eta ermitarekin batera, Elomendi eta Monreal hegora, Iruñea hiriburua mendebaldera, Urrotz, Agoitz, eta Itoizko urtegia iparrera, eta Irunberri aldeko soro berde guztiak ekialdera. Pazientzia bidaia-lagun ona izaten da mendian, eta azken unean, espero ez genuen oparia egin digu Itzagak. Ermita toki aproposa da, haize babesean, hamaiketakoa egin, eta Itzagaondoa bailarako herriak ikusteko, amildegira hurbilduz.

Jaitsiera irristakorra dago, baina ez da arriskutsua. Egindako bidea desegitea baino ez da falta. Arte basoa atzean utzita, abenduko eguzkiak lanean jarraitu du egoskor eta Itzaga erabat garbitu da. Eguarte aldean abiatu den jendeak goiz abiatu denak baino zorte handiagoa izan du. Baina Itzagaondoa bailarako Ardanatz, edota Artaitz herrixketatik, Itzaga bere osotasunean agertu da, eta orduan jabetu gara mendi puska honen benetako tamainaz. Guk deskubritu baino askoz lehenago esana baitzuten: ibiltari, ibiliz egiten da bidea.