Iraide Ibarrondo

Lea-Artibaiko hamaika ibilbideak: Ispaster-Otoio-Lekeitio

Ispaster eta Lekeitio artean batetik bestera joateko hainbat ibilbide daude, guztiak ere ondo antolatuta eta seinaleztatuta. Inguru honek mendi ibilbideen eskaintza oso zabala du. Adibide bat ipintzearren, Bizkaiko kostako GR-123 ibilbide ezaguna bertatik pasatzen da.

gara-2021-08-26-Reportaje
Eguna biribiltzeko aukera paregabea izan daiteke Santa Katalina itsasargia bisitatzea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiko kostaldeko GR-123 bideko laugarren etapak Ispaster-Lekeitio-Ondarroa arteko ibilbidea proposatzen du, 21,21 kilometrokoa. Guretzat luzetxoegia denez, Ispaster-Lekeitio arteko ibilbidera mugatuko gara, 7,5 kilometrokoa. Oro har, nahiko etapa erraza da, publiko guztientzat egingarria. Izan ere, ez du gehiegizko aldaparik eta bide zuzenari jarraitzea nahiko erraza da.

Txangoa Ispasterren abiatuko dugu, Elexalde auzoan. Bertako baserrien ondotik igaroko gara, eta, ondoren, Otoio mendirantz (396 m) abiatuko gara. Tontorra ibilbidearen hasieratik hiru kilometrora dago gutxi gorabehera eta bertara heltzeko pinu eta arte basoak zeharkatu beharko ditugu. Tontorraren bereizgarrietako bat bertan urrunetik ikus daitekeen telekomunikazio errepikagailu bat eta txartelontzi txiki bat daudela da. Tontorra artadiaren bihotzean kokatuta dago eta, itsasertzetik gertu dagoen arren, bertatik ez dugu paraje ikusgarririk ikusteko aukerarik izango.

Ibilbidearen lehen zati aldapatsu horren ostean, itsasorantz hurbilduz joango gara eta, beraz, ibilbidea aldapan behera joango da. Jaistean Talaia inguratuko dugu eta bidean, orain bai, itsasoa eta amildegiak ikusiko ditugu. Lekeitioko erdigunera iritsi aurretik, eguna biribiltzeko aukera paregabea izan daiteke Santa Katalina itsasargia bisitatzea.

Hortaz, Otoio tontorretik 4,5 kilometro eginda Lekeitioko erdigunera helduko gara. Eguraldia lagun izanez gero, Lekeition posible izango da Isuntza hondartzan bainutxo bat hartzea edo eguzki izpiez gozatzea. Aldiz, gosetuta helduz gero, portua eta herriko erdigunea pintxo-potean ibiltzeko aproposak diren tabernaz josita daude.

Lekeitioko atsedenaldiaren ostean, Ispasterrera bueltatzeko Bizkaibuseko 3513 lineako autobusa erabiliko dugu. Autobusa hartzeko zoli ibili beharra dago, bi ordurik behineko maiztasuna duelako. Hori horrela, astelehenetik larunbatera 6:50etik hasita bi ordurik behin irtengo da autobusa Lekeitiotik. Jaiegunetan eta igandeetan, aldiz, 8:50etik abiatuta.

Santa Katalina itsasargia

Itsasargia 1862an eraiki zuten 46 metroko altueran. 2010. urtean berriztatu zuten eta EAEn bisitatu zitekeen lehen itsasargia bihurtu zen. Horiek horrela, gaur egun itsas nabigazioko tekniken interpretazio zentro gisa erabiltzen da. Bisitariek seinaleak, argiak, orientabidea, izarrak eta baleen begiztatzearen inguruko xehetasunak ezagutzen dituzte 50 minutuko bisita gidatuan, nabigazioaren oinarriekin batera.

Udan, goi denboraldian, itsasargia asteazkenetik igandera dago zabalik. Asteazkenetik larunbatera bi bisita gidatu egiten dituzte goizetan eta beste bi arratsaldeetan: 11.30, 13:00, 16:30 eta 18:00etan, hurrenez hurren.

Igandeetan goizez bakarrik bisitatu daiteke. Itsasargia barrutik ikusteko sarrera erosi behar da, nagusientzat 6 euroko salneurrian eta 3-12 urte bitarteko ume eta pentsiodunentzat, 4,5 euroan.

Erreserba Lekeitioko turismo bulegoan egin behar da aldez aurretik telefonoz deituta (946 84 40 17). Itsasargira bisita antolatu aurretik ñabardura batzuk kontuan izan behar dira: hiru urtetik beherako umeak eta txakurrak ezin dira sartu eta linternara ezin da igo.