Metallicaren ‘Black Album’, 30 urte metalaren bidea argituz

Berriki 30 urte bete dira Metallicak musika mundua erabat eraldatu zuen diskoa argitaratu zuenetik. Besteak beste, ‘Enter Sandman’, ‘The Unforgiven’ eta ‘Nothing Else Matters’ maisulanak zekartzan. Urteurrena ospatzeko, taldeak pack bereziak kaleratuko ditu bihar.

Metallicaren «Black Album»a 1991ko abuztuaren 12an kaleratu zen. (NAIZ)
Metallicaren «Black Album»a 1991ko abuztuaren 12an kaleratu zen. (NAIZ)

Metallicaren izen bereko diskoak, ‘Black Album’ izenez ezagutzen denak, 1991ko abuztuaren 12an ikusi zuen argia, taldea sortu eta hamar urtera. Urte hartako uzta oparoko ale handietako bat izan zen. Bitxia bada ere, ez zen San Frantziskoko taldearen lehen lana; beste hiru disko zituen aurretik grabatuta; horietako bat, ‘Master of Puppets’, ospe ikaragarria eman ziona. Baina ‘Black Album’-ek metal musika inoiz imajinatu gabeko parametroetara altxatu zuen, mainstream bilakatu zuena, taldea izar handi bihurtu zuena, Donostiako Belodromoa hurrengo urtean (eta ondoren, 1996an) jendez lepo bete zuena, gainerako metal taldeei eta diskoetxeei bidea ireki ziena, arriskatzea bultzatu zuena...

Disko bat, hamabi abesti, horietako asko maisulan bihurtuta –horietako hiru bakarrik aipatzearren: ‘Enter Sandman’, ‘Sad But True’ eta ‘Nothing Else Matters’–. James Hetfield, Kirk Hammett, Jason Newsted eta Lars Ulrich taldekideek, Bob Rock ekoizlearen laguntzarekin, koska bat igo zuten lan honekin. 1991. urtea zela kontuan izanik, eta garai hartan zegoen materiala ikusita, sekulako ekoizpen lana egin zuten albumarekin. Hori izan daiteke gakoa, ez baita, hasiera batean, taldeak ateratako diskorik onena, baina bai, garrantzitsuena eta osoena.

Disko honekin Metallica 80ko hamarkadako trash metaletik aldendu zen, eta horrek zale asko haserrearazi zituen. Horregatik, hasiera batean ez zen hain aintzakotzat hartu. Alabaina, lehen astean 500.000 kopia saldu zituzten Ameriketako Estatu Batuetan. Hala, metal musikan salduenetakoa bihurtu zen.

Kirk Hammett gitarristak berak duda handiak zituen taldeak ospea mantendu, areagotu edota gainbehera ikaragarria izango ote zuen. Hala, sekulako arrakasta izan zueneko anekdota xelebre hau kontatzen du: «Diskoa asko saltzen hasi zenean, ezin nuen sinistu. Gure tour managerrarekin apustu bat eta guzti egin nuen. Berak esan zidan: ‘X egunean 6 milioi kopia salduko ditu’. Eta nik erantzun nion: ‘Hori gertatzen bada, nire Porsche 911 Carrera emango dizut’. Eta badakizu zer? Gertatu zen. Eta zer gertatu zen orduan? Bada, nire Porsche 911 Carrera eman behar izan niola».

Denborak arrazoia eman dio San Frantziskoko laukoteari eta, 30 urte geroago, erreferentziatzat hartzen da diskoa. Pentsa, datuen arabera, egunean 1.000-2.000 kopia fisiko saltzen jarraitzen du. 30. urteurrenaren karietara, bi elementu jarri dira salgai. Alde batetik, 1991ko Metallicaren berredizio birmasterizatua formatu ezberdinetan (deluxe box set delakoa, horietako bat); eta bestetik, ‘The Metallica Blacklist’ deitu dioten diskoa. Bertan, estilo ezberdinetako 53 artistak (country, elektronikoa, hip-hop, pop, punk, indie, world music, rock eta heavy metal) albumeko abestien bertsioak egin dituzte.

«Black Album»aren 30. urteurrena ospatzeko kaleratuko den pack berezia. (METALLICA)

12 abesti, horietako asko maisulanak

‘Black Album’-ek dituen abestien artean musikaren historian ondo gordeta dauden maisulanak daude. Adibidez, diskoari hasiera ematen dion ‘Enter Sandman’ aski ezaguna. Hasierako arpegioa, riff nagusia izango denaren pistak ematen dituena eta progresiboki gorantz doana, errepika, gitarra soloa, James Hetfield eta ume baten arteko elkarrizketa off ahotsean… Kontzertu guztietan entzuten den «ereserkia» da.

