Xabier Bañuelos

Twyfelfontein, zerumugan hitz egiten duten harriak

Namibiako ipar-erdialdean, Kunene edo Kaokolandia eskualdean, estepa eta basamortuaren artean galduta, Twyfelfonteineko bakardade zabalek altxorrak gordetzen dituzte, zeintzuetan natura eta giza sorkuntza bizikidetzan dauden.

Paraje ikusgarriak eskainzten dituzte Twyfelfonteineko bakardade zabalek.
Paraje ikusgarriak eskainzten dituzte Twyfelfonteineko bakardade zabalek.

Twyfelfonteinen haitzak petroglifoz zizelkatu zituzten, eta Afrikako labar-artearen galeria handienetako bat bihurtu ziren. Horiekin batera, geologiak patxadatsu egin du bere lana, paisaia harrigarriak sortuz, eta naturak mirariak egiten ditu landare itxuran.

Europako iruditeria kolektiboan, Saharaz hegoaldeko Afrikan albistegien mugetatik harago pentsatzen denean, bizirik dirau bizimodu basatia duen lurralde baten ideia erromantikoak, zeinean neolitoan ainguratuta dauden ohitura bitxiko giza taldeak bizi diren.

Talde horiek ez dira herriak, tribuak baizik; horien artea ez da artea, artisautza baizik; beraien erlijioak superstizioa dira, eta existentzia ulertzeko moduak kosmogonia egituratuak baino gehiago folklorearen muga gainditzen ez duten adierazpen etnografiko huts kontsideratzen dira. Beraien historia klan desberdinetako hala moduzko erregeek bultzaturiko borroken bilakaera dela sinesten tematu gara, eta ez zaigu burutik pasatzen bertan zibilizazio handiak egon zitezkeenik edo garrantzizko kultura-garapena izan zenik.

Baina ideia erromantiko guztiak bezala, ideia faltsua da, iragan kolonialista baten eta bertutea neurtzen duen eurozentrismo baten ondoriozkoa, gure esentzia erreferentziatzat hartuta. Hain da zaila aurreiritzi hori deserrotzea, ezen oraindik harritu egiten baikara kontinente beltzetik artista modernoei edo kalitate bikaineko iraganeko herentziei buruzko berriak iristen zaizkigunean.

Musika da kategoria pixka bat aitortzen diogun salbuespen bakarra. Baina pentsaezina zaigu, adibidez, duela 6.000 urte Afrikaren bihotz galduan mundua, beren mundua, trebezia eta maisutasun handienarekin irudikatzeko gai zirela, irudimena eta errealismoa konbinatuz, unibertso magikoak eta pragmatismoa uztartuz.

Bihotz galdu horietako bat Aba Huab-eko harana da, txoko ezdeus bat ezerezaren erdian, Namib basamortuaren mugak laztantzen dituena Eskeletoen Kostaren ekialdean. Ibaiaren ibilguak urteko egun gutxi batzuetan eraman ohi du ura, eta horietan berdearen espejismoa gertatzen da, ibaiertzak tindatuz. Une iheskorra da, denboran milaka urte atzera eramaten gaituena, lur hauen hutsunea –gaur egun idor eta mortuak– sabana heze eta emankor bat zeneko garaietara. Iraganeko garai hartan landarediak bizi-eremu zabalak sortzen zituen, eta bertan askotariko fauna hazi zen, harik eta basamortutze-prozesu motel, luze eta saihestezin batek lur atseginagoetara bidali eta bertatik desagerrarazi zuen arte. Baina ez guztiz, hor jarraitzen baitu, bere oroitzapena arroketan grabatuta.

Petroglifo artean

Ui Aisera iritsi gara, ‘Jauzi egiten den putzua’ delakora; damarek eman zioten izena, kurioski khoisan hizkuntza bat hitz egiten duen herri bantuak. Mapetan Twyfelfontein izen afrikanerrarekin agertzen da azal okreko harea-harkaitz eremu handi hau, sakonune eta ordokien artean dagoena. ‘Zalantzazko iturria’ izan daiteke Twyfelfontein horren itzulpena; David Lavin holandar kolonoak eman zion izen hori 1947an.

Etxalde bat eraiki nahi zuen hark, baina urik eza etsigarria zen. Amore eman gabe, han zebiltzan elefanteei jarraitzea bururatu zitzaion, nonbait ura edan behar zutela pentsatuz. Asmatu zuen, bada; iturria aurkitu zuen, nahiz eta haren poza ez zen erabatekoa izan, iturriaren ur-emaria ez baitzitzaion bere beharrak asetzeko adinakoa iruditu.

