NAIZ

Haurdunaldiko kutsadura atmosferikoak jaioberrien hazkuntzan eragin dezakeela dio ikerlan batek

Haurdunaldiko kutsadura atmosferikoaren eta jaioberriaren tiroxina-mailaren arteko erlazioa aztertu dute EHUn egindako ikerketa batean. Ondorioztatu dutenez, kutsadura atmosferikoak tiroidean eragiten du, eta beraz, jaioberrien hazkuntzan ere eragin dezake.

Amaia Irizar, Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko ikertzailea. (Nagore Iraola/EHU)
Amaia Irizar, Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko ikertzailea. (Nagore Iraola/EHU)

Ama haurdunaldian kutsadura atmosferikoaren eraginpean egotea jaioberriaren osasunean izan ditzakeen ondorio kaltegarriekin lotu izan da sarri. Hala ere, oso ikerketa gutxi daude gaiari buruz. EHUn egindako eta ‘Environmental Research’ aldizkarian argitaratutako azterlan batek haurdunaldiko aldirik sentikorrenak hasierako eta buerako hilabeteak direla ondorioztatu du, betiere kutsadura atmosferikoaren eraginari dagokionez.

Azken urteotako ikerketen arabera, kutsadura atmosferikoak tiroidean eragiten du. Hormona tiroideoak funtsezkoak dira fetuaren hazkundea eta metabolismoa erregulatzeko, eta zeregin garrantzitsua dute garapen neurologikoan. Tiroxina (T4) zirkulatzen ari den tiroidearen hormona nagusia da, eta tiroidea estimulatzen duen hormona, berriz, TSH. Horrenbestez, «lan honen helburua da haurdunaldiko kutsadura atmosferikoaren eta jaioberriaren tiroxina-mailaren arteko erlazioa zein den aztertzea», dio Amaia Irizar Loibide, UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa saileko ikertzaileak.

Nitrogeno dioxidoa (NO2) eta 2,5 mikra baino diametro txikiagoko partikula finak (PM2,5) aire-kutsadurarekin zein ibilgailuen zirkulazioarekin zerikusia duten bi kutsatzaile nagusi dira. PM2,5 partikulak oso finak dira eta arnasbideetan erraz sartzen dira, esaterako.

«Lan honetan, zehazki, haurdunaldian ama partikula fin horien eta nitrogeno dioxidoaren eraginpean egoteak zer eragin duen haur jaioberrien tiroxina-mailaren arteko erlazioan aztertu dugu. Astez aste egin dugu behaketa, fetuaren garapena astetik astera asko aldatzen baita. Horrenbestez, ahalik eta ikerketa zehatzena egiten saiatu gara, haurdunaldiko aste sentikorrenak zeintzuk diren ezagutzeko asmoz», gaineratu du EHUko ikertzaileak.

Horretarako, Gipuzkoako INMA (Haurtzaroa eta Ingurumena) proiektuko lagina aztertu dugu. Halaber, proiektuan jasotzen dituzten honako datuek ere erabili ditugu: atmosferako kutsatzaileak diren PM2,5 partikulei eta NO2-ari buruzko datuak, jaioberrien orpoetatik hartutako TSHari eta T4ari buruzko datuak…

Amaia Irizarren esanetan, «lan honetan lortutako emaitzek argi eta garbi adierazi dute erlazionatuta daudela haurdunaldiko partikula finen esposizioa eta jaioberrien tiroxina-maila. Ez dugu, ordea, lotura argirik behatu nitrogeno dioxidoaren esposizioarekiko». Horrenbestez, «gure emaitza horiek bat datoz aurrez egindako ikerketa gutxi horiekin», nabarmendu du Irizarrek.

«Ez dago argi zer mekanismoa dagoen horren guztiaren atzean. Nolanahi ere, kutsadura atmosferikoari dagokionez haurdunaldiko aldirik sentikorrenak hasierako eta bukaerako hilabeteak direla ondorioztatu dugu», azpimarratu du EHUko ikertzaileak.

«Partikula fin horiek haurdunaldiaren hasieran eta bukaeran eragin kontrajarriak eragiten dituzten mekanismoak aztertzea litzake hurrengo eginbeharra. Izan ere, partikula horiek karbonoz osatutako esfera txiki-txiki batzuk besterik ez dira, eta ez dago argi sortzen duten efektua ote den esferatxo horiek plazentatik umera igarotzen direlako, partikulan itsatsita dauden bestelako osagaiak behin gorputzean daudenean askatu egiten direlako…», azaldu du. «Haurdunaldiko esposizioak hormona tiroideoetan ez ezik, beste eraginik ba ote duen ere ikertzen jarraitu beharko genuke, esaterako haurren garapen neuropsikologikoan, hazkuntzan, obesitatean…», dio Irizarrek.