Zortzigarren abestia entzutean, ‘Nothing Else Matters’-ekin egingo dugu topo, askorentzat inoizko rock edota metal baladarik onena. Hasierako arpegioak –eskuineko eskuarekin bakarrik joz has daitekeena, ezkerra erabili gabe– gitarra baliabide ugari eskaintzen ditu, harmonikoa, horien artean. Ondoren, beste arpegio bat erabiltzen da estrofetan, gitarra soloa du, James Hetfielden ahotsak goia jotzen du… Gitarra elektrikoa jotzen ikasten hasten den jende askorentzat abesti hori izaten da jotzen ikasten duen lehenetakoa.

‘Sad But True’, ‘The Unforgiven’, ‘Wherever I May Roam’ eta ‘Through The Never’ kantak ere aipa daitezke disko horri buruz ari garela. Albumaren kalitatea apartekoa da, eta horregatik azpimarratu behar da, adibidez, urte batzuk geroago San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako diskoan –1999an, hain zuzen ere–, Metallicak ‘Black Album’-eko bost abesti erabili zituela ‘S&M’ disko bikainerako. Hogeita bat abestiz osatutako lana da –tartean, Enio Morricone italiar musikagilearen ‘The Ecstasy of Gold’ kontzertuaren introa dena–.

Ondoren, 2020an, disko horren 20. urteurrena ospatzeko, ‘S&M2’ kaleratu zuten. Hala ere, lan horretan kalitateari baino gehiago, ikuskizunari eta ikusgarritasunari eman zieten lehentasuna; baita hunkiberatasunari ere, Cliff Burton taldeko baxu-jotzaile ohiari –1986an, taldearekin biran zegoela, autobus istripu batean zendu zena– abesti bat eskaintzen baitiote Chase Center-en San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoko baxu-jotzaile batek abesti bat joz.

Taldeak sekulako arriskua hartu zuen duela 30 urte ‘Black Album’ diskoa kaleratuz. Baina bere ibilbidea aztertzen badugu, harrezkeroztik arrisku gehiago ere hartu ditu. Adibidez, 2003an, kaleratutako azken albumetik sei urtera, ‘St. Anger’ diskoa kaleratu zuten. Askotariko iritziak jaso zituen lan horrek ere, gehienbat soinua erabat aldatu zutelako berriro ere. Bateriaren soinua hutsa da eta diskoak ez du gitarra solorik. Jason Newsted baxu-jotzaileak taldea utzi zuen lehenago, eta Bob Rock ekoizleak berak egin behar izan zituen baxuaren grabazioak ordezko bat aurkitu arte. Geroago etorri eta kontratatu zuten gaur egungo baxu-jotzailea, Robert Trujillo musikaria.

Disko horren grabazioak gorabehera ugari izan zituen. Alde batetik, James Hetfield abeslariak 2001eko uztailean errehabilitazio zentro batean sartu behar izan zuen «alkoholismoagatik eta beste adikzio batzuengatik». Urte hartako abenduan itzuli zen, baina egunean lau orduz bakarrik egin zezakeen lan. Arazo horiei beste batzuk gehitu zitzaizkion; hala nola, Hetfielden eta Lars Ulrichen arteko liskarrak. Hori dena, grabazio-talde batek Metallicaren eguneroko bizitza bideokameraz grabatzen zuen bitartean, ondoren sortuko zen “Some Kind of Monster” dokumentalerako. Azkenean, nahiz eta “St. Anger” lanak kritika ugari jaso dituen, diskoak bi milioi kopia saldu ditu Amerikako Estatu Batuetan.

Geroago, 2011. urtean hain zuzen ere, Lou Reedekin ‘Lulu’ albuma kaleratu zuen Metallicak. Ez da taldearen diskografian sartzen den lan horietako bat, 2013an hildako rock musikariarekin kolaborazio gisa egin baitzuten, baina kritika ugari jaso zituen lan horrek –eta oraindik ere jasotzen ditu–.

Taldearen esperimentazioekin amaituz, 2013an ‘Through The Never’ izeneko filma ere kaleratu zuen Metallicak IMAX formatuan. Pelikula baten gidoiari jarraituz, gazte batek misio bat du buruan taldeak kontzertu bat ematen duen bitartean. Bitxia bada ere, “Through The Never” abestia ez dute jotzen, baina bai ‘Wherever I May Roam’, ‘Nothing Else Matters’ eta ‘Enter Sandman’.

Metallica eta Iron Maiden taldeek, heavy metaleko mundu mailako talde arrakastatsuenetariko bik, liskarrak izan dituzte urteen poderioz, ego kontuengatik  eta harrokeriagatik. Hala ere, Bruce Dickinson talde britainiarreko abeslaria ‘Classic Rock’-erako egindako elkarrizketa batean oso zintzo mintzatu zen, eta bertan nolabait laburbiltzen du Metallicaren ‘Black Album’-ekin talde estatubatuarrak lortu zuena: «Guk –Iron Maidenek–, Judas Priest eta Pantera taldekoek dena beste maila batera eramateko aukera izan genuen, baina inork ez zuen barrabilik izan. Metallicak bakarrik izan zituen bere ‘Black Album’-ekin. Metala liga handietara bultzatu zuen diskoa izan zen».