Hala ere, ur gutxi izan arren, inguratzen zuten haitzek laster aurkitu zen altxor bat gordetzen zuten: 6.000 eta 2.500 urte bitarteko antzinatasuna zuten 2.000 petroglifo baino gehiago. Harkaitzen aurpegi lauak bata bestearen atzetik ageri dira, garai haietan hemen bizi ziren animaliaz betetako mihiseak bailiran: elefanteak, mota guztietako antilopeak, jirafak, errinozeroak, ostrukak, lehoiak, lehoinabarrak, gepardoak... labar-grabatu hauek, ziur aski, wilton kulturako herri ehiztari/biltzaileek egin zituzten, egungo san eta khoikhoien aurretikoek.

Kopuruaz gain, duten kalitate handia ere mirestekoa da; oso ondo definitutako siluetak, oso errealistak batzuk, eskematikoagoak beste batzuk, baina denak zehaztasun handiz marraztuak. Animalien irudiekin batera, irudi geometrikoak, aztarnak eta, gutxiago, baina pertsonen irudiak ere aurki daitezke.

Haren interpretazioari dagokionez, iritzi orokorra da sinbologia xamanikoa eta bizirauteko jardueretara bideratutako irudiak dituen miszelanea baten aurrean gaudela. Horrela, bere grabaturik deigarrienen artean, giza ezaugarriak dituen lehoi bat ikus dezakegu –beso itxurako buztana duena, eskua zabalik eta atzaparren ordez hatzak dituena–, bai eta ur putzuei eta horien inguruan pilatzen diren presa motei buruzko oharrak dituen ehiza-mapa dirudiena ere.


Foka bat ere aurkitu dugu, kostatik 100 kilometrora bizi ziren jendeek itsasoarekin kontaktua bazutela egiaztatzen duena, zalantzarik gabe. 1958an Namibiako Gobernuak Monumentu Nazional izendatu zuen, baina babesa ez zen eraginkorra izan 1986an Natur Erreserba izendatu zuten arte. Unescok Munduko Ondareen zerrendan sartu zuen 2007an.

Harrizko basoak eta landare zaharrak

Hego-ekialdera begira, hurbileko Burnt Mountainen oinetara abiatuko gara. 200 metro inguruko muino bat da, 12 kilometroko kate bolkaniko baten buruan dagoena, honen laba isuriek kolorez tapizatu zutelarik duela 80 milioi urte. Bere more, gorri eta krema koloreek inguruko arbelen opakuarekin kontrastea egiten dute.

Baina gure arreta gehien erakartzen duena haitzarte txiki batetik nabarmentzen ikusten ditugun silueta erregularrak dira. Hurbildu eta horra Organ Pipes izenekoak, 100 metroko ilaran, 4 metroko altuera duten harrizko zutabeak, eskailera itxuran, organo erraldoi baten hodien fosila izan zitekeena eratuz.

Teknikoki, «zutabe-disjuntzio» esaten zaie. Laba hozte prozesuan uzkurtzen denean sortzen dira; laba hautsi eta prisma poligonalak sortzen dira, normalean hexagonoak. Kasu honetan, duela 150 milioi urte inguru arbelezko formazioetan laba sartu zelako sortu ziren.

Inguruko geologiak beste sorpresa bat du guretzat oraindik. Ipar-ekialdera jo dugu, eta Versteende Woud (Baso Petrifikatua) dioen kartel batekin topo egin dugu.  Luze ibili gabe, arroka zilindriko luze eta lirain bat topatu dugu lurrean etzanda, eroritako zutoin bat balitz bezala.

Hurbiltzean eta xehetasunez begiratzean, gainazalaren ukitu zimurtsua antzeman dezakegu, bai eta hausturaren puntuan eraztun zentrokideak diruditenak ere. Izan ere, fosil bat da, benetan, bere zura harriz aldatu duen zuhaitz baten enborra, baina bere azalaren eta hazkuntza-eraztunen arrastoa gordetzen duena.

Hosto batekin lotsarik gabe laztantzen du ondoan hazten ari den welwitschiak; planetako landare bitxienetako bat da, Namib basamortuko endemikoa, eta, bere itxura fantasmagorikoarekin, 1.500 urte baino gehiago izatera irits daiteke.

Goi-lautada honen gainean dauden hamarnaka zuhaitz fosilak Permiarreko Pangeakoak dira, Paleozoiko amaierakoak. Alegia, 260 eta 280 milioi urte artean dituzte. Baso osoak erauzi zituzten uholde katastrofikoek arrastatu zituzten, seguru asko gaur egun Angola den horretatik. Honaino iritsi eta hareharrietan lurperatuta geratu ziren.

Silizeak eta denborak egin zuten gainerakoa, lehenik egurra opalo bihurtuz eta ondoren higaduraren ondorioz lurrazalera ateraz. Gehienak egoera onean dauden gimnospermak dira, 34 metroko luzera eta 6 metroko diametroa izatera iristen direnak. Welwitschia mirabilisek besarkatutako egur mineralizatu hauen planta bikaina iragana, oraina eta etorkizuna dituen kontinente honetako bizitzaren mirariaren metafora ederra da.