1992ko Donostiako kontzertua

‘Black Album’ kaleratu eta hurrengo urtean, 1992ko azaroaren 13an hain zuzen ere, Metallicak kontzertua eskaini zuen Donostiako Belodromoan urte eta erdi iraun zuen ‘Tour Wherever We May Roam’ biraren barruan. Orduko egunkarietan eta hedabideetan argitaratu bezala, 13.000 ikusle egon ziren gau hartan kontzertua ikusten, eta beste 7.000 pertsona Belodromotik kanpo sarrera bat bilatzen.

1992an Donostian eskainitako kontzertuaren orduko sarrera. (TODOCOLECCION)

Setlista abesti hauekin osatuta zegoen: ‘The Ecstasy of Gold’, ‘Enter Sandman’, Creeping Death”, ‘Harvester of Sorrow’, ‘Welcome Home (Sanitarium)’, ‘Sad But True’, ‘Wherever I May Roam’, ‘The Unforgiven’, ‘Eye of the Beholder / Blackened / The Frayed Ends os Sanity / …And Justice for All’, baxu soloa, gitarra soloa, ‘Through the Never’, ‘For Whom the Bell Tolls’, ‘Fade to Black’, ‘Master of Puppets’, ‘Seek & Destroy’, ‘Whiplash’, ‘Nothing Else Matters’, ‘Am I Evil?’, ‘Last Caress’, ‘One’, ‘Battery’ eta ‘Stone Cold Crazy’ (Queen taldearen bertsio bat). Ondoren, 1996ko irailaren 18an, berriro bueltatu ziren Donostiara ‘Poor Touring Me Tour’ biraren baitan. Kontzertu osoa hemen entzun daiteke (irudirik gabe).

Zuzenean gehien jotako abestien zerrenda

Datu edo bitxikeria gisa, 2019ko apirilaren 30ean ‘The Metal Circus’ webgunean argitaratutako ikerketa batean biltzen zen Metallicak zuzenean gehien jotako abestien zerrenda. Lehenengo postuan, nola ez, ‘Master of Puppets’ «beste ereserkia» ageri da.

Talde estatubatuarrak 2019an egindako Europako biraren aurretik, 1.643 aldiz joa zuen hirugarren diskoari izena ematen dion abesti hori. Zerrendan agertzen den ‘Black Album’-eko lehen abestia ‘Enter Sandman’ da, seigarren postuan (1.324 aldiz) zehazki. Noski, zerrendan hain atzean agertzen da, hain zuzen, 1991n kaleratutako abestia delako. Baina 80eko hamarkadaz geroztik argitaratutako lanen artean, lehenengo postua izango luke.

‘Sad But True’ abestia zazpigarren postuan dago (1.307 aldiz) eta ‘Nothing Else Matters’, bederatzigarrenean (1.202 aldiz).

1991ko uzta oparoa

‘Black Album’-ek izan zuen garrantziaz ohartzeko, 1991ko uzta oparoari begiratu behar zaio: ‘Nevermind’ (Nirvana), ‘Achtung baby’ (U2), ’Loveless’ (My Bloody Valentine), ‘Blood sugar sex magik’ (Red Hot Chili Peppers), ‘Steady diet of nothing’ (Fugazi), ‘Innuendo’ (Queen), ‘Arise’ (Sepultura), ‘Mama said’ (Lenny Kravitz), ‘Ten’ (Pearl Jam), ‘Into the great wide open’ (Tom Petty and the Heartbreakers), ‘Use your illusion I & II’ (Guns & Roses), ‘Cypress Hill’ (izen bereko hip-hop taldearen debut lana), ‘1916’ (Motörhead), ‘Badmotorfinger’ (Soundgarden), ‘Blue lines’ (Massive Attack), ‘Dangerous’ (Michael Jackson), ‘Gish’ (The Smashing Pumpkins), ‘No more tears’ (Ozzy Osbourne), ‘Leisure’ (Blur), ‘Sailing the seas of cheese’ (Primus), ‘Temple of the dog’ (izen bereko taldearena), ‘Out of time’ (REM), ‘Slave to the grind’ (Skid Row), ’Weld’ (Neil Young), ‘Green mind’ (Dinosaur Jr.), ‘Screamadelica’ (Primal Scream) eta ‘Bandwagonesque’ (Teenage Fun Club) dira horietako batzuk.

Euskal Herrian ere fruitu garrantzitsuak utzi zituen 1991. urteak: ‘Gure jarrera’ (Negu Gorriak), ‘Zuzenean’ (Hertzainak), Balerdi Balerdi eta Soziedad Alkoholika taldeen homonimoak, ‘Jaiotze Basatia’ (Su Ta Gar), ‘Por instinto’ (Barricada), ‘4 años, 2 meses y 1 día’ (Cicatriz), ‘Erabakia’ (Les Mecaniciens), ‘Demasiados enemigos’ (Eskorbuto), ‘Lurralde kolpatuak’ (Baldin Bada), ‘Te apellidas fiambre’ (Tijuana In Blue), ‘Esamesaka’ (Danba)... Musikak argia ikusi zuen.